Javier Gómez-Zapiain: “Sexu-hezkuntzak garapen pertsonalean eta osasunean eragin behar du”

Zergatik da sexualitatearen gai hain konplexua nerabetasunean?

Ez dut uste sexualitatearena bereziki gai konplexua denik nerabetasunean. Konplexua da gizartean. Arazoa ez dago nerabeetan, gizartean baizik. Pertsona helduak dira sexualitatea klandestinitatera eramaten dutenak. Ezin da ukatu nerabeek jarduera sexuala dutela, hori guztia datuetan, ikerketetan, azterlanetan… azaltzen delako. Ezin da errealitate hori ukatu, baina, hala ere, saiatzen gara. Ez daude nerabeei bereziki bideratutako osasun edo hezkuntza baliabiderik. Gizartean nerabetasunean ematen diren harreman sexualak gaizki ikusiak dira, kriminalizatu egiten dira eta distortsio kognitiboak daude. Euskadin ez dugu arazo handirik nerabeen sexualitatearekin. Abortuak ematen dira, bai, baina arrazoizko kopuruetan mugitzen gara, ez Andaluzia edo Kanariasetan bezala. Hemen, nerabeek dituzten harremanak ez dira gehiegizkoak. Orduan jendeak galdetzen du: zergatik sustatzen duzue sexu-hezkuntza? Eta erantzuna garbia da; osasunean prebenitu nahi dugulako, berdintasunezko gizarte zuzenago bat nahi dugulako.

Zer behar du nerabe batek bere behar afektibo-sexualak behar bezala kudeatzeko?

Esploratzeko gaitasuna izan behar du. Esparru psikologiko desberdinetatik, pertsonak modu seguruan hazten dira erreferentzia egokiak dituzten heinean (gurasoak, lagunak, bikotekidea…). Lotura horiek egokiago dituzten pertsonek mundua esploratzeko gaitasun handiagoa dute. Munduaren garapen horretatik abiatuta, norbera hazten da. Kanpo esplorazio gaitasun horrez gain, barne esplorazio gaitasuna ere funtsezkoa da. Azken hori bizitzarako gaitasuna da. Eta Sexumuxun, adibidez, trebetasun horrek kezkatzen gaitu kondoi bat nola jartzen den baino. Garrantzitsuena hausnarketa, baloreen garapena edota enpatia da.

Neskek eta mutilek behar afektibo-sexual berberak dituzte?

Duela hamabost urte, mutilak aurretik zeuden jarduera sexualari dagokionez. Gaur egun, eta azterlan desberdinen arabera, joera alderantzikatu da; orain neskak dira jarduera sexual handiago dutenak, iniziatiba hartzen dutenak… Hori positiboa al da? Ez dakit; nire ustez mutilen emulazio antzeko bat ematen da. Nik ez ditut irakurketa negatiborik egin nahi, baina ematen ari den fenomenoa da. Agian nolabait erreaktiboa den sexualitate eredu bat da.

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak egindako azterlan baten arabera, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen ia % 20k segurua ez den harreman sexualen bat izan du. Zein iritzi duzu datu horren inguruan?

Errealitate bat da. Jarduera sexual arduragabe bat izatea normaltzat jo daiteke, adinarekin bat dator. Nerabetasunean, sexu-grina gordina da eta plazera lortzera bideratuta dago. Sarritan, sexu-grina bestelako beharren mesedera bideratzen da, adibidez, norberaren afirmazioa. Agian, mutilen artean ohikoagoa da mekanismo hori aurkitzea. Hau da, batzuetan harreman hori izatea baino garrantzitsuagoa da harreman hori izan duzula esateko aukera izatea. Gau batean ligatzen baduzu horrek zure autoestimua indartzen du. Helduagoak garenean behar hori baduzu, agian hutsune afektibo garrantzitsu baten sintoma izan daiteke. Kasu horietan, sexua boterea azaltzeko erabilia izan daiteke eta hortik harreman hertsatzaileetara eta ondoren biolentzia eta erasoetara pasatuko ginateke. Baina sexua ere atxikimenduaren zerbitzura jar daiteke. Azken finean, normalean zer nahi duzu? Afektua, besarkada bat, gorputzen kontaktua… nerabetasunean hori guztia normala izan daiteke, baina, era berean, hutsuneak dituzten pertsonen ezaugarria izan daiteke.

Hainbat gaztek pornografiaren iturritik edaten dute sexualitatearen inguruan informazioa jasotzeko. Zer ondorio ditu horrek?

Erantzun zaileko galdera da, pornografiaren erabilera eta gehiegizko erabileraren artean bereiztu behar delako. Pornografiak ez du zertan negatiboa izan behar, izan baditu alderdi positiboak ere. Pornografiak imajinario erotikoa eraikitzen lagun dezake, baina era berean, egia da efektu negatiboak ere dituela, batez ere, azpian diren harreman ereduei dagokionez. Pornografiaren alderik okerrena, dena den, bere merkatal izaera litzateke, hots, dena sal eta eros daitekeenaren ideia, nahiz eta hori kaltegarria izan. Edozein kasutan, sexu-hezkuntzak pornografiaren erabilera egoki bat egiteko baliabideak eman beharko lituzke.

Nola ekidin daitezke gazteen artean gero eta ohikoagoak diren jarrera homofoboak?

Ez dakit lehen baino ohikoagoak diren ala ez, baina jarrera horiek guztiak oso sexista den gizarte baten ondorio dira. Gure gizartean heterosexismoa oso indartsua da eta horrek diskriminazio mota desberdinak elikatzen ditu. Hori ekiditeko sexu-hezkuntza egoki bat behar da, baina ez soilik jokabide sexualera mugatuta. Sexu-hezkuntzak garapen pertsonalean, osasunean eta ongizatean eragin behar du.

Sexu-hezkuntzan aurrerapen nabarmenak eman al dira?

Sexualitatea jorratzerakoan garrantzitsuena pertsona helduen jarrera da. Sexualitateak gai tabu izaten jarraitzen du eta hainbat helduengan erresistentziak sortzen ditu, sexualitatearekiko jarrera negatiboak. Eskoletan aurkitzen dugun arazorik handiena helduen jarrera izaten da eta gauza bera osasun esparruan edota hedabideetan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.