Etsaia etxean: Seme-alaben gurasoenganako indarkeria

Gero eta gehiago dira bere gurasoak, psikologikoki zein fisikoki, gaizki tratatzen dituzten nerabeak

Seme-alaben Gurasoenganako Indarkeria Euskal Herrian gero eta gehiago ematen den fenomenoa da. Aurreko urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan biolentzia edo indarkeria mota horren 486 kasu izan ziren. Kopuru horrekin, eta aurreko urteko datuarekin alderatuta, % 17ko hazkundea eman da. Adituen ustetan, hala ere, kopuru hori izozmendiaren punta besterik izan daiteke, izan ere, aipatu 486 kasu horiek medikuen kontsultetan erregistratutako kasuen kopurua da, baina, seguruenik, beste hainbat dira medikuarenean amaitzen ez direnak.

Seme-alaben Gurasoenganako Indarkeria, beste indarkeria mota guztiak bezala, oso gai konplexua da. Gutxi izaten dira bere seme-alabak salatu nahi dituzten gurasoak eta, zergatik ez esan, beti dago seme-alaba aldatuko denaren itxaropena.

Faktoreak

Deustuko Unibertsitatearen barruan den Deusto Stress Research ikerketa taldeak lau urte eman ditu nerabeek familiaren barruan burutzen duten indarkeria eragiten duten faktoreak aztertzen eta ‘Escuela Vasco Navarra de Terapia Familiar’ delakoarekin, berriki, aipatu azterlanaren emaitzak kaleratu dituzte. Ikerketa, 13 eta 18 urte bitarteko ia 2.200 nerebeekin burutu da.

Ikerketa taldeko buru den Esther Calvetek azaltzen duenez, “seme-alaba bat oldarkor izateko ez da arrazoi bakarra ematen, baina izan badira arrisku hori iragar dezaketen faktore desberdinak: izaera suminkorra izaten dute, erraz frustatzen dira, haserre bizian jartzen dira nahi dutena lortzen ez dutenean… eta hori guztia, gainera, larriago bilakatzen da ekuazioan drogen edo alkoholaren gehiegizko kontsumoa tartean sartzen bada”. Deusto Stress Researchek egindako azterlanean, gainera, gurasoek beste faktore bat azpimarratzen dute: lagunak. Calvetek azpimarratzen duenez, “hainbat gurasok gauza bera azaltzen dute; seme-alabek koadrilaz aldatzen dutenean eta egokiak izan ez daitezkeen lagun berriekin hasten direnean etxean diren arazoak biderkatu egiten dira”.

Gero eta gazteagoak

Estatu mailan ere, antzeko kopuruak ikus daitezke. Horrela, ANAR Fundazioak emandako datuen arabera, seme-alaben gurasoenganako indarkeria izan zen iaz telefonoz izan zituzten kontsulten % 9,4aren gai nagusia. Fundazio horrek azpimarratu duenez, indarkeria mota honetan gero eta nerabe gazteagoek hartzen dute parte, hots, gero eta gazteagoak dira bere gurasoak erasotzen dituzten gazteak.

Kontrakoa pentsa badaiteke ere, kasu honetan familiaren maila sozialak, antza, ez du zer ikusirik seme-alaben gurasoenganako indarkerian. Horrela, Deusto Stress Research-ek bildu ahal izan dituen kasuetan maila sozial guztiz desberdinak aurki daitezke, hots, behar ekonomiko handiak dituzten familiak baina baita oso maila ekonomiko oneko familiak ere.

Indarkeria mota honen abiarazlea ere guztiz desberdina izan daiteke. Horrela, eta beti ere Deusto Stress Research-ek egindako ikerketaren arabera, gurasoren baten komunikazio eta arreta falta haurtzaroan edota gurasoren baten falta (heriotza dela eta edota bikotea banandu egin delako) izan daitezke abiarazle nagusienak. Izan ere, faktore hauen atzean maitasun falta bat somatzen da beti eta honek, nolabait, jarrera biolentoa abiaraziko luke.

