Harreman sexualen jatorria

Eboluzioaren historian lehen harreman sexualak mugarritzat jotzen dira. Australiako Flinders unibertsitateko John Long paleontologoak berriki aurkitu duenez, lehen barne kopulazio eta ernalketa duela 385 milioi urte inguru eman zen Placodermo izeneko aintzinako arrain batzuekin. Arrain hauek gizakion lehen ornodun arbasotzat jotzen dira. 8 zentimetro inguruko luzera zuten arrain hauek eta, besteak beste Eskozia edota Txinako lakuetan bizi omen ziren.

Longek frogatu ahal izan duenez, aipatu placodermoen Microbrachius Dicki izeneko azpi-espezie bateko fosilek jada ‘L’ itxurako kanpo sexu-organuak zituzten. Microbrachius hitzak ‘beso txikiak’ adierazi nahi du baina Longek adierazi duen bezala, arrain horiek zutena ez ziren besoak ‘zakila’ baizik. Adituen ustetan, arrain hauek aipatu organoak erabiltzen zituzten espezie bereko emeei esperma transferitzeko. Emeen fosiletan ikusi ahal izan denez, hauek ere estalketa unean sexu organuak gelditzeko hezur txiki batzuk ere garatu zituzten. Antza denez, arrain hauek saiheska kopulatzen zuten.

Long paleontologoak Estoniako Tallin Teknologia Unibertsitatean ziren hezur bilduma batean oinarrituta eraiki du teoria hau. Teoria hau ontzat ematen bada, inoiz ornodun batean aurkitu izan den sexu-organu zaharrenaren aurrean izango ginateke. Era berean, aurkikuntza hau eboluzioaren historian ar eta emeen arteko alde fisikoen lehen ebidentzia izango litzateke.

Orain arte, ugalketa ornodunen eboluzioaren historiako askoz aldi berriago batean sortu zela uste izan da. Nature aldizkarian argitaratu den azterlan honen arabera, placodermoak funtsezkoak izango lirateke ordunen eboluzioa ulertzeko. Antza denez, arrain hauek jada hortzak, matrail-hezurra eta gorputz-adar bikoitiak zituzten eta aurkikuntza hau baieztatzen bada, baita kopulazio bidezko ugalketa ere.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.