1.000 km gehiago GPSaren erruagatik

Kotxeetan izaten diren GPS gailuetan akatsen bat izatea eguneroko gauza da. Hainbat kasutan, GPSak erabiltzen dituen mapen eguneraketa falta dela eta, edo GPSak markatzen duen errepidean diren lanak direla eta, gidari batek baino gehiagok behar baino kilometro gehiago egin behar izan ditu. Hori argituta, 67 urteko Sabine Moreau emakume belgiarraren kasua guztiz bitxia da.

Belgikatik Kroaziara
Izan ere, Belgikako Solre-sur-Sambre herrian bizi den emakume honek behar baino 1.200 kilometro gehiago egin zituen GPSaren ‘akats’ bat zela eta. Moreauk, bere herritik 84 kilometrotara den Bruselasera abiatu zen lagun baten bila, baina gailuaren akats bat zela eta, Kroaziako hiriburuan, hots, Zagreben azaldu zen 1.300 kilometro baino gehiago gidatu ostean.

Desagertutako Moreauren semeak bere amaren desagerpena salatu zuen poliziaren aurrean. Bere etxebizitza miatu ostean, poliziak bilaketa sakonagoa egiteko agindua eman zuen, baina une horretan, emakumeak telefonoz kontaktatu zuen bere semearekin. Amak jazotakoa azaldu zion semeari baina ordurako jada Kroazian zen. 84 kilometroko bidaia izan behar zuenak 1.300 kilometroko bidaian amaitu zuen.

Moreauk onartu duenez zertxobait distraituta zegoen bolantearen aurrean eta hori dela eta, ez zion jaramon handirik egin GPSaren aginduak ‘arraro’ xamar bilakatu zirenean. Azkenean, ordubeteko bidaia egin beharrean bi egun osoko bidaia bihurtu zen. Hori dela eta, emakumeak kotxean egin behar izan zuen lo, hainbat aldiz gasolina bota behar izan zuen eta istripu txiki bat ere izan zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.