Etxetik alde egin ezinik

Gazteriak gero eta zailagoa du bere gurasoen etxetik alde egitea. Krisiaren ondorioz bizi dugun egoera ekonomikoak eta gure inguruan etxebizitzak dituen prezio altuak direla eta emantzipazioa ia amets bilakatu da.

Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren barruan den Emantzipaziorako Behatokiak berriki argitaratu duen txostenaren arabera, euskal gazteak aurkitzen dira emantzipaziorako arazo gehien dituztenen artean, batez ere, etxebizitzaren prezio altuak direla eta, bai erosteko zein alokairurako. Horrela, urte honen lehen hiruhilekoan bildutako datuen arabera, 16 eta 29 urte bitarteko euskal gazteriaren %18,5 soilik emantzipatuta dago. Nafarroari dagokionez, berriz, azken urtean datuek okerrera jo duten arren kopurua hau zertxobait altuagoa da eta estatuan den bataz bestearen inguruan kokatzen da (%24 inguru). 30 eta 34 urte bitarteko gazteriari dagokionez, berriz, Nafarroak du estatuko emantzipazio tasarik altuena (%83,7) eta Euskal Autonomia Erkidegoa, ostera, sailkapen horren azken postuetan aurkitzen da %75eko tasaren azpitik (%72,3).

Euskal Autonomia Erkidegoa
Aipatu txostenaren arabera, EAEn bizi diren 16 eta 29 urte bitarteko emantzipazio tasak beherakada nabarmena izan du azken urtean eta, esan bezala, estatuko baxuenetako bat da (baxuena 30 urtetik beherako gazteak bakarrik kontutan hartzen badira). Aipatu adin tarteko gazteriaren %18,5k soilik lortu du, urte honen hasieran, jatorrizko etxebizitzatik at bizitzen jartzea. Txostenaren arabera, erosketa zein alokairuan diren prezio altuak direla eta ematen diren etxebizitza merkatura sartzeko zailtasunak lirateke datu txar hauen arrazoirik nagusienak.

Lan merkatuaren datuak, ostera, ez dira hain negatiboak EAEko gazteriarentzat. Izan ere, euskal gazteek bere lanagatik lortzen duten ordainsaria, estatuko beste erkidegoekin alderatuta, altuenetakoa da. Hala ere, 30 urtetik beherako euskal gazteriaren %63,8k ez du inolako ordainsaririk jasotzen eta, horrela, etxebizitza bat erosteko edo alokatzeko aukerak ezdeusak dira.

Nafarroa
Nafarroan, azken urtean, emantzipazio tasa jaitsi bada ere, bataz bestekoa estatuaren parekoa da. Hala ere, esan bezala, 30 eta 34 urte bitarteko gazteriari dagokionez, berriz, Nafarroak du estatuko emantzipazio tasarik altuena. Adin tarte honetan, behin-behinekotasun gutxiago ikusten da lan esparruan eta estatuko beste herrialdeetan ez bezala, nafar gazteek bere soldataren %30 azpitik bideratuta etxebizitza bat lor dezakete bai erosiz bai alokairuan. Gezurra badirudi ere, 16 eta 29 urte bitarteko nafar gazte batek ere, bataz beste irabazten duen ordainsariarekin, onargarritzat jotzen den %30eko zerga gaitasuna gainditu gabe etxebizitza bat lor lezake.

Etxebizitzen prezioak
Emantzipaziorako bi aldagai nagusi daude: gazteriaren gaitasun ekonomikoa eta etxebizitzaren salneurria. EAEren kasuan, datuak kezkagarriak badira ere, estatuko beste herrialdeetan baino hobeak dira. Zoritxarrez, bigarren aldagaian Euskadi hankamotz geratzen da, etxebizitzaren prezioak oso garestiak baitira. Horrela, txosten honen arabera, gazte batek %75 gehiago irabazi beharko luke %30 zerga gaitasuna gainditu gabe merkatuan etxebizitza libre bat erosteko eta 30 urtetik beherako gazteen kasuan, bataz beste, %160 gehiago. Izan ere, EAEn etxebizitza libre baten bataz besteko prezioa 250.000 eurotik gora kokatzen da eta bataz besteko alokairua ia 750 eurotan. Gazteriaren bataz besteko soldata, berriz, ez da 16.000 eurotara iristen. Nafarroan, berriz, etxebizitza libre baten bataz besteko prezioa 137.500 euro ingurukoa da eta bataz besteko alokairua ia 490 eurotan.

