Elvira C. García Vidales: “Ezinbestekoa da atzera begiratzea aurrera egin ahal izateko”

Garik abesten zuen moduan, ‘ez dira betiko garai onenak’, kasu honetan, euskal gazteriarentzat…
Gazteriarentzat beti garai zailak izan dira baina, gaur egun, testuingurua gogorra da guztiontzat, bai. Beraz ‘ez dira betiko garai onenak’, baina ezin dugu ezkortasun horretan murgilduta gelditu; aukerak bilatu eta sortu behar ditugu gazteon ezaugarrietaz baliatuta: ezinegona, indarra, kuriositatea eta sormena. Ez gaitezen apaldu!

Zeintzuk lirateke egun gazteriak dituen premiarik larrienak?
Lan munduratzea askoz zailagoa dugu. Batez ere, gure titulazioarekin bat datozen postuak aurkitzeko eta haien araberako soldata jasotzeko. Honekin lotuta, emantzipazio aukerak ere murriztu dira; diru sarrera nahikorik gabe, ezinezkoa baita bizitza propioa egitea. Hauek premia ikusgarrienak dira baina gazteok baditugu gizartearen begietara hain nabariak ez diren beste batzuk. Mundua eta gure burua ulertzeko premia dugu eta zaila da kanpoan erreferenteak bilatzea, testuinguruan baloreen birplanteamendu sakona ematen ari delako. Gainera, bizi- erritmoek hausnarketarako dugun denboran eragiten dute, beraz, ez da erraza zer nahi dugun edo zer ez dugun nahi jakitea eta erabaki egokiagoak hartzea.

Zer egiten du EGK bezalako erakunde batek gai hauen inguruan?
EGKn arlo ezberdinetan egiten dugu lan: bizibaldintzak, enplegua, hezkuntza formal eta ez formala, parte-hartzea, bakea eta bizikidetza… Hauetan guztietan testuingurua eta gazteon behar zuzenak aztertzen ditugu, urteko plangintza diseinatzeko eta ekintza zehatzak garatzeko; beraz, urtez urte ikuskatzen dugu lortutakoa eta egiteko duguna. Gainera, gazteokin zerikusia duten plan eta proiektu instituzionalak aztertzen ditugu, gazteon ezaugarriak eta ikuspuntua kontutan hartzen direla bermatzeko eta gazteen proposamenak bertara eramateko.

Bizikidetza oinarri duen ‘bakeahots.org’ izeneko komunitate birtuala aurkeztu berri duzue. Zertan datza?
Bakeahotsen gazteok azken hamarkadetan Euskal Herrian bizi izan dugun egoeraz libre adierazteko eta esperientziak elkarbanatzeko aukera ematen dugu. Ikuspuntu ezberdinen inguruan hausnarketa sustatu nahi dugu, norbanakoa, bizi izan dugunagatik, ezagutzen ez ditugun beste errealitateekin guria osatu eta aberasteko… Giro itxietan bizi izan gara eta hauek gainditu behar ditugu besteak entzunda, alegia. Gainera, gaur dugun ikuspuntua emateko lekua eta etorkizun amankomun baten gaineko proposamenak eta itxaropenak partekatzeko eremua ere bada. Esan beharra dago, bakoitzak erosoen edo trebeagoen sentitzen garen maila artistikoan igo dezakegula gure edukia. Horrela, anitzagoa eta originalagoa egiten da gazteon memoria eta itxaroponen idazkera eta irakurketa.

Beharrezkoa al da atzera begiratzea aurrera egin ahal izateko?
Ez da beharrezkoa, ezinbestekoa baizik. Atzera begiratzeak bi erronka nagusi ditu. Alde batetik, partekatzen dugun iragan horretara begiratzea, hots, gure lurraldearen historia begiratzea eta galdetzea “Zer gertatu da?“. Eta bestetik, norberak bizi izan dugun gertuko errealitatea begiratzea eta aztertzea: “Zergatik uste dut gertatutakoa gertatu zela?“, “Zer pentsatzen eta sentitzen nuen orduan eta zer pentsatzen eta sentitzen dut orain hortaz oroitzean eta hitz egiterakoan?“, “Kontraesanak aurkitzen al ditut nire diskurtsoan eta pentsamoldean?“, “Nola eragiten didate nire harremanetan?“. Galdera hauen inguruan hausnarketa egitea eta beste mikroerrealitateak bizi izan dituzten gazteekin aurkitzea garrantzitsua da gure iraganean ditugun hutsuneak betetzeko, orainaldia ulertzeko eta etorkizuna eraikitzeko. Batez ere, gertatutakoaz ikasi eta berriz ez errepikatzea bermatu nahi badugu: bake eta bizikidetza kulturarako lehen pausoa. EGK-k hil honetan ekintza ezberdinak antolatu ditu filosofia honetatik abiatuta: formakuntza saioak eta Bake Ibilbideak Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Gonbidatuta zaudete!

Gazteriaren parte-hartzerako gida bat ere prestatu duzue. Gazteek gero eta parte-hartze gutxiago dutela somatu duzue?
Gida bat argitaratu dugu, gazteon parte-hartzerako dauden bide ezberdinak jorratzen dituena: formalak eta ez formalak.  Horrez gain, gazteen partaidetzaren inguruko analisiak egiten jarraitzen dugu; adibidez, pasa den urtean “Gazteak eta parte-hartzea” ikerketa kualitatiboa egin genuen eta, aurten, Gazteen Euskal Behatokiarekin beste ahalegin kuantitatiboa martxan jarriko dugu. Gazteekin ikertu dugunaren arabera, erabakiak hartzeko nahia ez da krisian eta goruntz doa. Hori bai, aldaketa sakona eman da eta parte-hartzeko moduak aldatu dira: lehen dena elkarte, alderdi, sindikatu, kirol klub eta talde formaleen bitartez bideratzen zen baina, gaur egun, inplikatzeko bideak ezberdinak dira: sare sozialak, boluntariotza, 15M bezalako mugimenduak edota lokala eta lonjeen fenomenoa. Gazteon denboraren erabilera, indibidualizazio-prozesua, etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna… honek guztiak eragina izan du parte-hartzean, baina izatez ez du kaltetu, eraldatu baizik.

Aisialdi hezitzaileentzako web gune bat jarri duzue martxan. Zein da honen xedea?
Irailetik martxan da Astialdi Foroko, EGK-k  EAE mailan koordinatzen duen lantaldeko, 17 euskal astialdi eskolen eta 10 federazioen informazioa azaltzen duen www.astialdiforoa.org  webgunea. Honen helburua, aisialdi hezitzaileko elkarteek urtean zehar egiten duten lana ezagutzera ematea da. Atari berri honek erreferente bilakatu nahi du aisialdi hezitzaileko albiste eguneratuak eta ekintzak eskainiz eta esparru honetan mugitzen diren elkarte eta eragile sozialen informazioa aurkeztuz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.