Energia, bizitza iturria

Energia ez da sortzen ez deuseztatzen, eraldatu egiten da. Hitz hauek aski ezagunak ditugu eta premisa horretatik abiatuta, natura baliabideen bitartez gizakiok energia eraldatzen dugu gure bizitza errazteko asmoarekin. Gauzak horrela, ezagutzen diren energia mota nagusienak energia ez berriztagarriak eta berriztagarriak dira. Eta bi kasutan puntu onak eta txarrak nabarmen daitezke

Energia berriztagarriak gizartean gero eta leku garrantzitsuagoa hartzen ari dira ingurumena aski zigortzen ari garelako. Iturri naturaletatik sortzen den energia mota da eta baliabide natural erabiliak eguzki-energia, haizea, euria, itsasaldiak eta bero geotermikoa dira. Iturri natural hauek agortezinak dira neurri naturalak erabiliz birsortzeko gai direlako.

Energia berriztagarriak, erregai fosilekin alderatuta, ingurumenari ia kalterik ez diote egiten. Hala ere, energia eraldatzeko erabilitako azpiegiturak instalatzeko inbertsio handiak egin behar dira eta honi erantzuna eman behar zaio.

Energia ez berriztagarrien barnean erregai fosilak eta energia nuklearra bereiz daitezke. Erregai fosilak litosferan aurkitutako hidrokarburoak dira, erregai gisa erabiliak eta energia sortzeko lehengai nagusia dira munduko energia premien %90 betetzen baitute. Batik bat erabiltzen diren erregaiak ikatza, petroleoa eta gasa dira eta eraldatzen duten energia elektrizitatea, energia mekanikoa eta gas naturala dira, besteak beste.

Orain arte eta oraindik gaur egun gehien erabiltzen diren erregaiak dira baina lehengai hauek erretzean atmosferara karbono dioxidoa isurtzen da. Baina munduko %90ean erregai fosilak erabiltzen direla eta ozono geruzaren zuloa areagotzen dela aintzat hartuta premiazkoa da erregai fosilen erabilera murriztea.

Halaber, erregai fosilen erabilera urritzea beharrezkoa da lehengaiak ahitzeko arriskuan daudelako eta mundu osoak ikaragarrizko menpekotasuna aurkezten du erregai hauekiko. Adibide gisa, aipagarri da petroleoaren kontsumoa 2004an Worldwatch Institutuak 2005ean egindako txosten baten arabera, 82,4 milioi kupeletakoa izan zela.
Zorionez, azkenaldi honetan bioerregaiak erabiltzen hasi dira, hala nola, biodiesela edota bioetanola. Biodiesela landare olioa eta animalien koipeaz eratua da eta %25 eta %80 arteko karbono dioxido isurketa gutxiago egiten ditu petrolioarekin erkatuta.

Energia nuklearrari dagokionez, erreakzio nuklearren bitartez eratzen den energia da eta energia termikoa, mekanikoa eta elektrikoan eralda daiteke. Ohikoena da zentral nuklearretan uranioaren bidezko erreakzio nuklearrak egitea helburu beliko edo pazifikoekin.

Nuklearrak, bai ala ez
Erreakzio nuklearrak ez du atmosferara karbono dioxidoaren isurketarik egiten, alabaina, nuklearrak egun arriskutsuak izaten jarraitzen dute hondakin erradiaktiboen kontuari erantzunik eman ez baitzaio. Nahiz eta istripu nuklear asko ez diren izan, oraindik zentralak ziurtasun neurri eskasiak aurkezten dituztela baieztatzen dute ekologistek. Estatuan 2007 urtean, CIS-ek egindako inkesta baten arabera, biztanleriaren %74k energia nuklearraren murrizketaren alde agertzen ziren arrisku eta hondakinengatik. Eta ez da gutxigorako. Askok izango dira buruan istripu nuklearrak dituztenak. Hala nola, Erresuma Batuako Windscalekoa (1957), Estatu Batuetako Thre Mile Islandkoa (1979), Ukrainiako Chernobilekoa (1986), Brasilgo Goianiakoa (1987) edota Japoniako Tokaimurakoa (1999). Hondakinak non uzteari irtenbidea ematea garrantzizko kontua da istripuak gertatuz gero radioaktibitatearen isuriak egoten baitira eta hauek osasunean kalte handiak sor ditzakete.
Istripu bat izanez gero, osasun efektu desberdinak izango dira materia radioaktiboekin izandako esposizioaren arabera. Alabaina, aintzat hartu behar da minbizia pairatzeko arriskuak areagotzen direla.

Halaber, ekologistek energia nuklearra ez dela energia berriztagarriekin bateragarria esaten dute. Munduan erabiltzen den energia nuklearra %6a da eta ekologistek portzentai hori energia berriztagarriek ordezkatu ditzaketela diote.

Hauek ere arazo bat ikusten dute 30 urte baino gehiago dituzten nuklearretan. Izan ere, nuklearrak urteen poderioz istripuak izateko aukerak areagotzen dira eta zentralak gero eta maiztasun handigoz gorabeherak paira ditzakete.

Aitzitik, energia mota hau defendatzen dutenen arabera, energia berriztagarriak baino askoz merkeagoa dela, energia garbia dela eta ideologia kontuak alde batera utzi behar direla. Gainera, badira ere energia nuklearra eta energia berriztagarriak elkarbizi behar dutela diotenak.

Munduan, 441 zentral jarduten ari dira eta Estatu espainolarran 8 non energiaren %19a kontsumitzen den.

Bide batez, energia, gure bizitzaren iturria izanik eta ingurumena gure bizilekua izanik, energia mota desberdinen abantaila eta desabantailak alde batera utzita, ingurumenari kalterik egiten ez dion energietan apostu egin beharko litzateke.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.