Genero indarkeria gazteen artean

Gizarte orok du genero egitura bat eta, kasu gehienetan, horietan gizonak dira nagusi. Azken hamarkadetan berdintasunaren bidean pausu garrantzitsuak eman diren arren, oraindik ere hainbat gauza daude egiteke.

Gipuzkoan egindako ikerlana

Ildo horretan, iaz Gipuzkoako Foru Aldundiko Laguntzak, Gizarteratze eta Enplegu Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin egindako ikerlanak eman dituen emaitzak kezkagarritzat jo daitezke. Aipatu ikerlanaren xedea izan da Gipuzkoan den genero indarkeriaren ezaugarri eta arrazoietan sakontzea. Bertatik ateratako ondorioak kezkagarriak dira, besteak beste, oraindik ere gero eta gazte gehiagok pairatzen edo gauzatzen duelako genero indarkeria.

Estatistiken arabera, genero indarkeria kasu gehienak 18 eta 40 urte bitarteko pertsonen artean ematen dira eta datu hori eskuan izanda, nahi baino iraunkorragoa izan daitekeen arazoaren aurrean gaudela susma daiteke. Teorian, emakumeen kontrako indarkeria inork onartzen ez duen afera izanik, oraindik bikote, familia edota adiskidetasun harremanak bezalako mikro-errealitateetan jokabide matxistak toleratzen jarraitzen dira.

Indarkeria, bere adierazpenik latzenean, egunerokoago baten iceberg-aren tontorra da, izan badelako, gizon eta emakumeen arteko harremanetan, hautematen zailagoa den indarkeria estruktural eta sinboliko isilago bat.

Estatistiken arabera, genero indarkeria kasu gehienak 18 eta 40 urte bitarteko pertsonen artean ematen dira

Txikitatik jasotzen dugun sozializazioak generoetan banatutako estereotipo batzuk jarraitzen ditu. Gizon zein emakumeei dagozkien rolak behin eta berriro errepikatzen dira familia, eskola, hedabide, eta abarretan. Eredu horiek, arazoaren muinean kokatzen dira, gizarte egitura asimetrikoa mantentzen laguntzen dutelako.

Emakumeen kontrako indarkeria

Gazteek emakume eta gizonezkoen arteko desberdintasunak iraganean jazo den zerbait izango balira bezala sentitu ohi dituzte eta emakumeen kontrako indarkeriak emakume izatearekin zerikusirik ez duela ere pentsatu ohi dute. Indarkeria horren arrazoien inguruan galdetzean, horiek indibidualak direla adierazten dute (trebakuntza eskasa, bikote mota…) eta, ondorioz, zigorrak ere indibidualak izan beharko luketela adierazten dute.

Adibidez, 2008an Mila Amurriok Bilboko 18 eta 20 urte bitarteko gazteekin egindako “Violencia de género en las relaciones de pareja adolescentes y jóvenes de Bilbao” ikerlanaren arabera, bilbotar gazteek biolentzia fisikoa indarkeriatzat jotzen zuten argi eta garbi, baina, ondoren, hori ekiditeko beharrezkoak liratekeen aldaketa estrukturalen alde egin beharrean, bakarkako neurri eta zigorren alde egiten zuten. Lan berean, gazteek indarkeria psikologikoa eta intentsitate baxuagoko bestelako indarkeriak identifikatzeko zailtasunak azaldu zituzten.

Gipuzkoan egindako ikerketara bueltatuz, bertan 15-16 urte bitarteko 12 gazterekin egin zen lan. Metodologikoki, gazte horiek bizi izandako esperientzien kontakizunarekin bi profil diseinatu ziren: Amets izeneko neska eta Amets izeneko mutil bat. Sortutako bi profil horiek alderatuz, gazteen artean ematen diren egungo desberdintasunak ez ezik emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoiak ere aztertu nahi izan dira. Hori lortzeko, besteak beste, mikromatxismoa, neomatxismoa, amodio erromantikoa, ohiko genero ereduak edota sozializazio eremu desberdinetako desberdintasunak bezalako gaiak jorratu ziren.

Genero harremanak aisialdian

Gazteen artean gauzatzen diren genero harremanak eta horiekin lotutako desberdintasunak aztertzeko aisialdiak aukera ezin hobea ematen du. Ildo horretan, duela hamar urte inguru, UPV/EHUko Jone Hernándezek, Kontxi Berrio-Otxoak eta Zesar Martínezek horren inguruko ikerketa bat burutu zuten.

Gizon zein emakumeei dagozkien rolak behin eta berriro errepikatzen dira familia, eskola, hedabide, eta abarretan.

Aisialdiak, ikasketekin edota bestelako betebeharrekin okupaturik ez dagoen denboratzat ulertuta, funtsezko papera jokatzen du gazteen sozializazio prozesuetan, besteak beste, norberaren subjektibitatea garatzeko eta adierazteko aukera ematen dielako. Aipatu ikerlanan, UPV/EHUko irakasleek hiru esparru jorratu zituzten:

  • harremanak (norekin?)
  • jarduerak (zertan?)
  • espazioak (non?)

Azken horretan, ikerlariek lau gune bereizi zituzten: konpartituak, monitorizatuak, birziklatuak eta berezkoak (taberna guneak, diskotekak, lonjak, gaztetxeak…) Azken gune horietan gazteek beren aisialdia bete-betean bizitzeko aukera dute eta horietan ikus eta uler daiteke gazte izatea zer den. Beraz, gazteen izaera aisialdia garatzen duten guneen ezaugarrien araberakoa dela susma daiteke.

Izan ere, Jone Hernándezek azpimarratzen duen bezala, gaur egun aisialdia antolatu beharreko denbora bilakatu da eta horrela, aisialdia eginbeharrik gabeko denbora izatetik betebeharreko denbora izatera pasatu da. Gainera, sarritan, denbora hori betetzea izaten da garrantzitsuena, berdin dio zein jarduerarekin. Ikerlan desberdinen arabera, gaur egungo gazteek jarduera publikoaren pribatizazioaren alde jo dute, lonjen kasua nabarmenena delarik. Carles Feixak fenomeno hori ilustratzeko muturreko bi adibide ematen ditu: Hackerrak eta Hikikomoriak. Lehenek informatika bere mundua bilakatu dute eta bere gelako ‘bakardadean’ aske sentitzen dira. Hikikomoriak, berriz, 20 inguruko gazte japoniarrak dira eta kanpoko gizatearen beldur edo, bere logeletan espetxeratzea erabakitzen dute eta harreman bakarra Interneten bidez mantentzen dute.

Muturreko adibideak izan arren, biek ala biek ezaugarri amankomun bat dute: Internet. Eta honek berebiziko garrantzia hartu du gazteen aisialdian, hauen harremanak, hein handi batean digitalizatu direlarik.