Teknologia berriek badute bere erlijio propioa

Kopimismoa erlijio ofiziala da Suedian eta bere sinbolo nagusiak Ctrl+C (kopiatu) eta Ctrl+V (Itsasi) dira.

Kopimismoa (Kopimismoaren eliza misiolaria, hain zuzen ere) suediar jatorria duen erlijioa da eta bere xede nagusia P2P-a legalki babestea da. Espresio askatasunean oinarrituta kopiatzea eta informazioa partekatzea baino gauza eder eta hoberik ez dela defendatzen dute kopimistek. Erlijioaren izena bera, ingelesezko ‘copy me’ hitzatik eratorria da. Norbaitek zure informazioa kopiatzea adeitasun seinaletzat hartu behar dela diote, horrela, zure eduki hori ona dela adierazten baita.

Erlijio honen sortzailea filosofia ikaslea den Isak Gerson da. Horrelako erlijioa Suedian sortzea ez da kasualitate hutsa izan, azken finean, herrialde honek egile eskubidearen inguruan duen legedia munduan den biguinetakoa baita. Suedian, adibidez, artxiboen elkartrukaketarako webgune mitikoa zen The Pirate Bay ere sortu zen. Gainera, Piraten Alderdiak bi eskainu lortu ditu Suediako parlamentuan.

Hasieran, Gersonek nahikoa arazo izan zituen erlijio sortu berriaren ofizialtasuna lortzeko. Horrela, pasa den urteko uztailan suediar agintariek ez zioten ofizialtasuna eman, baina, hala ere, azkenean, urte honen hasieran, Suedian, erlijio hau ofizialki ontzat jo da. Ofizialtasun hau uste dena baino garrantzitsuagoa da, izan ere, erlijio honetako fededunek kultu-askatasuna aldarrikatuz edozein informazioren kopia babesteko aukera izan baitezakete. Momentuz, Copyright inguruko lege-hausteak berean mantenduko dira Suedian, baina etorkizunean, indarrean jarriko diren legeak onartu baino lehen, jada diren 3.000 kopimisten sinesmenak kontutan hartuko dituztelakoan daude.

Ezkontzak

Kopimismoa aurrera doan erlijioa da eta, horrela, pasa den hilabetean, lehenengo ezkontza kopimista burutu zen EE.BBetako Atlanta hirian. Ezkontza, SHARE izenenko hitzaldi zikloaren barruan burutu zen. Ezkontza gidatu zuen apaizak Guy Fawkesen maskara zeraman jantzita eta emakume errumaniar bat eta gizon italiar bat ezkondu zituen hauek bere amodio, ezagutza eta sentimenduak parteka zezaten “informazioa existitzen den bitartean”.
Kopimistentzat, komunikazioa, bilaketa, ezagutzaren mugimendua eta kopiatzea sakratuak dira. Hauen ustez, komunikazioak errespetatua izan behar du eta, horregatik, jendea espiatzea edota monitorizatzea pekatutzat jotzen dute.

Estatu Batuetan ere

Suedian sortu arren, Kopimismoa indarra hartzen ari da baita Estatu Batuetan ere. Horrela, Chicagoko unibertsitateko ikaslea den Christopher Carmeanek Kopimismoaren lehen egoitza eratu du Illinois estatuan. Egun gutxitan, Carmeanek 450 jarraitzaile inguru bildu ditu bere inguruan, baina kopimistek adierazten duten bezala, jada milioika dira mundu osoan kopimismoak defendatzen dituen jarduerak egunero burutzen dituztenak. Isak Gerson sortzaileak berak adierazten duen bezala, “ezagutza eta kultura partekatzen dugunean pertsona hobeak egiten gara”.

Dena den, hainbat estatuetan artxiboen partekatzea ahalbidetzen zuten webguneak legetik kanpo uzteko eman diren lege aldaketek etorkizuna ilundu diote erlijio berriari.