Garbantzuak eta iltzeak

Izan daiteke telebistaren eskaintzak gero eta erakarpen arinagoa eragiten didalako, edota teleberrien eguneroko joera den afera berdinei buruz etengabeko berri emate horrek nazka besterik ez didalako sortzen. Edozein dela ere arrazoia, azken boladan sukaldeatzen dudan bitartean besterik ez dut kutxa leloa pizten, arreta handiagoa ipiniz astintzen ari naizen arraultza pare horretan Gaur Eguneko aurkezle politak ematen duen informazioan baino. Kontua da, distantzian bata bestetik oso urruti dauden bi herritan gertaera ilunak eman direla aste honetan. Bata Estatu Batuetako Boston hirian eta bestea Leioa herrian kokatzen den Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gertaera biak harremandu dituen elementua sukaldeko lan tresna bat izan da: presio lapikoa. Harats berriz ere nola lotu dudan Teleberrietako informazioa sukalde kontuekin.

Bostonen atentatua izan zen apirilaren 15ean presio lapiko batez egindako lehergailua eztandaraziz une horretan ospatzen ari zen lasterketaren helmugan, hiru hildako eta zauritu ugari utzita bide ertzean, eta bi egun geroago Leioan, lapiko industrial batek eztanda egin zuen presioak jota unibertsitateko sukaldaritza eskolan, lanean ari ziren ikasle batzuri erredura zauriak sortaraziz. Lapiko biek ere, bazeukaten karga astuna beren barruetan, iltzez eratutako metraila pila batak, eta garbantzuz osatutako potaje izugarri beroa besteak. Nire burua horrelako lotura zentzugabeei hegalak ematen ikustea tira, normaltzat jo dezaket bertatik falta zaizkidan iltze batzuk direla medio, erotze punturaino irits bainaiteke tontakeria hauei benetako zentzua eman nahian. Baina istorio honetan barregarriena zera da, telebistan nire burutxoak makinatzen dituen gidoi hauetako bat erabili balute moduan eman zutela sukaldaritza eskolan gertatutakoaren berri, hau da, Bostoneko gertakariaren kronikatik Leioako asuntura pasatzeko erabili zuten zubia presio lapikoa izan zen. Eta aizue, behingoagatik benetako barrea eragin zidan horrelako astakeriak, eta polita izatetik haratago ere interesgarria suertatu zitzaidan aurkezle beltzarana. Ezin ahaztu euskaldunak garela eta, Boston urruti geratzen bazaigu ere, nolabait topatuko genuela modua euskal zigilua jartzeko ekintza harri, eta bingo! presio lapikoa Arrasateko Fagor markakoa zen. Gero egongo da telebistan zuzendari politikorik esango duena ezetz, beraiek ez dutela horrelako gertakariekin pozarik hartzen, informazioa luzatu besterik ez dutela egiten. Ja! bi urte eta erdi pasatxo dira bestelako bonba eztanda batzuk betetzen zituztela egunkarietako azalak eta teleberrietako unerik nagusienak, eta bonba horiek ematen zituzten audientzia muturrak lortzeko izerdi handia bota behar da orain jauna.

Bestelako nahaste borrastea suertatzen zait Bárcenas eta Barcina abizenak entzuten ditudanean. Ezin jakin zein sukaldetako makailua mozten duten bi txori horiek. Sukaldaritza kontuetan aritzen direla argi daukat, beraien izena aipatzen duten bakoitzean halako ustel usaina datorkidalako, eta ene sukaldeko jakiena behintzat ez da. Izango ote nire etxeko kutxa leloak zerri horien usaina barreiatzea. Hori nazka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.