Guremovie: Zinea sustatzeko ideia berriak

Krisiak modu latzean astindu ditu kulturako sektore desberdinak eta ikus-entzunezko ekoizpenak ere horren adibide ditugu. Iluntasun honen barruan, ostera, bada argi izpi bat: Guremovie plataforma. Hau elkarlaneko ikus-entzunezko ekoizpenerako gazteleraz eraikitzen den aurreneko plataforma da eta, bertan, ikus-entzunezko eremuan lan egiten duten profesional, enpresa eta zaleek ekoizpen talde, laguntza, finantziazioa edota banaketa lortzeko beharrezkoak dituzten tresna eta zerbitzuak aurki ditzakete.

Guremovie plataforma Asier Moreno eta Gotzon Sanchezen ideia izan da. Biek web orrialde bat garatu dute (www.guremovie.com) eta esan bezala, zerbitzu desberdinak eskaintzen dituzte enpresa zein profesional eta zaleei. Plataformaren xede nagusienetako bat hauen arteko sareak eraikitzea da. Sortzaileek adierazten duten moduan, IKTek gero eta garrantzia handiagoa dute eta hauen garapenarekin batera, ikus-entzunezko edukien ekoizpen, finantziazio eta banaketa eredu berriak sortu dira. Teknologia berrien garrantziarekin batera, garai latz hauetan elkarlanerako kulturak ere hazkunde nabaria izan du. Zentzu horretan, Morenok eta Sanchezek, software librearen kasua adibidetzat hartuta akaso, etekin ekonomikoen garrantzia bigarren maila batean utzita, ideiak partekatzearen garrantzia azpimarratzen dute. George Bernard Shaw parafraseatuz, “zuk sagar bat baduzu eta nik beste bat, elkar trukatzen baditugu, bakoitzak sagar bat izaten jarraituko du. Baina zuk ideia bat baduzu eta nik beste bat, elkar trukatzen baditugu bakoitzak bi ideia izango ditu” gehitzen dute Guremovieko sustatzaileek.

Gure artean ekimen guztiz berria izan arren, atzerrian jada proiektu desberdinak garatu dira formula hau erabiliz, hala nola, “El Cosmonauta”, “Iron Sky” edota “A swarm of angels” lanak.

Nola funtzionatzen du

Sareak eraikitzeaz gain, Guremovieren xedea erabiltzaileen lana erraztea da, bai proiektuen ekoizpena lagunduz, bai ibilbide profesionalakw sustatuz.

Plataformaren funtzionamendua oso sinplea da. Ikus-entzunezko proiektu bat garatu nahi baina laguntza behar duen edonork, ekimena aurkeztu ahal du plataforman. Proeiktuak plataformaren araudia betetzen badu, gune berezi bat sortzen da ekimen horretarako eta bertan, ekimenaren azalpena egiten da (gidoia, bideoak…), zein behar dituen (aktoreak, materiala…), ordainsariak izango diren ala etekinak banatuko diren… Proeiktuan interesa azaltzen dutenek ekimena lagundu ahal dute bai ekarpen material edo lanaren bidez eta proiektuaren sustatzaileak beti izango du aukera laguntza horiek onartzeko ala ez edota laguntza gehiago eskatzeko. Modu horretan, sustatzaileak bere ekimena aurrera ateratzeko aukera izango du.

Proiektuen ekoizpenari dagokionez, eskaintzen den zerbitzurik bitxienetako bat crowdfunding delako finantziazioa litzateke. Plataforman sortutako ekimen guztiek finantziazio modu hau eska dezakete eta sustatzaileek finkatzen dute lortu nahi duten diru kopurua. Nahi duen edonork, ekimena gustokoa badu, bere ekarpen ekonomikoa egin dezake. Diruaren truke, pertsona horiek sari bat jasotzen dute, aldez aurretik sustatzaileek erabakitakoa. Ekimenak aurrera egiten ez badu, dirua bueltatzen da.

Plataforma, era berean, edukiak banatzeko tresna ere bada. Webgunean bertan hainbat ekoizpen ikus daitezke eta hauen sortzaileek dirua jaso ahal dute bertan jarritako publizitatearengatik.