Hekimen eta Udalbiltzaren arteko hitzarmena

Hekimen,euskal hedabideen elkarlana bideratzeko eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzeko 2012.an eratutako erakundeak eta Udalbiltzak 2014-14 epealdirako lankidetza hitzarmena sinatu dute. Lankidetza estrategiko honen baitan, erakunde biek Euskal Hedabideen Behategia proiektua jarriko dute abian aipatu epealdian eta hori gauzatzeko, Udalbiltzak 15.000 euroko dirulaguntza bideratuko du Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Funtsaren bidez. Aldi berean, Hekimenek Udalbiltzaren Adituen Sarean hartuko du parte.

Udalbiltzak bere Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Funtsaren baitan kokatu du Hekimenekin sinatutako akordioa; hain zuzen, ‘Euskal Herria sendotzen’ programan. Nazio eragileekin hitzarmen estrategikoak egiten ditu programa horretan. Funtsa iazko ekainean jarri zuen abian Udalbiltzak, eta ‘Euskal Herria sendotzen’, iazko irailean.

Hekimenekin egindako hitzarmena, ‘Euskal Herria sendotzen’-eko laugarrena da. Beste hirurak, Gaindegia (Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiarekin), euskara elkarteen Topagunearekin eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararekin sinatu ditu.

Hekimeneko lehendakaria den Iban Arantzabalen esanetan, “Behategiaren proiektua Hekimen elkartearen proiektu estrategikoa da, gaur egungo errealitatea zein den ezagutzeko ez ezik, hurrengo urteetan euskal hedabideek egin behar dituzten urratsak irudikatzen lagunduko digun tresna”. Hekimenek aurten bertan du Behategia abian jartzeko asmoa EHU eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakasleen laguntzarekin.

Udalbiltzako Mertxe Aizpuruak, berriz, funtsezkotzat jo du Euskal Herria aintzat hartzen duten hedabideen arteko lankidetza. Aizpuruaren esanetan “euskararen normalizazioan ezinbesteko lana betetzen dute Hekimen barruan dauden hedabideek, euskaldunei informazioa jasotzeko eskubidea bermatzen dietelako”.

Behategia
Hekimen elkarteak sortze beretik duen helburu eta egitasmo garrantzitsuetako bat da Euskal Hedabideen Behategia.
Euskararen normalizaziorako erronkan sektoreak duen papera ikusita, behategi bat martxan jartzea ezinbestekoa da, eta Euskal Hedabideen Behategiaren helburua sektoreak eta administrazio publikoek euskararen normalkuntzarako ados ditzaketen zenbait urratsen bideratzea eta jarraipena egitea da:
– Irismenaren neurketa zehatzak egitea.
– Hartutako neurrien betetze maila neurtzea; publizitate instituzionalarena, adibidez.
– Sektorearen egoera islatzen duten adierazleak definitu eta horien jarraipena egitea.
– Beste hizkuntza gutxitu batzuen esperientzietatik ikastea.
– Bestelako estrategikotasun eta funtzio sozialaren inguruan ados daitezkeen zenbait akordioren jarraipena egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.