Juan Luis Fuentes: “Euskal emakumeen futbol maila oso ona da”

Aurreko denboraldian bigarren geratu zineten bai ligan bai erreginaren kopan. Aurten iaz lortutakoa hobetzea izango duzue helburu, ezta?
Jakin badakigu iaz lortutako emaitzak hobetzea zaila izango dela. Aurreko denboraldia oso ona izan zen baina, zoritxarrez, ezin izan genuen txapelketarik irabazi. Denboraldi bakoitza desberdina da, talde guztiak zerotik hasten gara, eta amaieran txapelketaren bat irabazteko aukera izatea da gure xede nagusia. Garbi dago irabazteak taldeak egin duen lan horri guztiari behar bezalako amaiera emango liokeela, bai astero jarraitzen gaituzten zaleei eskeini ahal izateko eta baita taldearentzat berarentzat ere.

Zeintzuk dira gizonezko eta emakumezkoen futbolaren arteko alderik nabarmenenak? Nola murriz daitezke alde horiek?
Aldeak bi mailatan ematen dira. Alde batetik, profesionaltasunari dagokionez bi mundu guztiz desberdinak dira. Gizonezkoen kasuan, mugitzen den dirutza izugarria da eta horrek profesionaltasun maila altuagoa eskatzen du. Gizonek aukera dute ehuneko ehunean futbolean aritzeko, horretarako baliabideak dituztelako eta etorkizunera begira irtenbide profesionala izan daitekeelako. Nesken kasuan, berriz, baita mailarik altuenean ere, amateurtzat jo daiteke, nahiz eta denbora eta dedikazioari dagokionez profesional osoak izan. Zorionez, Athletic eta Erreala bezalako taldeen lanari esker aurrerapauso handiak ematen ari dira bide egokian.

Bestalde, kirol mailari dagokionez, jokoa oinarrian berdina izan arren, gizon eta emakumeen artean diren alde fisikoengatik ematen diren aldeak ditugu (indarra, abiadura…) Honek jokoaren erritmoan eragiten du, baina ez erakargarritasun edota emozioan. Gainera, emakumezkoen futbol maila gero eta altuagoa da, batez ere harrobian egiten den lanari esker. Gizonezkoen kasuan bezala, zenbat eta zabalagoa izan piramidearen oinarria orduan eta piramide altuagoa egiteko aukera eta hori, azkenean, elitezko talde hobe batean islatzen da. Orain Athleticek egiten duen lana oso garrantzitsua da, belaunaldi gazteek non begiratzea dutelako. Bizkaiko edozein neskatoarentzat Athleticen jokatzea helburu izan behar du.

Eta jokoari dagokionez?
Emakumezkoen ligan jokatzen dugun hainbat taldek zalearentzat entretenigarria eta ikusgarria den jokoa egiten dugu. Hala nahi duen edonor Lezamatik pasa daiteke gure partiduetako bat ikustera eta gure jokalariek duten maila egiaztatzera. Gainera, lehen postuetan den beste talde baten kontra bada, kirol honek eman dezakeena ere ikusteko parada izango du.

Nesken artean bere kirol lorpenak behar bezala baloratzen ez direnaren sentsazioa al da?
Nirekin dauden jokalari guztiek lan handia egiten dute emakumezkoen futbolak gero eta aintzatespen handiagoa izan dezan baina, era berean, garbi dute, gaur egun, gizonezkoen futbolak interes guztia batzen duela. Athletic bere jokalarien esfortzua baloratzen duen talde bat da, baina egia da, oro har, emakumezkoen lorpenek askoz ere oihartzun eskasagoa dutela gizonezkoekin alderatuta. Hori argi eta garbi ikus daiteke, adibidez, hedabideetan.

Hedabideetan oihartzun handiagoa izateak, batez ere telebistan, emakumezkoen futbolaren egoera hobetzen lagunduko luke?
Bai, zalantzarik gabe. Hedabideetan den oihartzunak kirol baten garapenean eragin zuzena du. Hedabideetan izateak, gainera, baliabide ekonomikoak ere erakartzen ditu, eta horrek gizonezkoek dituzten baldintzekin parekatzea ahalbidetuko luke. Baliabide ekonomiko handiagoekin taldeek jokalarien baldintzak duinago egiteko aukera izango lukete.

Hedabideetaz gain, erakunde publikoek eta kirol arduraren bat duten bestelako erakundeek ere laguntza handiagoa eman beharko lukete emakumezkoen futbolak merezi dituen baldintzak bermatzeko: zelaiak, egoitzak, betebeharrak… Zentzu honetan, mundu honen barruan lan egiten dugunok ere kirol hau gero eta erakargarriago egiteko helburua izan behar dugu.

Pasa den denboraldiaren amaieran emakumezkoen euskal futbol selekzioaren debuta izan zen. Nolakoa da emakumezkoen euskal futbolaren maila?
Euskal futbolaren maila oso ona da. Lehenik eta behin, bere lehiakortasun maila ezin da zalantzan jarri; Athleticek, adibidez, jokatu diren azken hamar ligetatik lau irabazi ditu. Gainera, Erreala bezalako taldeek ere aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte. Etorkizunera begira, baikor izateko arrazoiak daude, batez ere oso modu egokian lan egiten ari delako. Osasunak ere apostu handia egin du lehen mailako talde bat izateko eta Aurrera de Vitoria ere emakumeekin ondo lan egiten duen taldea da. Modu zuzenago batean ezagutzen ditudan talde guztietan emakumezkoen baldintzak hobetzeko interesa dago eta horrek mesede egingo dio emakumezkoen futbolari Euskadin.

Emakumeen taldearen ardura hartu baino lehen Athleticeko harrobian egin duzu lan hainbat urtez. Errazagoa al da maila gorenera iritsi diren neskak entrenatzea ala oraindik prestakuntza prozesuan diren gazteak entrenatzea?
Maila bakoitzak bere zailtasunak eta sariak ditu. Jokalari gazteei dagokionez, futbolaren oinarrizko kontzeptuak irakasteaz gain, funtsezkoa da, lehiaketaren gainetik, eguneroko lanari garrantzia ematea eta xehetasunetan erreparatzea. Taldearen mesederako den esfortzuaren balorea eta etengabe hobetzearen garrantzia irakatsi behar dira. Profesional izatetik gertu diren jokalari gazteak entrenatzen dituzunean, berriz, helburua hauen gaitasun eta trebeziak azalaraztea da.

Emakumeen kasuan, hasieratik gehien erasan ninduena bere heldutasuna izan zen. Interes eta ardura bikainarekin entrenatzen dute eta profesional oso baten mentalitatea dute, nahiz eta, halabeharrez, futbola eta bizitza profesionala edo ikasketak uztartu behar izan hainbat kasuetan. Neskek garbi dute ezin izango dutela futbolan lortzen duten diruarekin bizi. Gizonezkoetan, berriz, gero eta gehiago dira futbola irtenbide profesionaltzat hartzen dutenak eta ikasketak alde batera utzi nahi dutenak. Hau akats bat da, ikasketek ez dutelako kirol praktika oztopatzen. Ostera, ikasketek kirol praktikaren lagungarri izan daitezke, diziplina eta pertsonaren trebakuntza integralean laguntzen dutelako. Athleticen hau beti lehentasun bat izan da eta jokalariek bere kirol ibilbidean zehar trebakuntza alde batera ez uztea saiatzen gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.