Mikel Sánchez (Stop Desahucios): “Sakoneko aldaketarik gabe kaleratzeen arazoa ez da konponduko”

Zenbat kaleratze izan dira aurten EAEn?

Botere judizialeko Kontseilu Gorenak igorritako estatistiken arabera, 2011an Hego Euskal Herrian 2.578 kaleratze agindu ziren, hau da, eguneko 7 kaleratze. 2012ko lehen hiruhilekoari dagokionez, kopuru horrek goraka egin duela ikus daiteke, 1.657 kaleratze agindu eman direlarik, eguneko 18. 2007ko urtarriletik hona, estatuan 300.000 familia kaleratuak izan direla zenbatetsi da.

Zenbat kaleratze daude exekuzioaren zain?

Benetan zaila egiten zaigu etorkizunean zenbat kaleratze izango diren jakitea. Argi dugu arazoa egunetik egunera handiagoa eta larriagoa dela. Kontuan hartzen baditugu langabezia-tasaren datuak, lan baldintza gero eta kaxkarragoak eta azken urteetan ongizate estatuari etengabe egiten ari zaizkion murrizketak, kaleratzeena gero eta herritar gehiagori eragingo dion arazoa bilakatuko da.

Zein modutan laguntzen die zuena bezalako erakunde batek kaleratze bati aurre egin behar dioten pertsonei?

Lehenik eta behin, mailegu betearazpen baten aurrean dauden edo etorkizunean arrisku hori izan dezaketen pertsona oro, mesedez gurea bezalako kolektibo batekin harremanetan jar daitezela eskatu nahi genuke. Zenbat eta azkarrago heldu arazoari, orduan eta aukera gehiago izango baititugu irtenbideak bilatzeko. Gainera beraien arazo berdina edo antzekoa duten beste kaltetuekin harremanetan jarriko dira, eta horrek benetan lagunduko die mundu mailako iruzur baten biktima direla ulertzeko, eta ez bankuek sinestarazi nahi dieten bezala, egoera horren errudunak. Hori da gure funtsezko lana, kaltetuen arteko zubi lana egin eta denak elkarrekin eta baturik egoera aldatzeko borrokatu daitekeela ikustarazi. Bestalde, eta aholkulari talde bat ez garela argi utziz, prozesu horietan zein pauso eman behar dituzten azaltzen diegu: banketxearekin negoziatzera laguntzen diegu, epaitegietan doako justizia zerbitzuaren tramitazioan lagundu, beraien abokatuak aholkatu edo kasua publiko egin gizartearen erantzun bateratu bat bilatze aldera.

Zein proposamen egiten dituzue kaleratzeak ekiditeko?

Herrialde honetan etxebizitzaren arazoa ez da arazo berria, eta oso kontziente gara, sakoneko aldaketak eman ezean, kaleratzeen drama ez dela behin betiko geldiaraziko. Une honetan, estatu mailan gauzatzen ari den Herri Ekimen Legegile (HEL) bat bultzatzen dihardugu, estatuko beste kolektibo eta plataformekin batera, helburu nagusi batekin: legea aldatu eta egoera honi soluzioak bilatu. Oinarrian 3 gauza eskatzen ditugu: ohiko etxebizitza kasuetan mailegu betearazpen guztiak geldiaraztea; bigarrenik, kaltetuak etxebizitza ordainean ematearen aukera bermatzea; eta azkenik, kaltetuari ordura arteko etxebizitzan alokairu sozial baten truke bizitzen geratzeko aukera bermatzea, 5 urtez eta bere irabazien % 30 gainditzen ez duen kopuruarengatik

Nola baloratzen duzue banketxeek arazo horretan duten jarrera?

Erakunde finantzarioak higiezinen burbuilaren sortzaile nagusiak izan dira eta izugarrizko etekinak atera dituzte boladarik oparoenean. Orain, krisi egoeran murgilduta gaudenean, arazoa beraiena ez dela esan eta negozioa egiten jarraitu nahi dute milaka familia kaleratuz, etxebizitzarekin geratuz eta ordaintzeke den zorra erreklamatuz. Puntu honetan Kutxabankek kaltetuekin duen jarrera negargarria salatu nahi dugu. Bi arrazoi nagusirengatik azpimarratu nahi dugu hau: lehenik, Kutxabankek Euskal Herriko maileguen % 60-a bereganatzen duelako; eta bigarrenik, pentsatzen genuelako euskaldun guztien kutxa zerbait ezberdina zela, gertukoa, ulerkorra, herritarron beharrak asetzeko zerbitzua eskaintzen zuena… eta konturatu gera, gutxienez, betiko bankuak bezain berekoi eta zekenak direla. Kutxabanken jarrera, kaltetuak bakarrik egon diren bitartean, hauek umiliatzearena izan da. Orain gizartearen begirada beraiengana zuzendua dagoela itxurak gordetzen dituzte, baina ez dute inondik inora beraien etekinak handitzea ez dakarren soluziorik planteatzen

Eta erakunde publikoena?

