Elebidek (Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzua), arreta euskaraz ez jasotzeagatik 225 salaketa jaso zituen iaz, aurreko urtean (2008) baino % 6 gutxiago.
Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Lurdes Auzmendik, eta Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria den Patxi Martinez de Marigortak, kanpaina berri bat aurkeztu berri dute, herritarrek euskara edo gaztelania erabiltzeko duten eskubidea urratzen bada zerbitzu horretara jotzera bultzatzeko.
Jasotako salaketen %95a ahoz zein idatziz, arreta euskaraz ez jasotzeagatik eta Administrazioan errotuluak gaztelania hutsean egoteagatik jarri ziren.
Gainerako kasuak, kontsultak (% 4,5) eskaerak (% 1) eta iradokizunak (% 0,5) izan dira.
Beherakada izan arren, Auzmendiren ustez, Elebidek jaso dituen salaketak aztertuz gero, euskara eta gaztelania maila berean ez daudela antzeman daiteke, eta bi hizkuntza ofizialen arteko simetria apurka-apurka lortzeko euskararen aldeko neurri positiboak hartu behar direla azpimarratu du.
Auzmendik ez du zehaztu Administrazioko zein esparrutan izan diren kexa gehienak, ezta horietako zenbatek jaso duten erantzun positiboa, eta laster aireratuko den 2009ko memoria kalean izan arte itxaroteko eskatu du.
Zerbitzu honen erabilera bultzatzeko abiatu duten kanpainari dagokionez, “Elebidek zure eskubideak babesten ditu” leloa izango du, eta mezu hori bihar hasi eta irailaren 14ra arte zabalduko da euskarri ezberdinen bidez.

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.