Atzerrian zerbait hobea bilatzen

Gero eta euskal gazte gehiagok atzerrian bilatu behar du bere etorkizuna. Gurean bizi dugun krisi ekonomikoak zaila egiten du enplegu bat lortzea eta, horren aurrean, asko dira atzerrira joatea erabakitzen dutenak. Berriki, Kooperaktiboa izeneko erakundea sortu da gure artean, hain zuzen ere, Latinamerikara joan nahi duten euskal gazteei laguntzeko xedearekin

Euskal Herrian bizi dugun egoera ekonomikoa larria da. Are gehiago gazteentzat. Berriki kaleratu diren datuen arabera, Euskadiko 16 eta 29 urte bitarteko 100 gazteetatik 35 lanean ari dira, 14 langabezian edo lan bila daude eta beste 50ak ikasten ari dira. Testuinguru honetan, gero eta gehiago dira Euskaditik alde egin behar duten gazteak, gehienbat Europako beste herrialdeetara baina baita garapen bidean diren Latinamerikako beste herrialdeetara ere. Azken hauetara bidaiatu nahi duten euskal gazteentzat erakunde berri bat sortu da, ‘Kooperaktiboa’ izenekoa. Erakunde berri honen xede nagusia hego hemisferiora bidaiatu nahi/behar duten gazte hauei guztiei informazioa eskaintzea da.

Erakunde berriak bi esparru nagusitan oinarrituko du bere jarduera. Alde batetik, Latinamerikan gara daitezkeen lankidetza ekimenak garatu nahi dira. Bestalde, ozeanoa gurutzatu duten, nahi duten edo bertatik bueltatu diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteei, aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete. Horretarako, elkarteko presidentea den Fabio Gonzálezek adierazten duen bezala, erakundeen laguntzarekin, informazio bulego iraunkor bat abian jartzeko asmoa dute. Izan ere, Hegoamerika gero eta helburu puntu interesgarriagoa bilakatzen ari da, bai lanerako zein ikasketetarako. Brasil, Txile edo Mexiko bezalako herrialdeak, aurten bertan, %4 inguruko hazkunde ekonomikoa izango dutela aurreikusten da.

Hau guztia aurrera eramateko Latinamerikako herrialde desberdinen inguruko argibideak emango dituzte unibertsitate campusetan eta enpresa desberdinetan burutuko diren topaketa eta mintzaldi desberdinetan. Izan ere, asko dira jada hara joan diren gazteak eta hainbat arazoekin topo egin dutenak.

Latinamerika

Gazteen Euskal Behatokiak 2011an egindako azterlan baten arabera, bakarrik 132 euskal gazte izan ziren atzerrira emigratu zutenak. Gazte hauen helburu izan diren lurraldeen artean, Europar Batasuna, Latinamerika eta Afrika nagusitzen dira. Azterlan honen baitan, urte horretan Euskadi utzi zuten 18 eta 29 urte bitarteko 10.663 gazteetatik 10.501 (%98,8) atzerriko herritartasuna zuten gazteak izan ziren eta, esan bezala, beste 132ak (%1,2) euskaldunak. Antza denez, pairatzen dugun krisiaren ondorioz kolektibo honek pairatzen duen enplegu falta da gure lurraldea uzteko arrazoirik nagusiena. Azterlan horrek azpimarratzen duenez, urtebete lehenago Euskadi utzi zuten euskal gazteen kopurua 277koa izan zen baina Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea den Itsaso Anduezak Legebiltzarrean salatu duenez 2010 eta 2011 bitartean Euskadi utzi duten gazteen (bertako zein atzerrikoak) kopurua ia bikoiztu egin da, 6.114tik 10.663ra hain zuzen ere.

Gonzálezek azpimarratzen duenez, datu horiek bestelako irakurketa merezi dute orain, “joera aldatu egin delako eta gero eta gehiago direlako atzerrira alde egiten duten gazteak”. Gainera, Gonzálezek azaltzen duenez, sarritan datu hauek guztiak ez dira zuzenak “atzerrira alde egiten duen gazteak atzerriko herrialde horretan izena ematen duelako baina ez du hemengo erroldan baja ematen”. Bere kasua honen adibide garbitzat har daiteke, izan ere, Venezuela, Mexiko eta Argentinan hiru urte eman ondoren errolda ofizialetan beti Euskadin izan dela azaltzen da.

Etorkinak Euskadin

Euskal gazteek, gero eta gehiago, atzerrira joatea etorkizunerako irtenbidetzat hartzen duten une honetan, Instituto Nacional de Estadísticak urte hasieran emandako 2012ren inguruko datuen arabera, EAE izan zen atzerritar jatorria duen populazioa irabazi duen autonomia erkidego bakarra. Hala ere, EAE da, Estatu mailan, atzerritar populazio gutxien duen lurraldea. Horrela, 2012an Euskadin bizi zen atzerritar jatorriko populazioa %6,5ekoa zen. Bilbao Metropolia, Arabar Lautada eta Donostialdea dira atzerritar etorkin gehien dituzten eskualdeak, baina, beti ere, EAEn den aipatutako bataz bestetik oso gertu.