Amaitu da artxiboak deskargatzeko aukera?

FBI-k Megaupload itxi zuenetik P2P programen erabileran gorakada nabaria eman da

Pasa den urtarrilaren 19an, FBIk seguruenik munduan zen deskarga webgunerik handiena zen Megaupload itxi zuen. Webgune hau 2004an sortu zen Kim Schmitzen eskutik eta jada 150 milioi erabiltzaile erregistratu baino gehiago zituen. Ekintza hau mundu guztietako komunikabideetan protagonista izan zen, eta bere momentuan, pirateriaren kontra egindako ekintza moduan azaldu zen. Amerikar gobernuaren arabera, Megauploadeko kideek jabego intelektualaren kontrako delitu jarraia egiteaz gain, bestelako hainbat delitu ere burutu dituzte, hala nola, diru zuriketa, iruzur egiteko azpijokoa… Ekintza honek, hasieratik, defendatzaileak izan zituen, baina baita kritikatzaile asko ere. Anonymousek, adibidez, Estatu Batuetako hainbat erakundeetako webguneak blokeatu zituen.
Megaupload ixtearekin batera, munduko hainbat web orrialde edukirik gabe geratu ziren, bertan ziren eduki gehienak Megauploaden ziren artxiboak baitziren. Estatuaren kasuan, adibiderik garbiena, Seriesyonkis webgune ezagunarena izan zen.

Dena zen ilegala?
Megauploaden itxierak, ikusi dugun bezala, zeresan handiak eman ditu. Webguneak jabego intelektuala zuten edukien pirateria sustatzen zuelakoan itxi dute, baina artxibo guztiak ilegalak ziren? Garbi dago ezetz. Izan ere, hainbat erabiltzailek Megaupload erabiltzen zuen bere eduki propioak hodeian gordetzeko. Behin webgunea itxita, erabiltzaile hauek guztiek arazoak izan ditzakete bere artxiboak berreskuratzeko.

Eta orain, zer?
Internet erabiltzaileek izan duten erantzuna ikusita garbi dago estatubatuar agintariek ez dutela bere helburua lortu. Hasiera batean hainbat erabiltzaile nolabaiteko zigorraren beldur baziren ere, berehala artxiboen elkartrukaketak berera bueltatu zen; ez Megaupload bidez, baizik eta aurreko P2P (Peer2Peer) sistemen bidez. Sistema hauek (eMule, Ares edota Bit-Torrent) ez dute inolako zerbitzaririk behar funtzionatu ahal izateko eta elkarren artean konektatutako ordenagailuen arteko artxibo trukaketak ahalbidetzen dituzte. Jakinarazi denez, Megaupload itxi eta berehala horrelako zerbitzuek goruntz egin zuten. Guztien gainetik, BitTorrent da hazkunde handiena izan duen aplikazioa. Beste alternatibarik gabe, badirudi, momentuz hauxe izango dela pelikulak eta telesailak ikusi ahal izateko internet erabiltzaileek erabiliko duten sistema.
Berriki Megauploadeko nagusia zen Kim Schmitz fiantzapean gartzelatik atera bada ere, momentuz ez dago Megaupload bezalako deskarga zuzeneko zerbitzurik. Izan badira, artxiboak partekatzeko hainbat aplikazio, hala ere. Hauetako bat erabiltzerakoan, lau aldagarri izan beharko ditugu kontutan: zein artxibo mota igo daitezkeen, zein tamainakoak, zenbat denboraz manten daitezkeen artxibo horiek zerbitzarietan eta zenbat aldiz deskarga daitezkeen artxibo horiek. Aplikazio ezagunenak, Wupload, FileServe eta 4Shared lirateke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.