Olentzero joan zaigu mundura lanera

Zer egiten du Olentzeroren bilobak munduan zehar bidaiatzen? Nola sortu zen ideia hau?
Ideia duela zenbait urte sortu zen. Gabonak zirela eta, Olentzero lanak burutu behar izan nituen Bilboko auzo batean, umeen gutunak jasotzen etab… Gutun hauetako asko ume etorkinen gutunak ziren eta hauetan ume hauek bere jaioterrian utzitako senideentzako opariak eskatzen zituzten. Ideia hori buruan bueltaka izan nuen eta, hasieran, munduan zehar bidaiatzen zuen Olentzeroren bilobaren inguruko istorio bat idazten hasi nintzen. Istorioa idazten ari nintzela nik neuk Olentzeroren bilobaren papera bete nezakeela pentsatu nuen eta zenbait lagunen laguntzarekin ekimena gorpuzten hasi zen.

Euskal Herria txikia geratu al zaio Olentzerori?
Gure gizartea dexente aldatu da azken urte hauetan eta, gaur egun, Euskal Herriko edozein herritan atzerritik etorritako haurrak ikus daitezke. Esan bezala, Olentzerori bidalitako gutun horietan guztietan haien jaioterriko helbideak azaltzen ziren (Maroko, Senegal, Kolonbia…). Olentzerok bere lana bete behar zuenez, haur hauen eskaerak ere bete ahal izateko Euskal Herritik kanpo atera behar izan du. Olentzero zaharra bere baserrian gustura dagoenez eta Euskal Herrian jada lan handia duenez, bere bilobari egokitu zaio munduan zehar bidaiatzea. Bidaia hauei esker, gainera, gurea den ohitura bat munduan zehar ezagutzera emateko aukera dugu eta, bide batez, guk geuk ere beste herrialdeetako ohitura ere ezaguzteko aukera dugu.

Zein da ‘Olentzero munduan/Arraun the world’ ekimenaren funtsa? Nondik dator arraun bat erabiltzearen ideia?
Esan bezala ekimen honen xede nagusia Euskal Herrian diren ume etorkin horien guztien nahia betetzea da. Horrela, Olentzeroren bilobak egiten dituen bidaia hauetan Euskal Herrian diren haur horien senitartekoak bisitatzen ditu hauei opariak emateko. Opariek ez dute zertan materialak izan behar eta, sarritan, gutunak edota bideomezuak izaten dira.
Arraunaren garrantzia ekimenaren izenean bertan dago: Arraun the world. Ingelesarekin egindako hitz joko bat da, ingelesezko ‘Around’ eta euskarazko ‘Arraun’ antzeko fonetika baitute. Hitz joko hori aprobetxatuz arrauna ekimen honen sinboloa bilakatu da. Arrauna ere elkartu eta, era berean, urrundu egiten gaituen itsasoa zeharkatzeko sinboloa da. Baina arraunaz gain, bestelako garraiobideak ere erabiltzen ditu Olentzeroren bilobak, hala nola, patinetea, bizikleta, auto-stopa… Arrauna ezinbestekoa da proiektu honetan Amomaren opari bat delako, eta Itsasoaren ondoan bizi garen guztiok beti daramagu hura geure barnean; arrauna eramateak hori gogorarazten digu.

Zerk txunditu zaitu gehien bidaia hauetan?
Bidaia hauek guztiz harrigarriak dira eta bertan bizi izan ditugun bizipenak nekez bizi ahal izan dira Euskal Herrian. Adibidez, Saharan Euskal Herrian zen ume baten aita bilatu behar izan genuen eta horretarako genuen informazio bakarra umeak emandako argazki bat zen. Hori bai benetako abentura! Baina, apika, gauzarik bitxiena honakoa da: etxe batean sartu eta familiak bere alaba Olentzeroren bilobarekin ezkondu nahi izatea. Aipatzekoa da ere herri guztietan izan dugun harrera ona. Bisitatu ditugun herriak oso pobreak dira baina jendeak duen guztia eskaintzen dizu. Guk ere poza handia hartzen dugu familia baten etxera iritsi eta gutuna edo bideomezua helarazten diegunean eta beraien erantzuna ikustean; benetan hunkituta daudela ikusten duzu eta horrek jarraitzeko indarra ematen dizu.

Olentzeroren biloba Internet eta gizarte sare desberdinetako zalea dugu. Aitona?

Aitonak nahiago izan du beti txalaparta erabiltzea, baina hona hemen primizia bat: Txalapartanet sortzen ari gara. Momentuz ekoizpen fasean da baina komunikatzeko tresna berria izango dugu, doakoa, ekologikoa eta dibertigarria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.