Alkoholari gerra: gehiegizko kontsumoa gazteen artean

Euskal Herriko gazteriaren heren batek astebukaerero alkohola edaten du eta % 80 inguruk, noiz edo noiz, alkohola kontsumitu izan ohi duela onartzen du. Alkohola edaten hasteko adina, bataz beste, 15,8 urtekoa da mutilen artean eta 17,1ekoa nesken artean. Datu hauek guztiek Eusko Jaurlaritzako arduradunen kezka piztu dute eta, hori dela eta, alkoholaren kontsumoa murrizteko eta honen hasiera atzeratzeko ekintza-plana garatu da. Aipatu plangintza honek, besteak beste, alkoholari aplikatzen zaizkion zergak igo, edari hauen publizitatea mugatu, gehiegizko kontsumoak hautemateko protokolo bat ezarri, lonjetan lan berezia burutu edota gauetan alkoholaren salmenta leku batzuetara soilik mugatzea aurreikusten du. Uda hastear den sasoi honetan, Gasteizko exekutiboak, gainera, hainbat gazte trebatu nahi ditu beste gazteak alkoholaren kontsumoak dituen arriskuen inguruan informatzeko. Izan ere, uda izaten da arrisku gehien duen sasoia, gazteek aisialdirako denbora gehiago dutelako eta herriko jaiek kontsumo hau errazten dutelako. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik azpimarratu den bezala, alkoholak aldaketak eragin ditzake gizakion organismoetan, bereziki guztiz garatu gabe dauden nerabeen gorputzetan (batez ere burmuinean). Gainera, mendekotasuna sor dezakeen droga ere bada.

Gehiegizko kontsumoa
Osasun Sailatik adierazi denez, alkoholaren kontsumoa gazteen artean ‘osasun publikoko arazo’ bat da eta hori dela eta, ‘Adingabeak eta alkohola’ programaren xedea gazteen artean eman daitezkeen gehiegizko kontsumoak ekiditzea eta jarrera hauekiko egun den permisibidade sozialarekin amaitzea da. Izan ere, alkohola da adingabe gehienek probatzen duten lehen droga; lehen mozkorraldia, bataz beste, 14,1 urterekin izaten da datu ofizialen arabera. Datu hauen guztien azterketa sakonago batek joera kezkagarria ere azaltzen du: kontsumoa gero eta goiztiarragoa da eta gero eta intentsiboagoa. Tabakoarekin egindako ibilbidea errepikatu nahian edo, programa honen xedea ‘gazteria-aisialdia-alkohola’ lotura etetea da. Hau, nolabait, nerabetasunetik heldutasunera igarotzeko errituala bilakatu da gure artean, baina normaltzat jotzen dugun kontsumo hori desbidera daiteke eta ondorio oso kaltegarriak sor ditzake. Izan ere, gaztaroan alkoholaren gehiegizko kontsumoa egiten duten horiek aukera handiagoa dute alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ondorioak pairatzeko helduarora iristen direnean. Gehiegizko kontsumo honek, adituen esanetan, 60 gaixotasun desberdin eragin edo gaizkiagotu ditzake.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa, urte honen amaierarako, ‘Mendekotasunei buruzko Legea’ onartzea da eta bertan, gazteei eta hauek alkoholarekin duten harremanari buruzko atal bat barneratu nahi da. Lege honen arabera, gazteek kalean egiten duten alkohol kontsumoa debekatu nahi da. Honek ez du berrikuntza handirik ekartzen, izan ere, debeku hori jada indarrean baita. Hala ere, debekua hautsi egiten duten gazteei, isuna jarri beharrean, gizarte lanak burutzera eta trebakuntza ikastaroak burutzera behartuko zaie. Osasun Saileko Jon Darpón sailburuak aditzera eman duenez, udal-ordenantzek ez dute boteiloiaren arazoari irtenbiderik eman eta, horregatik, bere sailetik garatutako programarekin arazo hau esparru desberdinetik (hezkuntza, udala, familia, gizarte zerbitzuak, segurtasuna eta justizia) konpondu nahi da.

Lonjak
Eusko Jaurlaritzaren programa honek, gainera, lan berezia burutu nahi du gazteen lonjetan. Horretarako, tokiko eragile eta GKE desberdinekin lan egitea aurreikusten da, batez ere, herriko jaietan alkoholaren kontsumoaren prebentzioa lantzeko, online baliabideak sortzeko edota adingabeei alkohola saltzen dieten salmenta puntuen kontrola areagotzeko. Azken puntu honetan ere legeak aldaketa nabariak izango ditu. Horrela, 16 urtetik beherako gaztetxoek ezin izango dute alkohola duten edariak saltzen dituzten taberna edo dantzalekuetan sartu bere ardura hartzen duen pertsona heldu batekin ez bada. Gainera, edari alkoholdunen publizitatean ere neurri zorrotzagoak hartzea aurreikusten da. Adibidez, edari hauen publizitateak ezin izango du hauen kontsumoa arrakasta sozial edota sexualarekin lotu eta gehiegizko kontsumoa susta dezaketen bestelako ekintzak (lehiaketak, sariak, beherapenak…) debekatuko dira.