Gurasoen arteko harreman arazoek ere eragin zuzena izaten dute. Horrela, etxean biolentzia bizi izan duten gazteek ondoren jarduera hori errepikatzeko joera izaten ohi dute. Calvetek azpimarratzen duenez, “emakumezkoen aurkako biolentzia edota seme-alaben aurkako biolentzia izan den etxebizitzetan nerebeek jokabide-eredu hori errepikatzen ohi dute”.

Fisikoa zein psikologikoa

Ikerketa honen arabera, seme-alaben gurasoenganako indarkeria gehienbat psikologikoa (errepikatutako irainak, mehatxuak, kolpatzeko keinuak, etxeko gauzak apurtzea…) izaten da fisikoa (kolpeak, bultzadak…)  baino. Horrela, inkestatutako nerabeen artean %14,2k bere gurasoak psikologikoki erasotu dituela onartzen du, bai banan banan edo bi gurasoei batera.

Indarkeria fisikoa, berriz, jasotako kasuen % 3,2an eman da. Kontutan izan behar da, hainbat kasutan seme-alaben gurasoenganako indarkeria soilik guraso bati bakarrik zuzentzen zaiola, hots, bakarrik amari edota aitari. Dena den, kasu gehienetan amak izaten dira biolentzia eredu honen biktima. Calveteren esanetan, “ama izaten da, kasu gehienetan, seme-alabekin denbora gehien ematen duen gurasoa. Gainera, fisikoki ere zaurgarriagoak dirudite; aiten kasuan zailagoa izaten da, batez ere, biolentzia fisikoaz hitz egiten badugu”.

Azterlanak azpimarratzen duenez, gurasoenganako indarkeria neskek zein mutilek burutzen dute ia hein berean. Hori dela eta, indarkeria mota hau ez da genero-indarkeriatzat hartzen.

Ereduak eta arrazoiak

Erasoak definitzerakoan, azterlan honetan bakarrik kontutan hartu dira, psikologikoen kasuan, urtebete batean, gutxienez, sei aldiz errepikatu diren gertakariak. Fisikoen kasuan, berriz, hirutan errepikatu direnak. Calvetek azaldu duenez, nerabetasunean aldaketa asko ematen dira gazteen bizitzan, fisikoak zein psikologikoak. Hau, nolabait, errebeldiaren sasoia da eta adituek normaltzat hartzen dute, noiz edo noiz nerabeek gurasoei aurre egitea. Horregatik, fenomenoa bere benetako dimentsioan aztertu ahal izateko, Deustuko ikerlariek behingo gertaera izan daitezkeen horiek baztertu nahi izan dituzte benetazko arazoa izan daitezkeen beste horiek hobeto identifikatu ahal izateko. Dena den, azken baieztapen hau tentuz aztertu behar da, izan ere, indarkeria edo biolentzia ez da nerabeen garapenaren berezko ezaugarria, eta horregatik ondo bereiztu behar dira normala den portaera bat eta funtzionala den bestea. Orduan, zergatik ematen dira edo azaldu dira portaera hauek? Hona hemen zenbait gako: haurrak izateko bataz besteko adina handitu da eta hainbat guraso ‘helduegi’ dira bere seme-alaba nerabeei aurre egiteko; familia eredua aldatu da eta gero eta gehiago dira seme-alaba bakarra duten familiak non hau ‘errege-erregina’ bilakatu den eta nahi duen guztia lortzeko ‘ohitura’ duen; lana dela eta gurasoek gero eta denbora gutxiago ematen dute bere seme-alabekin eta beraiekin ematen duten tarte horietan gatazkak ekiditzen dituzte seme-alabari nahi duena emanez; eta haurrak bere beharretan baina ez bere betebeharretan hezitzeko joera nagusitu da.

Guraso gehienek nekez onartuko dute bere seme-alabaren batek beraiekiko jarrera biolentoak dituela. Errealitate honen aurrean, gurasoak egoerari aurre egiten saiatzen dira, bai egoera ahal den moduan pairatuz, bai ikasitako babesgabetasun baten bidez. Calveteren ustetan, “arauak eta diziplina finkatzea ezinbestekoa da. Haurrek jakin behar dute ekintza bakoitzak bere ondorioak dituela eta hauek azken muturreraino eraman behar dira. Horrela, zigorrak ezartzen badira ondoren betearazi behar dira”.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.