3Dko euskal mendi-mapak kontsultatzeko aplikazioa

Maria Teresa Ruiz Monzón UPV/EHUn Informatika bukatu berri duen ikaslea da eta bere karrera-amaierako proiektuarako Android sistemadun smartphoneetan hiru dimentsioko geolokalizazioa baliatu ahal izateko aplikazioa garatu du. “Google Earth-en antzekoa da, baina asmo zehatzagoa dauka”, azaldu du berak. Izan ere, mendizaleentzat pentsatuta dago, mendian lainoa sartuz gero bidea aurkitzeko gai izan daitezen, telefonoaren pantailari begiratuta. Dena lausotuta ageri denean, mapa arruntek nekez lagundu dezakete nork bere burua kokatzen, ez eta amildegi batera gehiegi gerturatzen ari ote diren jakiten ere. Beharrizan horiek asebetetzen ditu hiru dimentsioko aplikazio honek.

Askotariko ezagutzak, sistemak eta datuak batu behar izan ditu Ruizek proiektua egiteko. Android sistema ondo menderatzeaz gain, harekin batera baliatzeko moduko programa batzuk txertatu behar izan ditu. Bestalde, bideojokoetan oinarritu da hiru dimentsioko lurrazalak marrazteko, eta Eusko Jaurlaritzaren www.geoeuskadi.net webgunetik hartu ditu erliebedun mapak eta EAEko gainerako datu geografikoak. Baina, mapa guztiak xehetasun handiz bildu ez ezik, erabiltzailea non dagoen eta horrenbestez zer mapa erakutsi behar dion jakin ere egin behar du aplikazioak. Smartphoneek izan ohi duten iparrorratz elektronikoa baliatu du informatikariak horretarako: “Iparrorratza kamera moduan erabiltzen dut. Telefonoa nora begira dagoen detektatzen dut, eta zati horretan dagoen lurrazala marrazten diot, hor zer dagoen ikusteko”.

Baita Internet gabe ere
Unean uneko geolokalizazio-kontsultak egiteko, noski, Interneten beharra du tresna honek, eta sare bidez halako fitxategi mardulak deskargatzeak luze jo dezake. Horrelakoetan aplikazioak huts egin ez dezan, mekanismo bat garatzen aritu da Ruiz. “Deskargak beste plano batean egiten dira, aplikazioak martxan jarraitu dezan, nahiz eta oraindik fitxategi guztiak ez izan. Deskargatzen ari den bitartean sakelakoa erabiltzen jarraitu ahal izatea da asmoa”, azaldu du.

Dena dela, kontuan izan behar da sakelakoak sarri geratzen direla estaldurarik gabe mendian, eta horrelakoetan ezin Internet erabili. Hain zuzen ere, sarerik gabe funtzionatzeko aukera ere badu Ruizen aplikazioak. Hori bai, horretarako, etxeko lanak aurrez egin behar dira: “Fitxategiak aurrez zure etxean eta txartel batean deskargatzen badituzu, egin daiteke”.

Karrera-amaierako proiektua defendatuta, Informatikako ikasketak bukatu ditu Ruizek, baina berak sortutako aplikazioa garatzen jarraitzeko asmoa du oraindik ere. “Gutxieneko hobekuntza batzuk egin behar zaizkio, baina uste dut badagoela merkaturatzeko aukera. Oraindik ez dakit saldu egingo dudan, edo kodea askatu… Baina badaude aukerak. Ikusiko dut”, esan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.