Erakunde ezberdinek eskaini dituzten neurriak, tapaki soilak izan direla ziurtatu dugu. PPko gobernuak, 2011ko martxoaren 9an dekretu bat onartu zuen, bertan kaltetuek entitate finantzarioekin zuten zorra erregulatzeko zituzten aukerak arautzen zirelarik. Planteatzen ziren neurriak egokiak baziren ere, kaltetuek dekretuari atxikitzeko bete beharreko baldintzak aplikaezina bihurtzen zuten hau.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak aurtengo maiatzean abian jarri zuen kaltetu eta entitate finantzarioen arteko Bitartekaritza Zerbitzu bat. Arazoaren dimentsioa ikusirik oso emaitza eskaxak izan direla aipatu behar dugu. Zerbitzu honek banketxea ezertara konprometitzen ez duen heinean hauek dute azken hitza eta, orain arte, erakutsitako borondatea hutsaren hurrengoa dela esan dezakegu.

Gure ustez, legedian aldaketa sakon bat egon ezean egoera dramatiko hau bizi duten familientzako ez da benetako soluziorik egongo, eta konpetentzia hori Estatu Espainiarreko gobernuari dagokio.

Zer gertatzen da kaleratze bat pairatu duten pertsonekin?

Mailegu betearazpena, kaltetuak erabateko babesgabetasun egoeran uzten dituen prozedura gupidagabea da. Pertsona batek maileguaren 3 kuota ordaintzeari uzten dion unean, entitateak zordun izendatu eta % 17tik % 29ra bitarteko interesak aplikatzen dizkio. Honela gero eta diru gehiago zor dio bankuari, normaltasuna berreskuratzea galarazten diolarik. Une horretan, entitate finantzarioak kaltetuaren aurkako prozedura judizial bat has dezake. Mailegua sinatu eta hurrengo lehenengo urteetan normalena interesak ordaintzea izaten da, hortaz entitateak erreklamatzen duena eskaturiko maileguaren kopuru berbera izan daiteke. Eta honi, lehen aipaturiko interesak gehitzen zaizkio eta baita epaiketa kostuak ere, hainbat kasutan, maileguaren % 30ekoak izan daitezkeelarik.

Normalean prozedura hauek etxebizitzaren enkantearekin amaitzen dira, ohikoena entitate finantzarioak bereganatzea izaten delarik tasazio balioaren % 60agatik. Etxebizitza galtzeaz gain, entitateak gainontzeko %40a ere exijitzen du eta, horretarako, abal-emaileen etxebizitza beregana dezake edota mailegua sinatu zutenen nominak bahitu. Egoera honek, milaka familiak bizitza berri bat izateko aukerarik ez izatea dakar nahiz eta, gerora, beraien egoera hobetu, zordun izaten jarraituko baitute.

Hilabete batzuen bueltan, entitate finantzarioak etxebizitza borondatez uztea eskatzen dio familiari eta honek horrela egin ezean poliziaren eskuetan uzten dute ekintza, kaltetuak etxebizitzatik behartuta atera arte.

Posible al da kaleratze hauek guztiak arautzeko legedia garatzeko? Borondaterik ikusten al duzue?

Posiblea da eta berehala egiten ez baldin bada borondate politiko faltagatik besterik ez da. PP eta PSOEk askotan bota dituzte atzera diputatuen kongresuan, etxebizitza ordainean ematea bezalako neurriak, hau da, etxebizitza ematean zorra kitatzea. Ondorengo hilabeteetan legea aldatzeko beste aukera bat izango dute HEL-a kongresura iristen denean eta hemen ikusiko da egoera honi soluzioa eman nahi dioten ala ez.

Gainera, Kutxabank-en ardura duten EAJ eta PP-k orain arte ez dute ezer egin benetan egoera konpontzeko. Beti gailendu dira entitate finantzarioaren etekinak gizartean bete behar duten funtzio soziala baino, eta gogoan izan behar da aurrezki kutxak horretarako sortu zirela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.