Orbainak lurrazalean

Zalantzarik gabe, gizakia da bere ingurunea gehien eraldatzeko gaitasuna duen animalia. Honen adibide garbia dugu, adibidez, gure planetaren lurrazalean aurkitzen diren meategi erraldoi irekiak. Ondoan den argazkian ikus daitekeena Mirny izeneko meategia dugu. Hau, Siberiako ekialdean den Sajá Errepublikako Mirny hirian aurkitzen da eta 2004. urtez geroztik ‘itxita’ dago. 525 metroko sakonerarekin eta 1,2 kilometroko diametroarekin, meategi hau da lurrazalean inoiz zulatu den bigarren zulorik handiena. Lehena, Estatu Batuetako Salt Lake Cityn aurkitzen den Bingham meategia da.

Diamanteak ateratzeko ireki zen meategi hau 1957an. Kontutan izan behar da Siberiako eskualde honetan neguak zazpi hilabete inguruko iraupena duela eta oso tenperatura baxuak ematen direla. Hori dela eta, sarritan lurra bera izoztuta izaten da eta horrek zulaketa lanak oztopatu egiten ditu. Dena den, bi urte lehenago egindako espedizio batean aurkitutako Kinberlita izeneko mineralari esker, geologoek zonalde horretan diamante ugari aurki zitekeela ziurtatu zuten. Orduko Sobiet Batasuneko agintarientzat oso erakargarria zen eta oso baldintza kaxkarretan hasi ziren zulatze lanak. Izoztutako lurra ezezik, udan zuloa lokatzez betetzen zen eta horrek oso zaila egiten zuen beharrezkoak ziren eraikin guztien eraikuntza. Prozesamendurako eraikin nagusia, adibidez, meategitik 20 kilometrotara eraiki behar izan zuten.

Geologoek esan bezala, meatzariek hainbat diamante atera ahal izan zuten. Urterik honenetan bi tona diamante ateratzea lortu zuten (10 milioi kilate), % 20 inguru oso kalitate altukoa. Ateratako diamanterik handiena (342,5 kilate/ 68gr) 1980ko abenduaren 23an atera zuten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.