Miguel Ángel Muñoz (Biltzen): “Krisiarekin inmigrazioaren inguruan den pertzepzioak okerrera egin du”

Euskal Autonomia Erkidegoan inmigrazio prozesu garrantzitsua eman da azken hamarkadan. Honek, kultur aniztasuna ekarri du gurera, baina hau euskal gizartea aberasteko baliagarri den bezala, modu egokian kudeatu beharreko gatazkak ere sortzen ditu, are gehiego egun bizi dugun baldintza ekonomikoetan. Biltzeneko kideek inmigrazioaren inguruan diren aurreiritzi eta zurrumurru garrantzitsuenak bildu dituzte esku-liburu batean

Zertan datza Biltzenen eguneroko jarduera?

Biltzen Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen zerbitzua da, Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua hain zuzen ere. Gaur egun, Enplegu eta Gizarte Politikak Sailaren barruan kokaturik gaude. Bederatzi urtetako ibilbidea duen zerbitzua da eta bigarren mailako zerbitzua eskaintzen dugu, hots, gizarteratze eta kulturarteko bizikidetzan lan egiten duten bestelako eragileak laguntzeko zerbitzuak eskaintzen ditugu. Gure xedea gai hauek zehar-gai bilakatzea da administrazioen barruan. Era berean, administrazioekin ezezik, pertsonekin zuzenean lan egiten duten profesionalekin ere lan egiten dugu: gizarte hezitzaileak, gizarte-langileak… Trebakuntzan ere lan handia egiten dugu, batez ere udaletxe zein hezkuntza zentroekin.

Biltzenen, esan bezala, funtsezkoa jotzen dugu aniztasuna eta kulturarteko bizikidetza sustatzea, horrek gizarte kohesionatuago bat lortzen laguntzen gaituelako.

Nolakoa da Euskal Autonomia Erkidegoan inmigrazioaren inguruan egin daitekeen argazkia?

Euskal Autonomia Erkidegoan den pertzepzioa ez da estatu mailan egin diren ikerketetatik antzeman daitekeen pertzepzioetatik urrun. Egia da EAEn dagoen inmigrazio tasa estatuko beste hainbat erkidegoetakoa baino baxuagoa dela. Adibidez, 2011. urtearen hasieran Euskadin zen inmigrazio tasa %6,6koa zen baina, hala ere, Ikuspegi Barometroaren arabera, euskaldunon ustetan, tasa hau %17tik gorakoa zen. Desdoiketa hau normaltzat jo daiteke, izan ere, gizarte guztietan aldaketaren aurkako erresistentziak ematen dira, eta azken urteetan bizi izan dugun inmigrazio fenomenoa aldaketa horien barruan koka daiteke.

Nola ikusten du euskal gazteriak gai hori?

Gazteriari dagokionez, kualitatiboki ez dago alde handirik. Euskal gazteria ez da beste erkidegoetako gazteria baino toleranteagoa edo kontrakoa. Ikuspegi Barometroaren baitan bada, berez, inmigrazioarekiko jarrera negatiboagoa duen populazio tarte bat da, %30 ingurukoa.

Normalean gai hauen ikuspegi negatibo bat aurkezten da. Zein neurritan baldintzatzen dute hedabideek inmigrazioaren inguruan dugun pertzepzioa?
Gazteriak duen pertzepzioa helduek duten pertzepzioarekin bat egiten du, hein handi batean, inmigrazioaren inguruko pertzepzioa hedabideetatik eraikitzen delako. Zentzu horretan, gazteek gizarte osoak dituen iturri berberetatik edaten du.

Gaur egun bizi dugun baldintza sozioekonomikoak eragin negatiboa izan al du inmigrazioaren inguruan dugun pertzepzioan?

