Gari suma batetik berrogeialdi bankete batera

Politikagintzan aritu diren bitartean bere diru kontuak hazten ikusi dituzten korruptoak asko dira espainiar erresuman. 1.600 auzi baino gehiago eta egotzitako kasuak 500etik gora. Baina zenbaki hauekin aurrez aurre talka egiten duen bestea espetxeratuta daudenen kopurua da: hogeiren bat besterik ez. ETA erakundearen aktibitate armatuak iraun zuen bitartean, biztanlego gajoak ez zuen terrorismoa ez zen bestelako buru hausterik, eta bigarren maila batean geratzen ziren egun -kasu askotan- hil ala biziko erronka dugun krisia eta honek utzitako langabeziaren arazoa. Urte mordoa izan dute politikaren bitartez boterera iritsi ostean beren poltsikoak ederki bete eta lapurtutako diru hori guztia paradisu fiskaletan pilatzen joateko. Bitartean, espainiar biztanlegoa pozik La Rojarekin. Kulturak, gizarte modernoaren opiotzat jo genezakeen futbolak eragiten duen interesa piztea lortuko balu, bestelako kontua litzateke. Baina horretaz ere arduratu dira agintariak, eta jadanik ezjakintasunez jantzita zebilen populuari kulturaz jabetzeko trabak ere areagotu dizkiote, BEZaren igoera kasu, azken hats libertarioari hegoak ebakiz.

Aintzinako Greziako agintariek, mendebaldeko gizartean ezagutzen dugun aurreneko salneurri kontrola sortu zuten, inork ez zezan garia ezarritako preziotik gora saldu. Baina saltzaileek prezioa gainditzen jarraitu zuten eta gobernuak gudaroste berezia sortu zuen, Sitophylakes edo zerealen inspektoreak. Aristotelesen hitzetan, hauen zeregina zen: “zerealen salneurria justua izatea, errotek irina zerealen kostoaren araberako prezioan saltzea, okinek ogia irinarenaren araberako prezioan, eta ogiak arautze honek ezarritako pisua edukitzea”. Horrela ere ez zuten lortu, eta estatu-hiriak espekulatzaileen aurkako politika gogortzea erabaki zuen, prezioa errespetatzen ez zuten horiei heriotza-zigorra emanez. Honek ere ez zuen ordea arazoa konpondu, eta nahiz eta saltzaileei heriotza-zigorrak eman zitzaizkien, hauek garia preziotik gora saltzen jarraitu zuten. Orduan greziar agintariek pentsatu zuten kontrolaren ez betetzea inspektoreen korrupzioan izan zezakeela oinarria eta, ondorioz, heriotz-zigorra politika hau ikuskatzeaz arduratzen ziren langile publikoei ere ezartzea erabaki zuten. Horrela bada, ezarritako preziotik gora saltzen zuen dendaria harrapatuz gero, hau ikuskatzeaz arduratzen zen inspektoreari ere emango zitzaion heriotza.

Urrun geratzen da aintzinako Grezia, baina bada egun korrupzio delituari heriotz-zigorra ematen dioen naziorik, Txina, Indonesia edo Ipar Korea, adibidez. Ni ez naiz heriotz-zigorraren aldekoa baina dardarka hasiko lirateke espainiar erresuman ere zigor hau emango balitzaie lapurtzen aritu diren politiko korrupto guztiei. Beharbada orduan jakingo lukete beraien traje eta korbatadun itxurak izkutatzen duen joku maltzurrak ere terrorea sortzen duela. Joker hasiberri hutsa litzateke Guasón hauen alboan, eta tristeena da hauen broma bakoitza garesti suertatzen zaiola biztanlegoari. Datu gisa, ez dezagun ahantzi espainiar erresumak 40. postua hartzen duela 2013an munduko herrialdeen korrupzio maila neurtzeko egindako azterketan. Zerrenda hori 177 herrialdek osatzen dute. Danimarkak irekitzen du herrialde garbiena gisa, eta Somaliarekin amaitzen da munduko korruptoena bezala. Kuaresma nagusia, eliza ortodoxoko sinistunek beren debozioa berritu eta bekatuez damutzeko hartzen duten 40 eguneko epea izanik, nik uste oraindik garizuma ugari beharko direla politiko korrupto hauek euren bekatuak aitortu eta damutu daitezen. Ali Baba pozik legoke bere 40 kideetatik gutxien lapurtu zuenak espainiar maila politikoak lapurtu duen beste egin balu.

Gotzon Sanchez
gotzonport2

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.