Enplegu eta langabezia tasak
EAEk du, estatu mailan, gazte langabezia tasarik baxuenetako bat. Gaur egun, EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteriaren %19,1 dago langabezian. Nafarroan, berriz, tasa hau %18,2koa da. Bi kasuetan, inaktibitate tasak estatuko altuenetakoak dira, eta horek, nolabait, gure artean hainbat gaztek ikasten jarraitzen duela adierazten du. Horrela, EAE inaktiboak dauden eta ikasten jarraitzen duten gazteen kopurua %90,3koa da eta Nafarroan, berriz, %91,1koa. Inaktibo dauden eta ikasten jarraitzen ez dutenen gazteak etxeko jarduerak burutzen izaten dira gehienbat.Langabetuen artean, txostenaren arabera, 16 eta 29 urte bitarteko EAEko gazteriaren %78k aurretiko lan esperientziaren bat izan du, eta normalean, emakumeak dira esperientzia gehien dutenak. Langabezian diren horietatik, ia erdiak urtebete baino gehigo darama lan egin gabe. Nafarroan, langabetuen ia laurden batek ez du inolako esperientziarik eta bere lehen lanaren bila dabil. Oinarrizko ikasketak besterik ez dituzten gazteak dira lan bat aurkitzeko zailtasun gehien dituztenak.

Enplegu tasari dagokionez, EAEn %36,2koa da, estatuko bataz bestekoa baino 3 puntu altuagoa. Nafarroan, tasa hau %34,4koa litzateke. Bi kasuetan, enplagu tasa maila altuagoak ikusten dira trebakuntza eta ikasketa maila altuagoak dituztenen artean. EAEn lanean diren 16 eta 29 urte bitarteko gazteriaren %89,3a soldatako langileak dira baina azken urtean, autonomoen kopurua %13,63an hazi da. Nafarroan, soldatako langile gazteen portzentajea %89,8koa da eta hauetatik, ia laurden bat (%24,3) lanaldi partzialeko lana dute. EAEn lanaldi mota hau duten gazteak %28,5 dira.

EAEn, soldatako langile diren 29 urtetik beherako gazteen %54,1k bere trebakuntza mailaren azpiko lanpostuetan aritzen da. Arazo hau nabariagoa da 30 eta 34 urte bitarteko gazteen artean (%66,4). Nafarroan, 29 urtetik beherako gazteen %68,1k egiten du lan bere trebakuntza mailaren azpiko lanpostuetan eta antzeko kopuruetan mugitzen dira 30-34 bitarteko gazteak (%60,2).

Gurasoen etxera
Pasa den urtean Gazteen Euskal Behatokiak plazaratutako datuen arabera, krisiak sortutako zailtasun ekonomikoak zirela medio, hamar mila euskal gazte inguruk bere gurasoen etxera bueltatu behar izan zuen emantzipatu ondoren. Kasu gehienetan, bere independentziari uko egin behar izan zioten bere lanpostua galdu ostean.

Fundación de Ayuda contra la Drogadicción (FAD) eta Obra Social Caja Madrid-ek estatu mailan egindako antzeko ikerlan baten arabera, pasa den urtean, estatuko 18 eta 34 urte bitarteko gazteen %55 inguru bere gurasoen etxean bizi zen. Aipatu txostenaren arabera, estatuan emantzipaziorako bataz besteko adina 29 urtetan kokatzen da, Euskadin, berriz, 30. Europako beste herrialdeekin alderatuta, aldeak nabarmenak dira. Horrela, Frantzia, Alemania edo Erresuma Batua bezalako herrialdeetan, bataz beste, gazteak 25 urterekin emantzipatu egiten dira. Gure antzera aurkituko lirateke Bulgaria, Errumania edo Eslovakiako gazteak. FADeko zuzendari teknikoa den Eusebio Megíasek azaltzen zuenez, estatuan ematen den emantzipaziorako atzerapen hau bi aldagaien baitan dago.

Lehena, baldintza ekonomikoak lirateke; gazte langabezia-tasa altuak, lan baldintza kaxkarrak, soldata baxuak eta etxebizitzen prezio altuek ez dute emantzipazioa errazten. Gazte batek bere soldataren %42a bideratu beharko luke etxe baten alokairua ordaintzeko (%30 inguru gure artean). Baina soilik gazteen %11ak nahiago du alokairuan joatea. Europako herrialdeetan ez bezala, penintsulako gazteek nahiago dute etxebizitza erostea (%78,9), nahiz eta, horretarako, bataz beste 25 urtez 660 euro inguru ordaindu behar izan. Europan, alokairuan diren gazteen ehunekoak askoz ere altuagoak dira, hala nola, Frantzia (%44), Suedia (%45), Danimarka (%46), Holanda (%46) edo Alemania (%57).

Bigarrena, aldagai kulturala litzateke. Megíasek azaltzen duenez, “Espainian ez dago inolako emantzipazio eredurik”. Zentzu horretan, administrazio publikoek ere ez dute etxebizitza bat lortzen gehiegi laguntzen, ez behintza, Eskandinabiar herrialdeetan bezain beste. Izan ere, gure artean gazteriaren diru sarrerak bere lanagatik izaten dira (%48) edo familiaren laguntzagatik. Beken bidez lortzen den dirua %5ekoa da, Alemania (%22), Erresuma batua (%22) edo Danimarkatik (%27) urrun.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.