Ba al dakizu zer hartzen ari zaren?

Ai-Laket!! elkarteak Europa mailako drogen prebentziorako saria irabazi berri du Lonja-Laket!! izeneko programari esker. Honen bidez, lonjetan bere aisialdia ematen duten gazteei drogen kontsumoak izan ditzakeen arriskuetaz gain, lonjen erabilerak berak izan ditzakeen arriskuen berri ere ematen zaie. Guztira, 65 lonjetan izan dira Euskadi osoan zehar.

Ai-Laket!!, Gasteiz eta Iruñea artean sortutako erakunde ‘bitxia’ da. Erakunde hau droga erabiltzaile eta erabiltzaile ohiek osatzen dute eta drogen erabilerak dituen arriskuen murriztapenerako egiten dute lan. Hamar urteko ibilbidea izan arren, Ai-Laket!! erakundea albiste izan da pasa den urtearen amaieran Pompidou taldeak ematen duen Drogen Prebentziorako Europar Batzordeak deitzen duen saria jaso zuelako Estrasburgon. 2004. urtean abian jarri eta bi urtean behin ematen den sari honek gazteei bideratutako eta gazteek kudeatutako droga prebentziorako ekimenak saritzen ditu. Pompidou taldeak elkarteak garatutako Lonja-Laket!! ekimena saritu du 24 herrialdeetatik aurkeztutako beste 83 ekimenen artean. Ekimen honek Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundi eta Eusko Jaurlaritzako Drogomenpekotasun Zuzendaritzaren laguntza izan du.

Lonja-Laket!!
Programa hau 2009an jarri zen martxan eta denbora honetan guztietan Euskadiko 65 lonja desberdinetan izan dira 1.034 gazteren parte hartzearekin; 778 mutil eta 256 neska. Bataz besteko adina, 19,6 urtekoa izan da. Ekimenaren baitan, proiektuan parte hartzen duten lonjak hirutan bisitatu dira, bisita bakoitza bi ordu ingurukoa delarik. Bisita hauetan, Ai-Laket!-eko kideek hainbat aspektu lantzen dituzte. Lehenik eta behin, lonjetan bere aisialdia ematen duten gazte ez kontsumitzaileen drogak ez hartzeko erabakia indartzen dute. Gainera, drogak kontsumitzen dituzten gazteekin arriskua izan dezaketen kontsumoak murrizteko eta droga kontsumoak izan dezakeen arriskuen inguruan modu didaktiko batean informatzeko lan egiten dute. Programan, drogen erabilerak dituen arriskuez gain, lonjen erabilerak berak dituen arriskuak ere lantzen dira. Zentzu horretan, lonjen opakotasunak erabiltzaileei zein auzokideei eragin diezaizkieketen arriskuak murriztea dute helburu.

Lehenengo bisitan, besteak beste, erabakiak eta erantzukizunak, kontsumoen planifikazioa, drogen efektuak, arriskuen murrizketa edota nahasketak bezalako gaiak jorratzen dira. Bigarren bisitan, berriz, substantzien analisiak, sexu seguruaren inguruko dinamika, lokalen segurtasuna eta higienea zaintzeari zein legediari buruzko informazioa ematen da. Guztira, 297 analisi buru dira 2009. urtetik aurrera egindako 44 lokaletan eta analisi gehienak, %86 hain zuzen ere, kannabisaren ingurukoak izan dira. Azkenik, hirugarren bistan, lonjen erabilpen arduratsuaren inguruko gida bat aurkezten da. Azken bisita honetan ere, droga desberdinen inguruan izan daitezkeen zalantzak eta kezkak argitzen ere saiatzen dira. Era berean, generoari buruz ere hitz egiten da.

Drogen analisia
Ai-Laket!!-eko kideak oinarrizko premisa batetik abiatzen dira: drogak betidanik izan dira giza-kulturaren parte eta, horrenbestez, zentzuzkoa da pentsatzea hala izaten jarraituko dutela. Honen aurrean eta, debekuan oinarritutako politiken eraginkortasun falta ikusita, substantzia psikoaktiboekin bizitzen ikastearen aldeko apustua egiten du Ai Laket!! elkarteak.

Burutzen dituzten ekimenen artean, aipatzekoa da ere bere egoitzan bertan burutzen duten ‘Ai Test Gunea’. Honen baitan, ostiralero elkartearen bulegoa drogen inguruko argibide, eztabaida eta informazio gune bilakatzen da. Era berean, hainbat drogen analisiak ere burutzen dituzte. Horretarako, erreaktibo espezifiko eta geruza meheko kromatografia bezalako teknikak erabiltzen dituzte. Prebentziorako materialak ere eskuratu ditzakete zerbitzura gerturatzen diren lagun guztiek.
Lonja-Laket!!en parte hartzeko: ailaket@ailaket.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.