Espainian ekoizten diren filmen gaiak aztertzen hasi eta hara non konturatu naizen ia urtero izan dela, gutxienez, film bat ETA gaitzat hartu duena

Zinearen munduari buruz idatzi behar nuela zin egin nion nire editoreari, honek politika esparrutik distantzia har dezadan eta nire ofizioari hurbildu natzaion eskatu ostean. Baina Espainian ekoizten diren filmen gaiak aztertzen hasi eta hara non konturatu naizen ia urtero izan dela, gutxienez, film bat ETA gaitzat hartu duena. Datu hau gehiago zehazteko, 1976tik 1999ra bizpahiru urtero estreinatzen zen baten bat, eta ordutik hona urtero izan ditugu zine pantailetan erakunde armatuaren harira sortutako ekoizpenak. Are gehiago, 2004-2005 urteetan hiruna film estreinatu ziren tematika honekin, eta 2008an kopuru hau bikoiztu egin zen. 2011tik aurrera gutxienez hiru izan dira eta iaz, bost izenburu eduki genituen gai honen inguruan. Informazio honi guztiari forma emateko grina piztu zait, eta nire editoreari berriz ere barkamena eskatu eta gero, etapa horiek ETAren jardueraren lau une desberdinetan banatu ditut:

• 1976 – 1986: Francoren heriotzarekin hurrengo hamarkadan zehar zabaltzen den garai honetan aurkituko ditugu ziurrenik ezagunen suertatzen zaizkigun izenburuak, izan ere, aurreneko urteetan estreinatutako film haien artean bazeuden gertaera historikoak islatzen zituztenak. Batzuk aipatzearren: ‘Comando Txikia, muerte de un presidente’ (José Luis Madrid, 1976); ‘Operación Ogro’ (Gillo Pontecorvo, 1979: David di Donatello Saria zuzendari onenari); ‘El proceso de Burgos’ (Imanol Uribe, 1979: Donostiako Zinemaldian saria espainiar film onenari); ‘La fuga de Segovia’ (Imanol Uribe, 1981: Donostiako Zinemaldian sail ofizialean); ‘La muerte de Mikel’ (Imanol Uribe, 1984) edota ‘Ehun metro’ (Alfonso Ungría, 1986).

• 1987 – 1997: Argeleko elkarrizketekin irekitzen den hurrengo hamarkadan, erakunde armatua aitzakitzat hartuta sortutako fikzioak ekoizten hasi ziren, besteak beste: ‘Ander eta Yul’ (Ana Díez, 1989: Goya saria zuzendari berri onenari); ‘Sombras en una batalla’ (Mario Camus, 1993: Goya sariak gidoi onenari eta errepartoko aktore onenari Tito Valverderentzat); ‘Días contados’ (Imanol Uribe, 1994: Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra film onenari eta 8 Goya sari); ‘A ciegas’ (Daniel Calparsoro, 1997: Veneziako Festibalean Urrezko Lehoirako izendapena).

• 1998 – 2008: Lizarrako Akordioarekin batera etapa berri bat zabaltzen da zinean ere. Gatazka armatuak eragindako ondorioen inguruko dokumentalak sortzen hasten dira eta era berean fikzioaren ekoizpena areagotu egiten da hamarkada honetan: ‘Yoyes’ (Helena Taberna, 1999); ‘El viaje de Arián’ (Eduard Bosch, 2000: Malagako Festibalean film onenerako izendapena); ‘Asesinato en febrero’ (Eterio Ortega, 2001: Malagako Festibalean dokumental onenari saria); ‘La pelota vasca, la piel contra la piedra’ (Julio Medem, 2003: Goya sarietan dokumental onenerako izendapena); ‘El Lobo’ (Miguel Courtois, 2004: Goya sariak montaia eta efektu berezi onenei); ‘Trece entre mil’ (Iñaki Arteta, 2005: Goya sarietan dokumental onenerako izendapena); ‘Tiro en la cabeza’ (Jaime Rosales, 2008: Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorrarako izendapena); ‘Todos estamos invitados’ (Manuel Gutiérrez Aragón, 2008: Malagako Festibalean errepartoko aktore onenari epaimahaiaren sari berezia Oscar Jaenadarentzat).

• 2009 – 2015: ETAk bere azken ekintza armatua burutu zuenetik 5 urte beteko diren garai honetan, nolabaiteko beharra piztu da gertakizun historikoak kontatzeko. Batzuk dokumental moduan, beste batzuk umorez jantzita edo errealitatea bezain gordinki azalduta: ‘Itsasoaren alaba’ (Josu Martinez, 2009. Dokumentala); ‘Barrura begiratzeko leihoak’ (Josu Martinez, Eneko Olasagasti, 2012. Dokumentala); ‘Negociador’ (Borja Cobeaga, 2014); ‘Lasa eta Zabala’ (Pablo Malo, 2014: Donostiako Zinemaldian sail ofizialean); ‘Fuego’ (Luis Marías, 2014: Xixoneko Festibalean).
Era berean fikzioa sortzen jarraitzen da, eta estreinatzeke dauden ekoizpenen artean ‘Lejos del Mar’ (Imanol Uribe, 2015) filma dugu.

Nolabaiteko ondorioa ematearren informazio pilaketa guzti honi, esango nuke nahikoa aktibitate armatua egon dela gure herrian zenbaitzuen adimen sortzailea pizteko, hori nabaria da. Hala ere, fikzioaren muga igaro eta benetako gertakizunetan oinarritzen diren filme gutxi ekoizten da oraindik, dokumentalak salbu noski. ETAren harira umorea egiten ausartzen denik era badago, baina nahiko nuke nik Josu Terneraren joan etorrien inguruko filma burutuko lukeen zuzendari ausartagorik, Olivier Assayas frantziarrak 2010ean estreinatutako ‘Carlos‘ filman antzera, zeinekin Urrezko Puxika lortu zuen 2011ean. Hura bai disimulurik gabeko 334 minutuko zinta puska.

Gotzon Sanchez
gotzonport2

SHARE

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.