Euskal gazteriaren gehiengoa fedegabea da

Gazteen Euskal Behatokiak ezagutzera eman dituen datuen arabera, iaz jasotako datuetan oinarrituta, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteriaren gehiengoa fedegabe edo sinesgabetzat jo daiteke. Izan ere, aipatu adin tarte horretan aurkitzen den gazteen %34ak soilik jotzen du katolikotzat bere burua eta %4ak soilik katoliko elizkoitzat jotzen du bere burua.

Iaz jasotako datuek jada aurreko urteetan jasotako datuek aurreikusten zuten joera baieztatzen dute. Horrela, gero eta gutxiago dira bere burua fededuntzat jotzen duten gazteak, azken 15 urtetan %59tik oraingo %34ra pasa garelarik.

Kristautasuna erlijio nagusia izanik gure artean, honen jarraitzaile kopuruaren beherakadak  gazte ateo, agnostiko eta axolagabeen kopuruaren hazkundea suposatu du. Talde honen barruan kokatzen diren gazteak 1998an jasotako %31tik gaur egungo %54ra pasa dira. Honekin batera, beste erlijioetako jarraitzaile diren gazteen kopuruak ere goruntz egin du eta gaur egun %5 inguruan kokatzen da. Beste erlijioetako jarraitzaile hazkunde honen arrazoia azken urteetan bizitako inmigrazio prozesuetan aurkituko litzateke. Izan ere, denbora tarte berean, gazte etorkinen kopurua %2,4 izatetik %4 izatera pasa da.

Jasotako datu hauek guztiek bestelako irakurketa interesgarri bat eman dute. Horrela, 30 urtetiki gorakoen artean bere burua katolikotzat jotzen dutenen portzentajea 15 eta 29 urte bitartekoena bikoitzen du, %71an kokatuz. Era berean, 30 urtetik gorakoen artean bere burua fedegabetzat jotzen dutenen kopurua 15 eta 29 urte bitarteko gazteriaren erdia da, %23 eta %54 hurrenez hurren.

Estatu mailan lortutako datuekin alderatuta, euskal gazteria fedegabeagoa dela ikus daiteke. Bere burua fededuntzat jotzen duen espainiar gazteriaren portzentajea euskaldunena baino 22 puntu altuagoa da (%56) eta fedegabetzat jotzen duena, berriz, 18 puntu baxuagoa (%36).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.