Gazte Ibiltariak: blogari berdeak

8 gaztek 350 km egingo dituzte bizikletan Euskal Herrian zehar Asier Muniain, Oihana Kortazar, Irati Anda eta Ander Izagirre kirolariek gidaturik, Gazteaukera eta Ibilbideaken eskutik.

Imanol Arrese (Igorre), Iban Auzokoa (Gernika), Ainhoa Belzunegi (Donostia), Idoia Garmendia (Zumaia), Iñaki Goikoetxea (Irun), Asier Iturregi (Mungia), Maite Laka (Bermeo) eta Ane Soraluze (Azpeitia) gazteek Gazte Ibiltariak deituriko lehiaketan saria irabazi ostean, astebeteko ibilbidea egingo dute Euskal Herrian zehar bizikletan, gastu guztiak ordaindurik.

Bizikletaz gain surfa, eskalada eta mendi martxa egingo dituzte 8 gazteek, Asier Muniain, Oihana Kortazar, Irati Anda eta Ander Izagirre kirolariek gidari lagun dituztela. Guztira 350 km-tako ibilbidea egiteko aukera izango dute, Getxon hasi, Gipuzkoako kostan sartu, Donostialdea pasa Lekunberri eta Etxarri igaro, eta Gasteizen bukatuz bidaia.

Pedalei eragiten dieten bitartean beraien egitekoa abuztuaren 4tik 11ra, egitasmoaren jarraipena eta esperientzien berri ematea izango da Gazteaukera blogean. Horretarako argazkiak, bideoak, bidaiaren kronikak eta ibilbidearen mapak publikatuko dituzte. Informazio guztia Gazteaukerako eta Ibilbideakeko sare sozialetan ere azalduko da.

Gazte Ibiltariak lehiaketan aukeratutako gazteek 20 eta 28 urte bitartean dituzte eta tartean, medikuntza ikasleak, Errealeko Hockey jokalariak, ingeniaritza ikasleak, kazetariak eta irakasleak daude, besteak beste. Denek aitortu digute kirolzale amorratuak direla.

Ekimen hau, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak Gazte-txartelarekin elkarlanean egindako proiektua da eta gazteen artean kirol jarduera sustatzea du helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.