Xahubidearen antologia

Espainiako Autonomia Erkidego gehienek funtzionarien soldatak izoztu eta presio fiskala igo dute. Krisiari aurre egiteko politika hauek, zenbait erkidegoetan, ustelkeria kasuekin eta gero eta ohikoagoak diren hegazkinik gabeko aireportuekin nahasten dira

2011ko uztailaren hasieran Fomentok Toledo-Cuenca-Albacete AVE zerbitzua bertan behera uztea erabaki zuen. Egitasmo horrek 3.500 milioi euroko inbertsioa izan zuen, baina egunero, 18.000 eurotako defizita zuen, besteak beste, egunean soilik 9 bidaiarik erabiltzen zutelako zerbitzua. Bitartean, espainiar gobernuak pentsioak bere horretan uztea erabaki zuen, 1.530 milioi euro aurrezteko (bertan behera utzitako AVE zerbitzua eraikitzeak kostatu zuenaren erdia hain zuzen ere).

Azken hilabeteetan Espainian den gairik nagusiena aurrekontuetan egin beharreko murrizketak dira. Antza denez, krisi garaian bizi gara eta ez dago aurreko urteetako eredua mantentzeko nahikoa diru. Baina, non da aurreko ziklo ekonomiko positiboan lortutako diru hori guztia? Hona hemen zenbait gako.

Aireportuak

Mende honen hasieran, higiezinen sektorean izan zen boom-ari esker, Espainiak munduko ekonomiarik aurreratuenen artean kokatzea lortu zuen; zenbait unetan munduko zortzigarren ekonomiarik indartsuena izatea ere lortu zuen. Diru sarrera itzel horiekin, espainiar agintariek azpiegitura erraldoiak egiteari ekin zioten, baina inolako plangintzarik gabe. Plangintza eza horren emaitzak orain ikus daitezke.

Azken urteetan, estatuan zehar egin diren azpiegitura erraldoi zentzugabeen zerrenda amaitezina da: aireportuak, abiadura handiko trenak, autopistak, kongresu aretoak, portuak, kirol instalazioak…

Munduko herrialderik aberatsenetan ez bezala, estatuan, probintzia bakoitzeko nazioarteko aireportu bat izan behar zela zirudien. Gaur egun, 50 aireportu dira Espainian eta martxan diren proiektuak kontutan izanik, 8 urte barru, 60 bat izango dira. Alemanian, 80 miliotik gora biztanle bizi dira eta bere Barne Produktu Gordina Espainiakoaren hirukoitza izanik, bakarrik 38 aireportu dituzte. Euskal Herrian badugu honen inguruan zer esanik, izan ere, Gasteiz epizentro hartuta, 100 kilometroko eremuan beste 6 aireportu aurkituko ditugu: Bilbo, Donostia, Iruñea, Logroño, Burgos eta Santander.

Gutxienez, aipatu aireportu hauek gutxieneko trafikoa dute, baina zer esan Castelló, Huesca edota Ciudad Realeko aireportuen inguruan? Ciudad Realeko aireportuan, adibidez, Europako aireportuetako pistarik luzeenetakoa aurkitzen da (4 km inguru). Bertako politikarien asmoa Madrilgo Barajas aireportuarekin lehia zuzenean sartzea zen eta, horretarako, 1.000 milioi euro baino gehiago inbertitu ziren. Madrilekin lehiatzeko, urtean 2,8 milioi bidaiari izatea espero zen, baina, 2010ean, bakarrik 50.000 bidaiari inguruk erabili zuen aireportu hau. Udazkenean, Vueling konpainiak aireportua utzi eta, gaur egun, bertan ez da inolako hegaldirik.

Antzeko kasua Castelló-n bizi izan da. Aireportu hau 2011ko martxoaren 25an zabaldu zuten, nahiz eta oraindik hegaldiak izateko lizentziarik ez izan. Aireportu honen kostua 150 milioi eurotakoa izan da, baina ez dago bertan lan egin nahi duen konpainiarik. Azken asteetan, Valentziako zenbait institutu publikoetan berogailurik ez zela jakin izan da, hau ordaintzeko dirurik ez zegoelako. Valentziarrek badakite non den diru horren zati handi bat.

Huescan Piriniotako aireportua izan behar zena eraiki zuten, baina 40 milioitako inbertsioa egin ondoren, 2010 urtean zehar soilik 6.000 bidaiari erakartzea lortu zuen. Iaztik, ez dago inolako hegaldirik.

Antzeko kasuak jazo dira Lleidan, Leonen, Albaceten…

Abiadura Handiko Trenak

Pasa den mendearen amaieran, Aznarren gobernuak probintzia hiriburu guztiak abiadura handiko trenen bitartez Madrilekin lotzea proposatu zuen. Guztira abiadura handiko 7.000 kilometro baino gehiago izango lirateke. Gaur egun, Espainia da, Txinaren atzetik, zerbitzuan abiadura handiko kilometro gehien dituen eta kilometro gehien programatuta dituen herrialdea. Proiektu hauek guztiek 50.000 milioi euro inguruko kostua dute.

Baten batek kilometro hauen guztien beharra defenda dezake, baina benetan zaila egiten da Alcazar de San Juan-Jaen, Cáceres-Badajoz edota Zaragoza-Teruel bezalako zerbitzuen beharra ulertzea.

Abiadura handiko azpiegiturak oso garestiak izaten dira, bai eraikuntzan zein ondorengo mantenuan. BBVA Fundazioak egindako ikerketa baten arabera, abiadura handiko kilometro bakoitzaren mantenuan 30.000 eurotik gora xahutzen dira urtean zehar. Hori dela eta, zerbitzu bat ekonomikoki jasangarria izan dadin urtean 5 milioi bidaiaritik gora eraman beharko lituzke.

Autopistak

2007. urtearen amaieran, Espainian ia 15.000 kilometro autospista eta autobia zeuden eraikita. Munduan bakarrik bi herrialdek dute autopista kilometro gehiago: AEB eta Txina (biak askoz ere azalera handiagorekin).

Mende honetako lehen hamarkadan errentagarri izatetik oso urrun diren hainbat autopista eraiki dira: Cartagena-Vera (650 milioi), Madril-Toledo (445 milioi), Madril-Barajas (426 milioi), Ocaña-La Roda (565 milioi).

Autopista hauek kudeatzen dituzten enpresek (bide batez autopistak eraiki dituzten enpresekin harreman zuzenak dituztenak) estatuari laguntzak eskatzen dizkiote: datozen 20 urteetan 120 milioi euro urtero aurrera atera ahal izateko.