Politika publikoak gazteriaren mesederako

Etxebizitza, enplegu eta gizarte babesaren arloetan gehien inbertitzen dituzten herrialdeetan emantzipazio-tasak altuagoak dira

Pasa den ekainaren 19an, UPV/EHUko Uda Ikastaroen barruan, euskal gazteriak bere eskubideak bermatzeko dituen zailtasunak aztertu ziren, bereziki, bizitza autonomo baten eraikitze prozesuarekin zerikusia duten horiek. Azken urteetan bizi izan dugun krisiaren ondorioz den testuinguruan emantzipazioa eta autonomiaren bidez gazteek hiritartasun politiko, ekonomiko eta sozial osoa izateko eskubidea egunerokotasun handia duen gaia da. Arartekoak antolatuta, ‘Dificultades de la juventud vasca para el ejercicio efectivo de sus derechos de ciudadanía, especialmente los ligados a la construcción de su proyecto de vida autónoma’ izenburupean garatu zen ikastaro horretan, legeak aurreikusten duenaren eta errealitatean ematen denaren artean diren aldeetan sakondu zen. Izan ere, edozein pertsonaren erabateko garapenerako funtsezkoa da bizitza duin bat eraikitzeko aukera izatea.

Azken urteetan bizi izan dugun krisi ekonomikoa eta, honen ondorioz, lan merkatuan izan diren aldaketak direla eta, gazteek zailtasun handiei egin behar izan diete aurre bizitza autonomo bat garatu ahal izateko. Hau, noski, ez da gazteriari soilik dagokion arazoa baina, gazteriaren kasuan, lan merkatuan barneratzeko dituen zailtasunak direla medio, baliabide ekonomikoak ez dira nahikoak izaten ez emantzipatzeko eta ezta bizitza autonomo bat garatzeko ere.

Emantzipazioa hainbat faktoreen arteko interakzio desberdinen emaitza da baina, azterlan desberdinek agerian utzi duten moduan, erakunde publikoetatik garatzen diren (etxebizitza eta enplegu) politikek eragin zuzena dute. Horrela, Gazteen Euskal Behatokiak aurkeztu berri duen ‘Krisialdia eta gazteen emantzipazioa Europan. Azterketa bat ongizate-estatuaren eredutik’ ikerlanaren arabera, Europan, etxebizitzaren, enpleguaren eta gizarte babesaren arloetako politika publikoetan gehien inbertitzen duten herrialdeetan gazteen emantzipazio-tasa altuenak ematen dira.
Aipatu ikastaroan, Bartzelonako Universidad Autónomako Joan Subiratsek argi utzi nahi izan zuen aurreko urteetako paradigma eta eskemak jada ez direla erabilgarri izango. Izan ere, sartu berri garen garai honetan, prekarietatea eta lanaren aldizkakotasuna nagusituko dira. Honen aurrean, administrazio maila desberdinetatik garatu izan ohi diren enplegu politika desberdinek eragin eskasa izan dute.

Ildo horretan, UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko Juan Pablo Landaren aburuz, funtsezkoa da hezkuntza etaparen amaiera eta lan merkaturatzearen arteko transizioa ondo kudeatzea. Bizipen eskasagoak dituzten pertsonak izanik, gazteek bere familiaren (aukera izatekotan) eta erakunde publikoen laguntza mesedegarri izan dezakete etapa hori ahalik eta modurik arrakastatsuenean osatzeko.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Itsaso Anduezak enplegu duin bat izateak duen garrantzia azpimarratu zuen ikastaroan. Anduezak azaldu zuenez, gazte enpleguaz hitz egiten denean, zoritxarrez, hala nolako enpleguetaz hitz egiten da, soldata baxuekin, kontraturik gabe… Anduezak gazte enpleguaren kasuan prekarietatea nagusi dela salatu zuen eta ez hori bakarrik, erakunde publikoek baldintza hauek legez onartzen dituztela ere kritikatu zuen EGK-ko kideak, beste gizarte sektoreentzat onartuko ez liratekeen baldintzak gazteen kasuan ontzat ematen direlako. Baldintza horiekin guztiz ezinezkoa da etorkizunerako proiektu bat eraiki ahal izatea.

Emantzipazioa berandu EAEn
Eustatek emandako azken datu demografikoen arabera, batez beste, euskal gazteak 30 urterekin emantzipatzen dira. Adin horretatik behera oso gutxi dira emantzipatzea lortzen duten gazteak, batez ere, diru sarrera egonkor eta nahikoak ez dituztelako eta gure erkidegoan etxebizitzaren prezioek oso altuak izaten jarraitzen dutelako.

Gazteen Euskal Behatokiko kide den Nieves Corcuerak Donostian azaldu zuenez, gazteriak lan merkatuan pairatzen duen egoerak okerrera egin du krisia hasi zenetik. Enplegua duten gazteen kopurua jaisteaz gain, Corcuerak aldi baterako lana eta behin-behinekotasuna hazi direla azaldu zuen. Ondorioz, lana duten gazteen batez besteko soldata 1.000€ ingurun kokatzen da.

Datu hauek aintzat hartuta errazago uler daiteke emantzipatutako gazteen %70etik gora bikotekidearekin alokairuan bizi behar izatea. Etxebizitza jabetzan erostea utopia bilakatzen ari den sasoi honetan, gazteen %20k gain-esfortzu ekonomikoa (bere diru-sarreren %40tik gora etxebizitza ordaintzera bideratu) burutu behar du hipoteka edo alokairua ordaintzeko.

Leave a Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.