Goi mailako ikasketak dituzten gazteen langabezia tasa baxuagoa da. Euskal unibertsitarioek Estatuko enplegu-tasa altuena dute

Gazteria izan da, zalantzarik gabe, azken urteetan bizi izan dugun krisiaren kaltetu nagusienetako bat. Estatu mailan den gazteen langabezia-tasari erreparatzea besterik ez dago (% 50 inguru Estatu mailan eta % 26,7 EAEn pasa den urteko bigarren hiruhilekoan) baieztapen honen dimentsioaz jabetzeko. Lan merkaturako sarbidea itxita izan den urte hauetan guztietan, trebakuntza bilakatu da lana aurkitzeko gakoa. Horrela, EUSTATek lantzen duen ‘Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkesta’ren azken inkestaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoko 16 eta 25 urte bitarteko gazteriaren % 37a Lanbideko ilaratan aukera baten zain dagoen bitartean, goi mailako ikasketak dituzten adin tarte bereko gazteen egoera askoz hobea da, hauen enplegu-tasa lau aldiz altuagoa baita. Hau, gainera, ez da bakarrik gure artean ematen den fenomenoa. Millward Brown aholkularitza enpresak Europako sei herrialdetan (Frantzia, Alemania, Italia, Espainia, Turkia eta Portugal) egindako azterlan baten arabera, unibertsitate mailako ikasketak zituzten 21 eta 30 urte bitarteko gazteen % 71 lanean zen. Trebakuntza maila baxuagoa zuten adin tarte bereko gazteen enplegu-tasa, berriz, % 51ekoa zen.

UPV/EHUk argitaratzen ohi duen azken ‘Euskadi Lan Txostena’ren arabera, Euskal Herriko lan merkatua nahikotxo aldatu da azken zazpi urte hauetan eta, nagusiki, pairatu izan dugun krisiaren ondorioz, lanean diren pertsonen profila ere dexente aldatu da. Horrela, aipatu txostenaren arabera, euskal langileria zahartu egin da baina, era berean, honen prestakuntza maila ere handitu egin da. Izan ere, unibertsitate mailako ikasketak dituzten langileen kopurua % 34tik %54ra pasa da azken zazpi urte hauetan. Ildo berean, lehen mailako ikasketak dituztenen taldea ia guztiz desagertu da euskal lan merkatutik. Hori dela eta, bere garaian ikasketak utzi eta, adibidez, eraikuntza sektorean sartu ziren trebakuntza gabeko gazteek lan merkatuan barneratzeko zailtasun handiak izango dituztela aurreikusten dute adituek.

Beste datu bat prestakuntzak lan merkatuan sartzeko duen garrantzia azpimarratzeko: Adeccok egindako ikerketa baten arabera, 2008 eta 2012 artean desagertu diren lanpostuen % 75a prestakuntza eskasa eskatzen zuten lanpostuena izan da; goi hezkuntzako prestakuntza eskatzen duten lanpostuen kasuan, berriz, soilik lanpostuen % 0,1 desagertu omen da.

Langabezia tasa baxuagoak Euskal Herrian
Estatu mailan langabezia-tasa %25 inguruan geratu den bitartean, Euskal Herrian tasa berak 10 puntu inguru baxuagoa izaten jarraitzen du. Antzeko zerbait gertatzen da Euskal Herriko unibertsitateren batean ikasi duten gazteekin. Horrela, gure unibertsitateren batean graduatu den gazteriaren langabezia-tasa Estatuko baxuena da. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, tasa hori % 10,9koa litzateke eta Nafarroako Foru Erkidegoan, aldiz, % 9 baino baxuagoa. Biak ala biak, beraz, estatu mailan den batez bestekoaren azpitik (% 16).
Izan ere, urtero Fundación Conocimiento y Desarrollok argitaratzen duen azken ‘Las universiades españolas. Una perspectiva autonómica’ txostenaren arabera, Nafarroako zein EAEko unibertsitateak Estatuko beste erkidegoetako unibertsitateak baino egoera hobean izango lirateke. Adibidez, eta beti ere aipatu txosten hori egiteko erabili diren Hezkuntza Ministerioak eta Instituto Nacional de Estadísticak (INE)emandako datuetan oinarrituta, Nafarroako unibertsitarioak lirateke, % 83,1ekin, etekin akademiko handiena lortzen duten ikasleak. EAEkoen kasuan, unibertsitarioen etekin akademikoa % 77,4koa izango litzateke, Estatuan den batez bestekoaren (% 75, 2) gainetik eta sailkapen honen bostgarren postuan.

Baldintzak
Unibertsitate mailako ikasketak dituzten gazteen enplegu-tasa hobea dela eta langabezian den gazte batentzat garrantzitsuena lanpostu bat izatea dela onartuta, gazteen lan merkatua aztertzerakoan ezin da alde batera utzi gazteen lan baldintzetan izan den txirotzea. Estatu mailako Emantzipaziorako Behategiak pasa den urtean emandako datuen arabera, gazteria, oro har, izaten dituen lan baldintzak prekariotzat jo daitezke. Horrela, lanpostu kopuruaren datuak hobera jotzen duen bitartean, kalitate profesionalak beherako joerarekin jarraitzen du. Estatu mailan, adibidez, igoera nabarmenena izan duten kontratu ereduak trabakuntza eta praktikakoak izan dira. Kontratu hauek lan kontratu mugagaberako bide izan behar badute ere, praktikan ez da horrelakorik gertatzen eta, soilik praktikako kontratuen % 20 inguru amaitzen da lan kontratu mugagabe batean.

Bestalde, CC.OO sindikatuaren txosten baten arabera, estatuko gazteriaren heren batek lanaldi partzialeko kontratuak ditu, nahiz eta, ondoren, askoz ere ordu gehiago lan egin behar.
Gazteriak pairatzen duen beste arazoetako bat gain-prestakuntzarena da. Berriki argitaratu den txosten baten arabera EAEko gazteriaren % 58,2 bere prestakuntza mailaren azpitik den lanpostu batean ari da lanean. Maila altuko prestakuntza izanik oinarrizko lanpostuetan aritzen diren euskal gazteen portzentajea % 22,1ekoa da.

Etorkizunera begira, zer?
Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, hurrengo urteetan, maila ertain eta altuko prestakuntza duen biztanleria aktiboaren ehunekoak handitzen jarraituko du. Era berean, prestakuntza eskasa edo ia prestakuntzarik ez duten langileen ehunekoa ia guztiz desagertuko dela aurreikusten da. Joera honek Europar Batasunak Lisboako Itunan zehaztutako helburuekin bat egingo luke. Izan ere, Itun horretan, 2020. urterako Europako ekonomia ezagutzan oinarritutako ekonomia izatea lortu nahi da, besteak beste, mundu mailan lehiakorrago eta dinamikoago izateko.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.