Artikoa baso bilaka liteke

Ikerketa baten arabera, mundu mailan ematen ari den bataz besteko tenperaturaren hazkundeak Artikoaren zati garrantzitsu bat baso bilakatzea ahalbidetuko du.

Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako artikulu batean azaltzen den bezala, zientzilariek datorren hamarkadetan artikoko baso eremua %50an haz daitekeela aurreikusten dute. Ondorio honetara iristeko erabilitako modeloek ez dute oso aurreikuspen onik iragartzen. Izan ere, baso eremua haztearekin bat aldaketa klimatikoa bera azkartu egingo baita. Aipatu ikerketako buru den Richard Pearsonek adierazi duenez, Artikoan aurreikusten den landaretzaren hedapenak ondorioak izango ditu mundu mailako ekosistema guztietan.

Zientzilariek jada frogatu ahal izan duten bezala, Artikoko landaretza jada biderkatu egin da azken urteetan. Landaretzaren hazkunde honek jasotako tenperatura igoerekin bat egingo luke.

Epe ertain eta luzerako aurreikuspenak egiteko, zientzilariek modelo estadistikoak erabiltzen ohi dituzte. Kasu honetan, tenperatura eta prezipitazio baldintza zehatzetan zein landare mota haz daitezkeen aztertzen duen modeloa erabili dute. Aurreikuspen guztietan bezala emaitzak zuhurtziaz irakurri behar badira ere, Artikoan den klimaren gogortasunak bertan gara daitekeen landaretza mugatzen du eta, beraz, bertan erabilitako modeloa beste lekuetan erabilitakoak baino xamurragoa da.

Pearsonen aburuz, aldaketa klimatikoaren eraginak ez dira soilik Artikora mugatuko. Zentzu horretan, aldaketa hauek guztiek hegazti-migratzaileen hainbat espezietan ondorio larriak izango lituzkete, bereziki, Artikoa habia egiteko erabiltzen duten espezietan.

Ikerketa berean, ikertzaileek lur azalaren erreflektibotasunean oinarritutako albedo efektua delakoak Artikoko kliman eragin larriak izan ditzakeela aurkitu dute. Eguzkia elurrera iristean, erradiazio gehiena bueltan islatzen da espaziora. Elurraren ordez zuhaitzak badaude, eguzki argi gehiago xurgatzen da eta, ondorioz, tenperaturak gora jotzen du. Beraz, oreka mantendu ezean, zuhaitzak hedatzen diren heinean aldaketa klimatikoa azkartu egingo da eta horrela, behin eta berriz tenperatura altuekin izotza urtuko litzatekeelako.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.