Amets bat daukat

Gotzon Sanchez

Bi urte izango da loak ezin hartu nenbilela, oso urduri, ezkortasun maila izugarri altua edozein lanari ekiteko unean, eta gaitz hauetatik guztietatik okerrena zena: harremanak maitasunetik abiatuta eraikitzeko gaitasun falta itzela beldurrez jantzita. Une hartan meditazio ikastaro bat egin nezala gomendatu zidan lagun batek. Beldur haiek izan ziren erantzun azkar eta oinarririk gabekoa ematera bultzatu nindutena, ezezko borobila, nahiago nuela sendagilearen kontsultatik pasa ziurrenik izango zuelako niretzat beste erremedio aproposagorik.

Hala egin nuen eta bingo! Antsiolitiko eraginkor batzuen errezeta bikaina jarri zidan mutur aurrean. Anbulategitik irten eta botikarako bidean zalantza izpirik ez nuen artean. Botikan sartu eta kutxatxoa erosi nuenean etorri zitzaizkidan denak batean ordea. Finean bi aukera nituen: kutxatxo hura ireki eta miloika pentsamendu ezkor haiek sistematikoki farmakoz mozkortzen hasi, edo behingoagatik lagun hark gomendatutako meditazio ikastaroa egin. Eta ze demonio! Beti izango nuen aukera farmakoen irtenbidea berreskuratzeko sekta usaina zerion proposamen hura dastatu ostean aldaketarik somatuko ez banu. Sekta bat doktrina zehatz bat jarraitzen duten pertsonek osatutako talde edo komunitate erlijioso edo ideologikoa da. Azkar etorri zait burura haurtzaroan Kung Fu (1972-1975) ikusten genuenean telebistan. Txikia zen matxinsaltoa eta handia izan zen David Carradine, bai horixe, eta Shaolin monastegian moje izango ginela amesten genuen gutariko askok, izan ere, aintzinean sektarioak filosofo, maixu edo lider baten irakaskuntza jarraitzen zuten pertsonek hartzen zuten izena zen, latingo seqüi hitzatik, euskaraz segi, eta hasiera batean hitz horrek ez zuen gerora hartuko zuen konnotazio ezkorra. Aurreneko kristauei adibidez “nazarenotarren sekta” izena eman zieten judutarrek, hau da, nazarenotarren segitzaileak. Beste jatorri bat izan daiteke latingo secare hitzatik, euskaraz moztu edo banatu. Testamendu Berriak eta zehatzago San Pablok hairesi izena eman zien kristau komunitatean ematen ari ziren banaketei, eta aintzineko elizak gero eta gehiago erabili zuen sortutako talde berriak izendatzeko, hau da, talde sektario haiek denborarekin heresiatzat hartu ziren, doktrina faltsuak. Eliz katolikoak ideia hau defentadu du Erdi Arotik, adibidez protestanteei “luterotar sekta” izena emanez.

Bitxia da gero, gaur egun, sekta hitzak sortu dezakeen beldurra, batez ere, hain argi ikus daitekenean nolako manipulazioa jasan duen historian zehar. San Pablok kristautasun bakar baten aitzakian heresetzat jotzen zituen sektarioak, hau da, ezarritako ortodoxiatik banatzen ziren taldeak. Halako parekotasuna harrapatu diot aferari, espainiar estatuko aginte aparatuek independentista garenoi terrorista deitzeko mantentzen duten grinarekin eta ondorioz independentzia hitzak espainiar estatuan daukan konnotazio ezkorrarekin. Beldurgarria beharko lukeena litzateke eliza katolikoaren kredua entzutera joatea jakin eta ezagutu ditugunean etxe horrek jaungoikoaren izenean historian zehar burutu dituen gizaki eta kultura desberdinen aurkako krimenak.

Meditazioaren haria berreskuratuz, egun jende gutxi egongo da sekta izena jarriko diena praktika honek munduan dituen eskola desberdinei, izan ere, XX. mendeko 80. hamarkadan “erlijio mugimendu berriak” izenarekin hasiko dira ezagutzen sekta hitzak daukan konnotazio ezkorratik aldentzeko. Baina, ze demontre, Kung Fu eta hiru hamarkada geroago Daga hegalarien etxea (2004) filma ikusi nuenean, berriz ere piztu zitzaidan niri halako desioa sektarioa izateko eta behingoz espainiar erresumari lotzen gaituzten kateak mozteko.
Egun badira gauak loak ezin hartu nabilela, badira egunak ene pentsamenduek nolabaiteko puntu ezkorra azaltzen didatena, edota beldurrak bere irripar maltzurra erakusten didan uneak ere. Hala ere, egun badut meditatzeko eta goxo lokartzeko gaitasuna, badut meditatzeko eta pentsamendu ezkorrak begiratu eta besterik gabe pasatzen uzteko gaitasuna, eta aberasgarriena, meditazioaren bidez berreskuratu dut harremanak beldurrik gabe maitasunetik eraikitzeko gaitasuna. Beharbada maitasun harreman honetatik jaioko da errege edo erregina txiki bat, agian protestatuko duena, apika Martin edo Martina deituko dioguna, ausaz doktore izango dena, eta akaso, ordurako euskal eskoletako ikasketa plangintzan ikasgai moduan sartuta baldin badago, meditatzen ere ikasiko duena. Bitartean, Martin Luther King Jr. Doktoreak zioen moduan, nik ere, amets bat daukat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.