Krisiak eragin negatiboa du pertzepzio horretan. Baldintza ekonomikoak txarrak direnean zailagoa da gizarte zuzen eta solidario bat sustatzea. Garai latz hauetan, bertako jendeak lehiakidetzat hartzen ditu etorkinak laguntzak edota zenbait enplegu eskatzera joaten denean. Zentzu horretan, gaur egun behar gehiago duen bertako jendearen artean pertzepzio honek okerrera jo duela baiezta genezake. Landu dugun eskuliburuan, adibidez, etorkinek hainbat dirulaguntza jasotzen dituztenaren sentsazioa edo zurrumurrua dagoela aipatzen da. Garbi izan behar dugu ez dela etorkinentzat laguntza berezirik; laguntza guztiek izaera unibertsala dute eta gizarte-bazterketa eta pobrezia ekiditzeko ematen dira. Laguntza hauek lortzeko baldintza batzuk bete behar dira eta, hor bai, errezagoa da etorkin batek baldintza horiek guztiak betetzea. Datuen erabilera oker bat ematen da; etorkinek dirulaguntzak eskuratzen dituzte baina askoz ere baldintza okerragoetan daudelako. Laguntzak ez dira talde zehatz batzuetarako bideratzen, baztertuta geratzeko arriskuan dagoen jende ororentzat baizik.

Inmigrazioa beti maila sozial baxuagoekin identifikatzen dugu. Inmigrazioa ezezik ez al da klasismo arazo bat ere?

Identifikazio hori ematen da, baina modu oker batean. Kanpotar eta pobrea inmigrantetzat jotzen dugu baina kanpotar eta aberatsa atzerritartzat jotzen dugu. Hemen ere apurtu beharreko mito bat aurkitzen dugu. Inmigrazio mugimendu handiena 1999 eta 2011 artean eman da eta jende askok uste duenaren kontra, etorri diren pertsonak ez dira kualifikazio maila baxua duten pertsonak. Kasu gehienetan, bere jatorrizko herrialdeetan kualifikazio handia duten pertsonak izan dira, baina hemen kualifikazio eskaseko lanpostuetan egin behar izan dute lan: etxeko lanak, zaintza lanak, eraikuntza… Zentzu horretan, beraien inguruan dugun pertzepzioa ez da berez duten kualifikazioaren araberakoa, hemen egiten duten lanaren araberakoa baizik.

Zein modutan landu daiteke hau guztia gazteriaren artean?

Gai hauek gazteriaren artean lantzeko aspektu garrantzitsu bat metodologiarena da. Gazte izateak baditu berezko ezaugarriak eta, nahiz eta, helduen pertzepzio berberak izan, edo oso antzekoak behintzat, gazteek erabiltzen duten lengoaia guztiz desberdina da. Hor dugu, adibidez, teknologia berrien eskutik zabaldu diren hainbat aukera: Internet, Gizarte sareak… Gazteekin lan egitean mezua moldatu beharra dago ezaugarri hauetara guztietara. Funtsezkoa da mezua masiboki helaraztea, baina hori epe luzerako lana litzateke. Nagusi diren inmigrazioaren kontrako mezuei kontrapuntu egitean datza gakoa. Diskurtsoen katea apurtu beharra dago. Hedabideetatik zabaltzen den mezua xirimiriak bezala bustitzen du iritzi publikoa eta helduetatik belaunaldi gazteetara ere transmititzen dira diskurtso horiek guztiak. Horregatik, diskurtsoaren katea ezezik transmisioaren katea ere apurtzea garrantzitsua da.

Inmigrazioaren inguruan diren zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipo nagusienak

  • Ezin ditugu etorkin gehiago onartu; gehiegi dira.
  • Etorkinak gizarte-laguntzei esker bizi dira eta neurriz kanpo baliatzen dituzte.
  • Etorkinek lana kentzen digute.
  • Inmigrazioaren ondorioz, matxismoa eta genero-indarkeria areagotu egiten dira.
  • Etorkinek ez dute integratu nahi.
  • Etorkinek neurriz kanpo erabiltzen dute euskal osasun sistema eta larrialdi-zerbitzuak kolapsatzen dituzte.
  • Ikasle etorkinek eskoletako hezkuntza maila jaitsiarazten dute eta ikastetxeetan ghettoak sortzen dituzte.
  • Etorkinentzat izaten dira babes ofizialeko etxeak: lehentasuna izaten dute eta euskaldunok baino aukera gehiago dituzte.
  • Pilatuta eta baldintza txarretan bizi dira. Aurreko egoera horrek alokairuen merkatua garestitzen du eta etorkinak bizitzen jartzen diren auzoen balioa jaisten du.
  • Inmigrazioak erlijio-gaiak berriz ere mahai gainean jartzea eragingo du eta laikotasunerako prozesua geldiaraziko du.
  • Espazio publikoa gainokupatzen dute eta espazio hori ez dute behar bezala erabiltzen.
  • Arauak ez dituzte errespetatzen; ez dute gizalegerik.