Droga kontsumoa Euskadin

Gure artean barneraketa gehien duten droga legalen kasuan, hots, alkohola eta tabakoa, txostenak jada aurreko txostenetan hasitako beherako joerak berean jarraitzen duela azaltzen du. Horrela, inkestatutakoen % 15ak ia egunero alkohola edaten duela onartu arren, kopuru horrek lau puntutako murrizketa suposatzen du. Joera bera tabakoarekin ematen da, kasu honetan, 3 puntuko beherakada ondoren, ohiko erretzaileen tasa ia % 26an kokatzen delarik.

Alkohola eta tabakoa

Alkohola da, zalantzarik gabe, gure artean kontsumitzaile gehien dituen droga (legala). Txostenaren arabera, oraindik ere, populazioaren % 65 inguruk azken hilean alkohola edan izana onartzen du. Gainera, 200.000 pertsona inguruk edaten du egunero alkohola duen edariren bat (populazioaren % 12). Aste buruetan alkohola edateko ohitura duen jende kopurua % 18raino hazten da. Horrela, egunero eta astebukaeretan alkohola edaten duen populazioaren ehunekoa % 32,7koa da. Datu hau, berez kezkagarritzat har badaiteke ere, kontutan hartu behar da 2006an kopuru hau % 45ekoa zela.

Tabakoari dagokionez, eta beti ere txostenean jasotakoaren baitan, Euskal Autonomia Erkidegoan 420.000 pertsonetatik gora dira egunero erretzen dutenak. Portzentaje hau modu eskasean murriztu da, nahiz eta gune publikoetan erretzeko debekua eman eta gero jasotzen diren lehen datuak izan. Datu hauen arabera, euskal biztanleriaren % 25,7 erretzailetzat jo daiteke, duela bi urte baino sei puntu gutxiago (ia 100.000 erretzaile gutxiago). Txostengileek azpimarratzen dutenez, alde batetik, gero eta gutxiago dira erretzen hasten diren gazteak, eta bestetik, gero eta gehiago dira erretzeari uzten diotenak.

Droga ilegalak

Dena den, kontsumo beheraka nabarmenenak droga ilegaletan aurki daitezke. Hauen artean, kontsumo hedatuena duen kanabisaren kontsumoak, adibidez, % 36ko beherakada izan du azken bi urteetan, egunero, astero edota hilero kontsumitzen dutenen artean. Horrela, gaur egun, kanabisa erretzen dutenen portzentajea populazioaren % 8,8an aurkitzen da, aurreko hamarkadako erdialdean zen % 20tik urrun.

Gero eta gutxiago dira erretzen hasten diren gazteak, eta gero eta gehiago dira erretzeari uzten diotenak

Kanabisaren atzetik, kokaina eta anfetaminak dira gehien kontsumitzen diren droga ilegalak. Kokainaren kasuan, honen kontsumoa erdira murriztu da azken urteetan. Modu honetan, 2010an populazioaren % 1,6k droga hau kontsumitzen bazuen, oraingoan, ehuneko hori, puntu batean jaitsi da (% 0,6). Substantzia honen kontsumoaren beherakada duela sei urte inguru hasi zen, baina azken urteetan, krisi ekonomikoaren eraginez edo, honen erritmoa bizkortu egin da. Horrela, antzeko eragina duen ‘speed’aren kontsumoa ia berean mantendu da, arrazoi desberdinak direla medio, askoz merkeagoa delako

Heroina bezalako bestelako droga ilegalen kontsumoa oso txikia da gure artean.

Droga gutxiago gazteen artean

María Teresa Laespada eta Javier Elzo buru izan dituen Deustuko Unibertsitateak egindako beste ikerlan baten arabera, azken bost urteetan, euskal ikasleen artean ematen den drogen kontsumoa arinki jaitsi da alkoholaren kasuan izan ezik. Gainera, droga honen kasuan, euskal gazteek gero eta arinago hasten dira hau kontsumitzen, bataz beste 13 urterekin hasten direlarik. Ikerketa hau 4.239 ikasleekin egindako azterlan batean oinarritu da eta, besteak beste, jada aipatutako alkoholaren kontsumoa ezezik, tabakoa, kanabisa eta beste zenbait droga ilegalen kontsumoak ere aztertu dira. Tabakoaren eta kanabisaren kasuan, oso jaitsiera arinak eman dira bi droga hauen kontsumoan, % 5 eta % 4,1 hurrenez hurren.

