Mooren legea: Bizitza gure planeta baino lehenagokoa?

1965. urtean, Inteleko sortzaileetako bat izan zen Gordon Moore-k informatikarako lege bat adierazi zuen. Lege horren baitan, bi urtetan behin, ordenagailuen konplexutasuna esponentzialki bikoiztu egiten da.

Lege horretan oinarrituta, Alexei Sharov eta Richard Gordon genetista estatubatuarrek  lurrean garatzen den bizitzaren konplexutasunaren inguruko ikerketa bat burutu dute eta emaitza benetan harrigarria izan da. Izan ere, Mooren Legea guztiz zuzena balitz, genetikaren kasuan, bizitzaren sorrera gure planetaren sorrera baino lehenagokoa izango litzateke.

Ideia hori ez da ideia berria, Panspermia izeneko teoria eztabaidatsuan jada jasotzen baita. Teoria horren arabera, bizitza unibertsoko beste edozein puntutan sortu eta gure planetara kometa batetik askatutako meteoro baten bidez iritsi zen. Ikerketa desberdinek frogatu ahal izan duten bezala, izan badira denbora tarte luzez kanpo-espazioan bizi daitezkeen zenbait bakteria. Adibidez, 1967an Ilargira bidaiatu zuen Surveyor 3 ontzian ziren ‘Streptococcus mitis’ izeneko bakterioak arazorik gabe berpiztu ahal izan zituzten lurrera bueltatzean.

Sharovek eta Gordonek ArXiv aldizkarian argitaratu dute euren ikerketaren emaitza. Horren arabera, konplexutasun genetikoa bikoiztu egiten da 376 milioi urte pasa ondoren, eta horrela, gure planetan den bizitza duela 9.700 milioi urte sortuko zen. Kontutan hartzen badugu gure planetaren sorrera duela 4.500 milioi urte inguru eman zela, argi dago bizitza ez zela gure planetan sortu.

Sharov eta Gordonek bere lana maila teorikoan soilik ulertu behar dela aitortu dute, izan ere, Mooren legea ezin baita modu absolutuan genetikara aplikatu. Ikerlariek bizitzaren sorreraren inguruko eztabaida zabaltzea komenigarria litzatekeela adierazi dute, horrek filosofia zein erlijio mailan eragin handia izango badu ere. Teoria horrek zilegitasuna izango balu, guztiok egiten dugun galdera honakoa da: bizitza lurrera iritsi bazen, posible da beste planeta batzuetara ere iritsi izatea?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.