José Antonio

Done Jakue bidean barrena ibili naiz sei egunez Irundik hasi eta Bilboraino nire txakurra Neus lagun izan dudala kilometro guzti horietan zehar. Iparraldeko bidea edo Kostako bidea izenarekin ezagutzen den hau, Kantauri itsasoko kostalde guztian zehar barreiatzen da Hendaia eta Irun lotzen dituen Done Jakue zubitik hasita. Lehenengo etapa Donostian amaitzen da eta bigarrena bertatik Zarautza garamatzan bideak osatzen du. Hantxe izan nuen bidai honek eskaini ziezadakeen topaketa mistikoena, nolabait deitzearren oraintxe azalduko dizuedan istorioari.

Orio pasa eta Zarautza jaitsi aurretik, badago Talaimendin kanpin handi bat txakolin mahatxez jositako zelaiez inguratuta. Hara iritsi eta erromesentzat atonduta duten espazioan sartu ginen, non bazeuden jada hiru gizon: beuden motxilak literetan hustutzen ari ziren bi frantziar eta hirurogei urte pasatxo izango zituen cadiztarra bestea. Hirugarren honek segituan luzatu zidan eskua hegoaldeko doinu berezi horretan bere burua José Antoniotzat aurkezten zuen artean.

Egoera hartan normalena den bezala, bakoitzak bidea nondik hasi genuen galdetu genion elkarri. Frantziarrak, gure moduan, Irundik hasi ziren. José Antoniok eman zuen erantzuna, ordea, bestelakoa izan zen: berak hamalau urte daramatzala erromes moduan eta jadanik 98.000 Km baino gehiago ibili dituela Ama Birjinari egindako promes bat dela eta. José arrantzalea omen zen, eta 1999ko urtarrilaren 1ean Revolución itsasontziak istripua izan zuen Norvegiako uretan bakailaoa arrantzatzen ari zirela. Urperatu egin zen eta tripulazio osoa hil egin zen bera izan ezik. Bi gorpuei helduta mantendu omen zen uretan flotatzen, eta egoera hartan Ama Birjinari hitz eman zion munduko erlijio guztien santutegi guztietara eramaten duten bideak ibiliko zituela handik bizirik ateratzen bazuen. Esan eta gutxira helikopteroa azaldu omen zitzaion erreskatean. Zortzi hilabetez izan omen zen ospitalean eta erabat osatu zenean bideari ekin ziola esan zigun. Txundituta utzi gintuen José Antonioren istorioak, eta bere hitzei nolabaiteko sinisgarritasuna emateko edo, motxilatik karpeta bat atera zuen egunkari desberdinetan egin zizkioten elkarrizketa eta argazkiz beteta. Era berean, interneten ere berari buruz idatzitakoa ikus genezakeela esan zigun, José Antonio García Calvo “El Peregrino” hitz gakoak erabiliz.

Hurrengo goizean frantziar gizonak agurtu genituen eta zera esan zidan José Antoniok, haietako batek euro bat eman ziola kafe bat har zezan. Halako begirada pikaroa nabaritu nion hori esanda, nik ere dirurik emango ote nion zain edo. Kafea hartzera nik gonbidatuko nuela esan eta Zarautza abiatu ginen goizeko zazpi t´erdiak aldera. Kafetegian ginela, goizeko hamarrak arte hantxe geratuko zela esan zidan, dirurik ez zuelako eta banketxea zabaldu arte izango zela zain. Nik dakidala banketxeak goizeko zortzi t´erdietan irekitzen dituzte, baina ez nion bestelako garrantzirik eman zehaztasun horri. Berriz ere esan zidan frantziarrak euro bat eman ziola baina euro batekin kafea hartzeko nahikoa ez zuela, eta frantziar gizona aipatzerakoan haserre puntua ere nabaritu nion une hartan. Kafesne batek euro bat eta hogeitamar xentimo balio duela esan nion eta lasai egoteko, nik ere beste euro bat emango niola. Zera ere esan nion, hegoaldeko jendeak beti izan duela hitz-jario handiko ospea, bereziki cadiztarrek, eta ziurrenik ez zuela arazorik izango oraindik diru gehiago lortu nahiko bazuen. Nire azken hitzek ez zioten grazia handirik sortu eta bidean zehar berriz elkar ikusterakoan itzuliko zidala esan zidan, baita ziurrenik egun hartako etapan oraindik harrapatuko ninduela bidean eta hartuko genuela kafea bere kontura. Elkarri eskua eman eta agur esan genion. Ez nuen berriz ere gizon hori ikusi ibilitako hurrengo kilometro eta egun guztietan. Frantziar gizonak Debako albergean ikusi nituen berriz ere, eta José Antoniori buruz galdetu nienean, ez zutela ikusi esan zidaten.

Egun horien bueltan Donostiara itzuli nintzenean, jakin-minari eutsi ezin eta interneten hasi nintzen José Antoniori buruz bilatzen. Egia da badagoela guri kontatu zigun istorioa kontatzen azaltzen den web orrietarako lotura ugari, diariovasco, farodevigo, lavozdigital, lavozdegalicia, elcomercio, gentedelpuerto, levante-emv, noticiasdealava, larioja, buddhachannel… Baina ziurrenik zuetariko askori niri etorri zitzaidan galdera bera etorriko zitzaizuen honi buruz jakin ostean, hau da, zergatik ez dago Revolución ontziaren urperatzearen inguruko berririk? horrelako istripu latza, nondik lagun bakarra atera zen bizirik, egunkari azaletako berri izango zatekeela zalantzarik ez dut. Hala ere, arrasto izpirik ez horri buruz. Egin al zuten José Antoniori buruz idatzi zuten kazetari haiek bilaketa hori? Ziurrenik bai, baina berandu, eta horregatik ez dago istorio horri jarraipenik eman dion berririk azken urteotan, eta José Antoniok urperatzen darrai guztiok tripulazio garen Bizitza deituriko ontzi honetan.

Inork ez ditzala nire hitzak José Antonio epaitzeko saiotzat hartu mesedez. Beharbada horrelako istorio tragikoan aitzaki ezin hobea topatu zuen urtetan zehar egindako kilometro pila horietan zehar jantzi, elikatu eta finean bizirik iraun ahal izateko. Kapela kenduko nuke berriz ere ikusiko banu artista hori, eta irripar zabal batez kafe bat hartzera gonbidatu. Kazetari express horiei berriz, eskerrak ere ez.

GOTZON SANCHEZ

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.