Zinema euskal tintan

Donostiako Zinemaldiak bere 62. edizioan ikusi ahal izateko hautatu dituen filme guztien artean, bada Euskal Herriarekin harreman zuzena duten hogeita lau produkzio. Beharbada gehiago ere izango dira, azaleko azterketa azkar bat izan baita zerrendaketa hau egiteko erabili dudan sistema. Eduki genezakeen ia sail guztietan dugu, beraz, ordezkaritza 2014ko Zinemaldian. Made in Spain sailean ere aurkezten zaigu euskal ordezkaritzarik, ‘Ocho apellidos vascos’ izentzat daraman ekoizpenaren lan taldean azaltzen zaizkigulako besteak beste, Borja Cobeaga eta Kalo Berridi (Gonzalo Fernández) gidoia eta argazki zuzendaritza sinatzen hurrenez hurren, eta pertsonaietako bati aurpegia jartzen dion aktore gasteiztarra, Karra Elejalde alegia. Aukera ederra, beraz, film hau oraindik ikusi gabe dugunontzat, behingoagatik aurtengo Zinemaldian ikusi, edo pasatzen utzi eta lortutako diru kutxa eta guzti guk oraindik ez dugula ikusi esaten jarraitu ahal izateko. Baina sar gaitezen mamian eta izenda ditzagun, beraz, Euskal Herriarekin nolabaiteko lotura azaltzen duten aipatu film horiek. Erdia baino gehiago Zinemira sailean izango dira, noski. Izan ere, sail hau Euskal Herrian ekoiztutako zinemari zuzenduta dago, aurten sei film luzek osatzen dutelarik gehi beste zazpi laburrek Kimuaksailaren barruan.

Aurreneko seiak dokumentalak dira: Juanmi Gutierrezen ‘Ateak zabalduz’ Oarsoaldeko okupa mugimenduari buruzkoa, ‘Five days to dance’ zeinean Amaya Lubeigt dantzaria dugun protagonista, Raul de la Fuente eta Amaia Ramirez naparren ‘I am Haiti’, Gorka Gamarraren ‘Lantanda’, Oskar Tejedoren ‘Notak mugimenduanBiarritzeko Malandain Balletaren koreografia eta Euskadiko Orkestraren musikarekin eta, azkenik, Gentzane Martinez de Osabaren ‘Bizi seinaleakNestor Basterretxea artistari buruzkoa.

Zazpi film laburrei dagokionez, hurrengoak dira: Aitor Gutierrezen ‘AnomaloaPaco Sagarzazu eta Zorion Eguileorrek antzeztuta, Kote Camachoren ‘Don MiguelEriz Alberdi eta Joseba Apaolazarekin, ‘Marinelaren hilobia’ kreazio kolektiboa, besteak beste, Koldo Almandozen zuzendaritza eta gidoiarekin, Lander Camareroren ‘Komedia serio bat’, Asier Altuna “Kixi”ren ‘Soroa‘, Koldo Almandozen beste animazio bat, ‘Hubert Le Blonen azken hegaldia’, zeineri Kristiane Etxaluz xiberotarrak eman dion off ahotsa eta, azkenik, Aitor Arregiren ‘Zarautzen erosi zuen’, zeinetan, Nagore Aranburu eta Ainere Tolosarekin batera, ni neu ere ikusi ahalko nauzue bertan. Gainera, aipatu azken hiru film labur hauek Zabaltegi sailean ere ikusiko dira, baita Belodromoko pantaila erraldoian ere ‘Dixie eta matxinada zonbiaBeñat Beitiak zuzendutako haurrentzako animaziozko film luzearekin batera.

Euskal ordezkaritza azaltzen duten gainontzeko filmak beste lau sailetan ikusiko ditugu. Horrela bada, aipatu ‘Soroa’, ‘Hubert Le Blonen azken hegaldia’ eta ‘Zarautzen erosi zuen’ film laburrekin batera, Zabaltegi sailean ere bi film luze ditugu ikusgai: Juan Zavalaren gidoia daraman ‘El último adiós de Bette Davis’ dokumentala, zeinetan aktoreak 1989ko Donostia Saria jasotzeko Zinemaldira egindako bisita berregiten den; eta lehen ere aipatu Borja Cobeagaren ‘Negoziatzaile’, Ramon Barea eta Josean Bengoetxearekin. Roberto Castonen ‘Los tontos y los estúpidos’en Zuzendari Berriak sailean Aitor Beltran aktorearekin batera, Pablo Maloren ‘Lasa eta Zabala’n Sail Ofizialean baina lehiaketatik kanpo Unax Ugalderekin batera, eta, azkenik, Sail Ofizialean urrezko maskorrarengatik lehiatuko den Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzendutako ‘Loreak’ film luzean Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Itziar Aizpuru eta Egoitz Lasarekin batera. Lehiaketa Ofizialean ere ikusi ahalko dugu Antonio Banderas eta Melanie Griffith bikoteak antzeztutako ‘Automata’ filma Igor Legarretaren gidoipean.

Azkenik, Oskorriren kantuari men eginez, alegia Euskal Herririk ez legokeela hizkuntza ere galduko bagenu, eta ETB Galan ‘Vasconiako historia bat: Euskalduntze berantiarra’ dokumentala aurkeztuko zaigu. Baina jakin badakigu hizkuntzaz gain bereizten gaituen bestea sabela dela, eta zer Euskal Herri litzake bere sukaldea ere ahazten duena? Bada, hortxe dugu Culinary Zinema, zinema eta gastronomiari eskeinitiako saila. Bertan ‘Nerua, un viaje a la esenciaBilboko Guggenheim Museoko jatetxearen dokumentala ikusi ahalko dugu, baita ‘Txipirones en su tinta’ ere. Dokumental honetan, Arzak jatetxeko sukaldaria den Xabier Gutierrez, Juan Vich margolaria, Gonzalo Busto musikaria eta Pello Gutierrez errealizadoreak, laurek, platera interpretatu dute bakoitzak bere ikuspegitik. Aurtengo edizioak eskaintzen duen programak inoiz baino euskal tinta gehiago duela argi dago, eta ez balego ere, beti geratuko zaigu txipiroiena ederki bustitzeko. Let´s goazen pues on egitera.

Gotzon Sanchez
gotzonport2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.