Bideo-jokoen etorkizuna

Datorren urteetan gaur egun ezagutzen dugun bideo-joko eredua aldatu egingo omen da. Horixe da behintzat, ‘Epic Games’ bideo-joko ekoizlearen presidente-ordea den Mark Reinek adierazi duena. Bere aburuz, etorkizunean, bideo-joko kontsolek ‘tablet’ formatua izango dute, hots, jada kalean den iPad-en antzekoak izango dira. Reineren ustez, honek iraultza bat suposatuko du bideo-jokoen merkatuan, izan ere, bideo-joko kontsolen belaunaldi berriarekin ez da entxuferik behar izango jolastu ahal izateko. Gainera, jokoak ezezik, bestelako aplikazioak ere erabili ahal izango dira.

Reinek dioenez, bideo-jokoen mundua aipatu ildoan eramango duten lehen urratsak jada emanak dira. Zentzu honetan, Sony eta Microsoft bezalako enpresen inplikazioa funtsezkoa izan daiteke. “Imaginatu tablet formatua duen XBox bat. Kalean zaude eta Kinect teknologiari esker zure lagunekin jolastu ahal duzu. Gero etxera joan zaitezke, eta tablet bera, HDMi konexioaren bidez telebistara konektatu eta sakeleko telefonoa mando bezala erabiliz jolasten jarrai dezakezu”