Emakumezkoen ebaketa genitala aldaketaren beldurrez

Duela urte batzuk, gai honen inguruko film baten aurkezpenaren ostean, lehendik ezagutzen nuen emakume afrikar batek (berarengatik joan nintzen ekitaldira), bere lekukotasuna ekarri zigun. Ebaketa egiteko erabakia hartu zuela kontatu zigun, nahiz eta amak kontrako iritzia azaldu. Desberdina izatearen presioa, askorentzat “puta”, garrantzitsuagoa izan zen berarentzat, amaren iritzia edo beldurra baino.

Emakumeen Ebaketa Genitalari buruzko lekukotasunak leku anitzetan bilatu eta aurki daitezke. Gehienek tortura honetara behartuak izan ziren emakumeei egiten diete erreferentzia, eskuarki, gurasoek derrigorturik. Nahiz eta hasiera batean beraien bizitzarako garrantzitsua den zerbait egin dutela, festa batera joan direla iruditu, ondoren beldurra, mina eta engainuarekin egingo dute topo eta sentipen hori bizitza osoan zehar izango dute gogoan.

Agian norbaitek argudia lezake sustrai kulturalak direla, “hori soilik ezagutzen dutela, ez beste ezer”, baina, kontua da, honen gisako ohiturek islatzen dutela gizonek milaka modu dauzkatela emakumeen sexualitatea kontrolatzeko, emakumeak umiliatzeko eta beraien kontrolpean mantentzeko. Emakumea objektu batean bihurtzeko gai den gizarte baten erakusgarri dira hauek. Gizonak bere nagusitasuna ezarri ahal du, emakumeak bere sexualitateaz (gozamenerako eta seme-alabak izateko soilik balio duena) gozatu dezan eragotziz, modu horretan, emakumeek beraien jabea “engainatzea”ren ideia baztertuko dutelakoan.

Gaur egun ebaketa genitalak 135 milioi emakumeri eragiten die mundu osoan, eta horietako 2 milioi neska eta nerabeak dira. Giza sufrimenduaren izugarrizko arrastoa dago, emakumeena eta haurrena bereziki, baina, batez bere, gizarte eredu desorekatu eta bortitza emakumearentzat: sexu-organoak ebakitzen dizkiete sexualitatea kontrolatzeko, saldu, bahitu edota esklabo bihurtzen dituzte, prostituitzera behartuz, plazerra emateko helburuarekin.

Ablazioak praktika ugari hartzen ditu barnean. Hauek guztiak kanpoko sexu-organoen erabateko kentzea edo kentze partziala lortzen dute, eta pairatzen dutenei, osasun arazo iraunkorrak eta itzulezinak eragiten dizkiete, nahiz eta izendapen horren barnean jarduera heterogeneoak eta emakumeen osasunerako garrantzia maila desberdineko jarduerak elkartzen diren.

Duela urte askotatik, emakumeen ebaketa genitalaren aurkako borroka, etsai ezezagunekiko beldurraren aukako borroka da: aldaketei eta berarekin datozen aukerei beldurra. Munduan, bere luzera eta zabalera osoa hartuta, Saharaz hegoaldeko Afrikatik Arabiar penintsularaino, Ekialde Urruneko zenbait eskualdetatik Europako, AEBetako, Kanadako, Australiako eta Zelanda Berriko erbesteratutako komunitateetaraino, emakumeak erantzuten ari dira ebaketa genital, sozial, zibil eta politikoaren aurrean, gaitz honen kontrako legeen aldarrikatzea ahalbideratuz eta politikoekin, erlijiosoekin eta hainbat emakumerekin lankidetzan, geroz eta gehiago jabetzen ari direnak aldaketak eragiteko daukaten ahalmenaz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.