Estefanía Jiménez: “Segurua den Internet batengana jo behar dugu”

Argitaratu berri duzuen txostenaren arabera, Interneten diren arriskuak oso modu desberdinean ikusten dituzte pertsona helduek eta adingabeek. Zer dela eta pertzepzioan ematen den alde hori?

Zergatietan sartu gabe, garbi dago gurasoek zenbait eduki ez dituztela egoki ikusten bere seme-alabentzako. Telebistarekin ere gauza bera gertatzen da; eduki biolentoak edota eduki sexuala duten irudiak direla eta, batez ere. 9 eta 16 urte bitarteko gazteekin hitz egin dugunean, nerabeek bere burua babestuta dutela adierazi ohi digute, hau da, aipatu eduki biolento edo sexual horiek beraiengan eragin handirik ez dutela onartu digute. Aipatu elkarrizketa horietan, berriz, bestelako kezkak edo arriskuak azaldu dira, hala nola, identitate ordezpena, bullyinga… Esan bezala, nerabeek ez dute helduek arriskutzat jotzen duten hori mehatxutzat hartzen, nolabait ere, eduki horiek ekiditeko gai direla uste baitute.

Zeintzuk lirateke, beraz, nerabeentzat, eta oro har, gazteentzat sarean aurki daitezkeen arriskurik nabarienak?

Bada arrisku horien guztien sailkapen bat. Guk identifikatuta ditugun esparruen artean, besteak beste, honako hauek aurkitzen dira: irudi sexualak (irudi erotikoak, pornografia, parafiliak… sexualitatearen fribolizazioa), bullying-a, grooming-a eta pertsona berri ezezagunak ezagutzea.

Nerabeek inolako arazorik gabe eskura ditzakete izaera sexuala duten edukiak Interneten. Hauek, maila batean bere sexualitatea eraikitzeko baliagarri izan daitezke, baina hainbat kasutan eduki sexual bortitzak ere eskuratzen dituzte eta hauek, noski, ez dute inolako eragin positiborik.

Bullyinga da, zalantzarik gabe, beraiek duten kezkarik handiena, eta honekin batera, pertsona helduen partetik eduki sexuala duten mezuak jasotzea ere (grooming) beraien kezka nagusien artean dago. Eta gezurra badirudi ere, pertsona berriak ezagutzea ere arriskutzat jotzen da, izan ere, onlinetik offlinera pasatzeak ondorioak izan ditzake.

Txostenean azaltzen duzuenez, hainbat gaztek sarean diren arriskuen berri dute, baina ezer gutxi egiten dute horiek ekiditeko. Zer dela eta jarrera kontrajarri hori?

Arriskuarekin jokatzea nerabetasunaren ADNan barneratuta dagoela esango nuke. Adin horretan bete beharreko arauekin egiten dute topo eta hauek noraino eraman daitezkeen neurtu behar dute. Nolabait ere, bizitzan duten papera ikertzen hasten dira. Arazoa kontrolaren pertzepzio oker bat dagoenean ematen da, hau da, arazo bat kontrolpean dutela uste dute baina, sarritan, kontrakoa da.

Nerabeek pairatzen dituzten eraso gehienak gizarte sareen bidez ematen dira. Zerbait egin al daiteke horiek ekiditeko?

Gure ustez beharrezkoa da arazo hau behar bezala kudeatzea. Gizarte sareek, iragazkien bidez, hainbat arazo ekiditeko aukera ematen dute, baina iragazki hauek ez daude aldez aurretik zehaztuta eta erabiltzaileak berak du hauek behar bezala konfiguratzeko ardura. Gizarte sareen kasuan, arazoa, sarritan, besteek egiten duten jardueretan aurkitzen da. Izan ere, zuk zure profila modu egokian konfiguratua izan ahal duzu baina besteek zutaz esaten dutena zure kontroletik at geratzen da.

EHUn bertan egindako ikerketa baten arabera, Euskadiko gazteen % 35 inguruk izaera sexuala duten edukiak partekatzen du. Ez al da praktika arriskutsu honen inguruan informazio nahikorik?

Ikerketa honetan, oker ez banaiz, 21 urte arteko gazteen erabilera aztertzen zen. Seguruenik, adin horietan arruntagoak dira horrelako praktikak. Gure kasuan, 9 eta 16 urte bitarteko nerabeekin lan egin dugu eta horrelakorik aurkitu izan dugu. Sarritan, mutilek eskatu izaten dituzte, maitasun frogatzat edo, bere bikotekideei halako irudiak bidaltzea.

Internet gure errealitatearen parte bat da eta ezin dugu mugatu edo itsuarena egin

Internetek gazteek sozializatzeko duten eredua guztiz eraldatu du. Zein puntutaraino har daiteke hau modu negatiboan?

Helduen kasuan ere antzekoa ematen da. Dena den, ez dut uste orokortu daitekeenik eta gizarte sareak edo Internet txarra edo ona den esan. Internet gure errealitatearen parte bat da eta ezin dugu mugatu edo itsuarena egin. Teknologia hauek guztiak oso erakargarriak dira, batez ere nerabeentzat, eta hori kontutan hartuta, ahalik eta seguruen den Internet batengana jo behar dugu. Izan ere, arriskuek ez dute zertan kaltea suposatu behar. Internetek jende berria ezagutzeko aukera ematen du; hori arrisku bat izan daiteke baina baita aukera bat ere. Gure ustez potentzialki arriskutsuak diren egoera horiek guztiak kudeatzen ikasi behar da. Zenbat eta esperientzia gehiago izan teknologia berriekin orduan eta aukera gehiago arriskuak identifikatzeko eta hauei aurre egiteko.

Hainbat gaztek Internetekiko menpekotasuna duela esatea zuzena da?

Menpekotasuna dagoen ala ez zehazteko ez da soilik sarean ematen den denbora kontutan hartu behar. Menpekotasuna denbora aldagarria baino haratago doa eta arazoa bilakatzen da beste zenbait gauza egiteari uzten zaionean: ikasketak, jolastu, lagunekin izan, etab… Normalean, hedabideetan halako berri negatiboek oihartzun handiagoa izaten dute baina nolabaiteko esajerazioa dagoela ere azpimarratuko nuke. Interneten denbora asko emateak ez du zertan menpekotasun bat adierazi behar. Kontsumoa altua dela ukaezina da, baina hortik menpekotasunera pauso handia dago. Gure gizartean, nagusitzen hasten diren joera berriak gaixotasun direla esateko ohitura hartu dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.