Kanabisaren atzetik, kokaina eta anfetaminak dira gehien kontsumitzen diren droga ilegalak.

Zalantzarik gabe, alkohola da gazteriaren artean nagusitzen den droga. Aipatu ikerketaren arabera, euskal ikasleriaren 3/4ak noizbait alkohola edan izana aitortzen du. Honen kontsumoa, gehienbat, astebukaeretan ematen da, eta gero eta gehiago badira ere bere burua abstemiotzat jotzen dituzten gazteak, gehiegizko kontsumoa egiten duten gazteen kopuruak ere altuegia izaten jarraitzen du (% 19,8).

Txosten honek ematen duen ondorio azpimagarrienetako bat Javier Elzok berak ematen du: “ikasleen artean alkoholaren kontsumoan beherakada nabarmenagoa eman ez bada nesken artean alkoholaren kontsumoa areagotu delako izan da. Horrela, jada neskek mutilek bezainbeste edaten dute”.

Droga ilegal gogorren kasuan, ikasleen % 10ak soilik aitortzen du hauek kontsumitzen dituenik. Droga hauen artean aurkituko lirateke, besteak beste, extasisa, kokaina edota heroina. Kasu honetan, kontsumoaren jaitsiera arin bat ematen da, baina heroinaren kasuan, kontsumoaren hazkundea eman da, % 0,8tik % 1era.

Laespadak eta Elzok adierazi dutenez, kontsumo beherakada arin hau ulertzeko faktore desberdinak hartu behar dira kontutan: izan diren kanpaina dibulgatzaileak, krisi ekonomikoa, Interneten erabilera gero eta masiboagoa…

Drogak eta biolentzia

Eusko Jaurlaritzako Herri Admizistrazio eta Justizia Sailak emandako datuen arabera gazteek burutzen dituzten delituak gero eta larriagoak dira eta, sarritan, drogen eraginpean burutzen ohi dira. Horrela, Ana Agirre Justizia sailburuak berak adingabekoen artean gero eta nabarmenagoa den biolentzia adierazpenak drogen kontsumoari lotuta izaten direla adierazi du, behintzat, duela bost urte baino gehiago. Agirrek eta Erkoreka sailburuak emandako datuen arabera, aurreko urtean adingabekoentzako epaitegietako epaileek 992 neurri penal hartu behar izan zituzten eta beste 384 kasu bitartekaritzari esker konpondu ziren.

Jende askok kontrakoa pentsatzen duen arren, delitu gehienak bertako gazteek burutzen dituzte (% 70 Estatuan jaioak eta, hauetatik, % 90 EAEn jaioak) eta gehien errepikatu diren delituak indarkeriaz egindako lapurretak, larderia eta ebasketak izan ziren. Gazte Justizia III. Planaren arabera, delituren bat burutzen duen adingabe gehienek 16 eta 17 urte bitartekoak dira. Erkorekak azaldu duenez, gazte hauek guztiek gatazkak maneiatzeko arazoak izaten dituzte eta, zenbait kasutan, osasun mentaleko edota portaera nahasmenduak azaltzen dituzte.

Eusko Jaurlaritzatik, dena den, delitu gero eta larriagoak burutzen direla azpimarratu nahi izan da. Horrela, pasa den urtean, kalte delituengatik 150 kondena ezarri ziren eta beste 132 familia barruan adingabeek burututako eraso-delituengatik. Zentzu horretan, aurtengo otsailan, jada, Euskadiko fiskalburu den Juan Calparsorok familia barruan adingabeek burutzen duten biolentziaren inguruan ohartu zuen. Bilbon burutu zen Genero Biolentziaren kontrako II. Kongresu Nazionalean ere gero eta nerabe gehiagok eraso sexistak burutzen dituztela salatu zen.

Delituak gero eta larriagoak direnez, horietatik jasotzen diren epaiak ere gogorragoak izaten dira, bataz beste, 6 eta 9 hilabete bitartekoak direlarik.