Maitasunera kondenatuta

Etxean sartu naiz kalean harrapatu nauen euri zaparradarengatik blai eginda. Noizbait ohituko naiz Donostian beti aterkia poltsan sartzen. Ohi dudan moduan irratia piztu dut. Azken boladan musika saioak entzuten ditut, berriak eta mahai inguruetan hitz egiten diren gaiek burua lehertzeraino bete didate jada eta ez daukat neuronarik libre horretarako. Paso. Gari ari da kantuan, “Esperantzara Kondenatua”. Atsegin ditut Jose Luis Padronen hitz horiek. Arropak eranstearekin batera abesten hasi naiz neu ere bai: “noiztik da negarrik egiten ez dudala”…Eta hortxe geratu zait galdera buruan trabatutako diska balitzan. Gogoratu dut malko mardulak bota nituen une horietako bat. Ziur ez dela izan azkena, baina une honetan berau etorri zait pentsamendura eta momentu hura eragin zuen froga materiala bilatzen hasi naiz obsesiboki. Karta bat da, ez ordea nik jasotakoa, idatzitakoa baizik, gaztaroan nuen bikoteaz banatu nintzenean idatzi niona. Aurreneko zirriborroa nonbait dudala badakit eta minutu batzuen bueltan aurkitu egin dut. Automatikoki irakurtzeari ekin diot. Orain zuetariko batzuek pentsatuko duzue negar egin dudala berriz ere irakurri dudanean. Beste batzuek pentsatuko duzue barrez lehertu naizela horrelakoak nik idatzi nituela gogoratu dudanean. Tira, ez bata eta ez bestea ere. Sorpresa galanta da hartu dudana, irakurtzerakoan jabetu naizelako hori guztia ez zela egia. Ez dut esan gezurrak zirenik. Hau da, idatzitakoak egiak baziren ere, ez ziren beste inorentzat idatzitako hitzak, nire buruari esaten nizkion hitz minduak, hitz goxoak, hitz zikinak, eta hitz liluragarriak baizik. Baina garai hartan ez nintzen horretaz jabetzen.

Ispilu ederrak gara pertsonok maitemindu eta bizitzaren unetxo bat elkarrekin egiten dugunean. Maitasunak itsutu egiten duela esan ohi da, baina nire ustetan, maitasunak barruak biluztu eta gordinki erakusten dizkigu gure dohain eta gabeziak. Erne gero aurrean daukazun edertasun horri itsuskeriak botatzeko grina datorkizunean. Begira ezazu zeure zilborra eta bitan pentsatu esan beharrekoak. Oso ondo. Arnas hartu duzu eta orain bai, orain prest zaude esateko zenbat maite duzun aurrean duzun pertsona hori, zenbat eskertzen diozun bizitzari horrelako ispilua zure aurrean kokatu izana kontura zaitezen zenbateraino ikasi behar duzun oraindik zure burua hortxe islatuta ikusten duzun bakoitzean. Eta lasai, bera ere zu bezain inozo, eder, astakirten, zoragarri, gorrotagarri eta batez ere maitagarria delako.

Imajina dezaket zeinen zoriontsu nintzatekeen orduan konturatu izan banintz tristura hori guztia putzada batek eramango zuela eta bizitzak berriz ere eskeiniko zidala maitemintzeko beta. Baina hain da goxoa maitasuna gaztaroan bere atsekabe eta negarrak barne. Heldutasuna iritsi zait ordea. Bapatean izan da. Ate joka aritu zait lau bat urtetik hona eta ez diot jaramonik egin. Une honetan ordea, atzera begiratu eta garai haietatik bi hamarkada pasa direnean, hitz horiek irakurri eta horrelako azterketa egin ostean, orduan konturatu naiz heldutasuna dudala pare parean begietara so eginez, logelako ispiluan nire burua begiratzen ari naizela. Halako freskotasuna nabaritu dut ipurdi partean eta arropak erantsita nituela erabat ahaztu dudala ere jabetu naiz, eta une batez Christian Grey sentitu naiz. Ez diet nire pentsamenduei astirik eman kritika zorrotzetan sartu eta etxean gera nadin agintzen hasteko. Arropa lehorrak jantzi eta Anastasiarekin dudan hitz ordurantz irten naiz. Garik kantatzen dituen Padronen letrak ezpainetan, banoa eskailerak behera “garaipenik eta galtzekorik gabe”. Hori bai, oraingoan aterkia poltsan sartu dut, baita buruan jantziko ez ditudan txapelak ere. Erabiliko ditudanaren esperantzari preso, etxeko ataria zeharkatu eta kalera irten naiz bere atsekabe eta negarrak barne heldutasunean ere hain goxoa den maitasunera kondenatua.

Gotzon Sanchez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.