Bizitza osoa lau pareten artean

Etimologikoki, Hikikomori terminoak, japonieraz, “etxean sartuta geratzea” adierazten du. Japonian, ia milioi bat gazte Hikikomori bilakatu dira, hau da, etxean sartuta geratzen dira denbora epe luzez. Ikerketa baten arabera, Hikikomorien % 40ak urtebete eta bost urte bitartean ematen du giltzapetuta bere gelan. Gaixotasuna ala fenomeno soziologikoa, Hikikomoriena munduan zehar barreia daitekeen arazoa bilakatu da. Munduko beste hainbat lekutan Japoniako Hikikomoriak imitatzen dituzten gazteen kasuak azaltzen hasiak dira.

Hikikomorien fenomenoa pasa den mendearen amaieran sortu zen eta hamarkada eskas batean japoniar gazteriaren %10a jada fenomeno honetan murgilduta aurkitzen omen da. Hikikomoriak bolondreski bere etxeko gela batean giltzapetzea erabakitzen duten gazteak dira. Hikikomori gehienak mutilak izaten dira eta adituen ustetan, sozializatzeko arazoak dituzten pertsonak izaten dira. Antza denez, japoniar gizartearen zorroztasunak zerikusi handia du fenomeno honen sorreran, baina kultura horretan lehen positibotzat jotzen zen bakartasuna arazo larria bilakatzen ari da.

Esan bezala, Hikikomoriek bere gelan giltzapetzea erabakitzen duten gazteak dira. Giltzapetuta dauden bitartean ez dute ia inolako harremanik kanpoko jendearekin. Harreman guztiak interneten bidez eraikitzen dituzte eta normalean bestelako Hikikomoriekin izaten da. Giltzapetuta dauden epe horretan gazte hauek ez dute ez lanik ez ikasketarik burutzen. Itxialdia amaitzea erabakitzen dutenean, gazte hauek arazoak izaten dituzte berriz ere gizarteratzeko, itxita izan diren epe horretan hainbat trebetasun sozial galtzen dituztelako. Eskolan galdutako denbora guztia ere berreskuratu behar izaten dute.

Egun luzeak

Gezurra badirudi ere Hikikomoriek ia egun osoa lotan ematen dute. Gauetan, berriz, bideojokoetan jolasten dute, bestelako Hikikomoriekin harremanetan edo telebista ikusten. Hori dela eta, bideojokoetan eta telebistan ikusten duten mundua bilakatzen da bere erreferente bakarra. Adituen ustetan, Hikikomoriek harreman estua dute Otakuekin, hots, komiki eta bideojokoen fanatikoekin.
Espiral horretatik ateratzeko funtsezkoa izaten da familiaren laguntza, baina japoniar gizartearen izaera dela eta, familia lagungarri izan beharrean oztopo bilakatzen da. Izan ere, japoniar familiarentzat Hikikomori bat izatea lotsagarria da eta ondorioz, arazoa ezkutatzen saiatzen dira. Profesional baten laguntza eskatzen dutenerako denbora dexente igaro da eta, ondorioz, terapia ere zailagoa suertatzen da. Momentuz, fenomeno hau konpontzeko bide bakarra tratamendu psikologikoa dela onartzen dute aditu guztiek. Terapiak modu zuzenean burutu behar dira gizarteratzea traumatikoa izan ez dadin. Normalean Hikikomori gehienak lotsatu egiten dira izandako jarrerarekin eta bere iragana borratzen saiatzen dira. Besteek honen berri izan ez dezaten, behin gizarteratuta ere, lagun gutxi izateko joera azaltzen dute Hikikomori ohiek.

Kasurik extremoenetan, Hikikomorien jarrera jarrera biolentoan amai daiteke. Hainbat kasutan gurasoekiko biolentzia erabiltzen dute bere helburuak lortzeko baina izan badira gizarteratu ondoren bestelako delitu larriagoak burutu dituzten Hikikomoriak: Erahilketak, bahiketak, bortxaketak…