Jarrera sexistak nerabeen harreman birtualetan

Gizarte sareek gazte eta nerabeek bere artean harremanak mantentzeko dituzten ereduak eraldatu dituzte, lehen maila pribatuan geratzen zena ikusgarriago eginez. Gazteen Euskal Behatokiak sare hauek zein neurritan zabalduta dauden euskal gazteriaren artean eta baita hauetan azaltzen diren jarrera sexistak ere aztertzen duen ikerlana burutu du

Gizarte sareen eragina ukaezina da. Gure artean, ia gazte guztiek sare bat edo beste erabiltzen dute. Aipatu ikerketaren arabera, 15 eta 19 urte bitarteko euskal gazteriaren %92 inguruk nagusi diren gizarte sareren batean profil bat du (Tuenti, Facebook, Twitter, WhatsApp, LinkedIn…). Azken urteetan gizarte sareek gazteen artean komunikatzeko eta haien artean harremanak izateko ereduetan eragin zuzena izan dute mundu birtualak errealitatearen parte esanguratsua bilakatu delarik.

Esan bezala, aplikazio informatiko hauen erabilerak gazteen arteko harremanak eraldatu dituzte eta baita hauen aisialdia ere. Gizarte sareen eraginik nabariena, apika, bizitza publiko eta pribatuaren arteko mugaren lausotzea da. Horrela, lehen lagun minen artean geratzen ziren gauzak orain publiko egiten dira hainbat kasutan. Azterlan honek argitzen duen moduan, pribatutasunaren exhibizio hau maizago ematen da nesken artean mutilen artean baino, batez ere maitasun kontuetaz aritzen direnean.

Izan ere, gazteriaren bizitzetan hain barneratuta dagoen gizarte sareen erabilerak ere genero-rolak ezartzen laguntzen du, batez ere hauetan egiten den irudien erabileraren bidez. Azterlanak agerian utzi duen bezala, gainera, nerabe zein gazteek sentimendu anitzagoak adierazten dituzte gizarte sareetan bizitza errealean baino. Horrek nolabaiteko bi nortasun bereiztuta sortzen ditu, bata erreala eta bestea gizarte sareetarako sortutako bertsio ‘hobetua’. Sarritan, nortasun hauek kontrajarriak ere izan daitezke.

Gizarte sareen erabilera
Gazteentzat gizarte sareak tresna ezin hobea dira, azken finean, esparru desberdinetan ezagututako jende guztia leku bakarrean bil baitezakete eta, normalean, gurasoen eraginetik at. Garbi dago hauek oso erakargarriak direla, gune bakar batean hainbat alor batzen direlako: lagunak, zaletasunak… munduarekin konektatuta egoteko modu ezin hobea da. Egun teknologietan eman den garapenarekin, telefono mugikor soil batekin etengabe konektatuta egon daitezke, ia edonon eta edozein momentutan. Baldintza horietan, zaila egiten da gizarte sareen dinamikan ez sartzea. Amaitu dira sarean konektatzeko ordenagailuen beharra; konexio mugikorra eta edozein tokitan online egoteko aukera dira gazte tendentziak.

Honek guztiak noski, badu bere alde negatiboa. Izan ere, gazteek bitartekaritzarik (familia, lagunak…) gabeko mezuak zuzenki jasotzen dituzte, bizitza errealean ez bezala. Mezu hauekin guztiekin, baita helduen bitartekaritzarik gabe jasotakoekin, nerabeek bere identitatea osatzen dute, eta honekin batera, genero identitatea ere.

Behatokiak egindako azterlan honen arabera, mutilek nahiago izaten dute gizarte sareak entretenimendurako eta aisialdirako erabiltzea. Nesken kasuan, berriz, erabilera soziala normalagoa da eta bere buruaren inguruko informazioa maizago partekatzen ohi dute. Horrek, noski, bere arriskuak ditu, edonor bere intimitatean sartzeko atea erdi zabalik uzten dutelako. Mutilek, rol maskulinoa birsortuz edo, nahiago izaten dute bere sentimenduak ez azaltzea.Era berean, gizarte sareetan genero harremanen desberdintasunaren birsorketa etengabea da.

Sexismoa gizarte sareetan
Azterketa honetan jaso ahal izan denez, asko dira sexu-eduki edota sexu-jazarpenari lotutako laguntasun eskaerak jasotzen dituzten neskak. Gezurra badirudi ere, neskek naturaltasun osoz jasotzen dituzte eskaera hauek, neska izateagatik edo, horrelako proposamenak jaso behar dituztelakoan. Kontutan izan behar da neska izateagatik beragatik jasotzen dituztela eskaera hauek eta jokabide hauek, zoritxarrez, sarritan errepikatzen direnez, horrelakoak ere genero indarkeria direla ulertzea ekiditzen dutela. Asko omen dira ere, neskei mezuak bidaltzeko, hauen argazkiak eskuratzeko edota argibide pertsonalen bila nesken profilak zelatatzeko eskumena hartzen duten gizonezkoak.

Horrelako eskabideen aurrean, neskek profil horiek baztertzeko berehalako joera azaltzen dute, baina honek guztiak ez du isla zuzena indarkeria matxistaren gaineko kontzientzia sakonago batean. Nerabeek ez-ikusiarena eginez erantzuten diete jarrera hauei guztiei, baina jokabide hauei jaramonik egin ez, gutxitu, ukatu edo normalizatzearen ondorioz, indarkeriaren aurreko sentikortasuna eta honi aurre egiteko gaitasuna gal daitezke.

Azterlan honen arabera, sexismoak protagonismo handia du gizarte sareetan eta, gainera, badirudi gero eta protagonismo handiagoa izateko joera duela. Gaitasun informatiko eta Interneteko oinarrizko erabilerari dagokionez, gazteen artean generoari lotutako arrakala digitala oso txikia izan arren, gazteen artean generoari lotutako hirugarren arrakala digitala izenarekin ezagutzen dena azaldu da. Honen baitan, kontsultatutako eta partekatutako edukietan genero-rolak birsortu egiten dira, desberdintasun esanguratsuak azaltzen baitira nesken eta mutilen zaletasunen artean. Horrela, neskek kultura, hezkuntza edota aisiari lotutako edukiak gustoko dituzten bitartean (gizartea eta pertsonaia ospetsuak), mutilek nahiago dituzte astialdiari lotutakoak (jokoak, kirola eta informatika).

Neskek eta mutilek gizarte sareetaz egiten duten erabilera desberdina den heinean, honen ondorioak ere desberdinak dira. Eduki edo izaera sexuala duten mezuak jasotzea ohikoagoa denez nesken artean, gizarte sareetan neska izatea arriskutsuagoa dela baiezta daiteke. Era berean, indarkeria birtualak ere garrantzi handia du gizarte sareetan eta gero eta ugariagoa da.