Ezetz!

Abuztua bukatzearekin batera amaitu da jai egutegien eperik intentsoena. Eta oraingoan, bilbotarrontzat akaso inoiz baino gehiago, baina baita gasteiztar eta beste askorentzat ere, festen adierazgarri ez diren baina egunak joan egunak etorri salaketa pankarten atzean egonarazi diguten momentu gogaikarriez beteriko egunak. Hau ez da erasoak arbuiatzeko idatzi bat, horretarako milaka hitz idatzi baita eta, esan gabe doa, haiekin bat egiten dut. Erasoen inguruan, ordea, zera esan nahi dut: hori ez da sexua.

Berriro: sexua bada, ez dago erasoentzako lekurik. Eta erasoak badira, ez dira sexua.

Desira espazio konpartitua da; erotika partekaturiko eremu bat da. Hurrengo batean akaso saiatuko naiz horrekin nik zer ulertzen dudan hobeto azaltzen, baina ideia garbia da; baldin eta parte hartzaile guztiek haien borondatez eta euren erotikaren garapen eta adierazpen librean egoterik ez badaukate, gertaturikoa ez da elkartze erotikoa, ez da erlazioa, ez da, finean, sexua. Eta gogoa, borondatea, bukatzen diren momentuan bukatzen direla, orduantxe amaitzen da elkartze erotikoa. Nik ez badut musurik nahi, amaitu da. Nik musu batzuk bai baina xirririk ez badut nahi, hortxe bukatu da. Eta batera oheratu bagara ere, biluzik, ilunpean, gogogabetzen baldin banaiz eta hauxe edo huraxe edo bestelakoa egiteko gogorik ez badut, akabo. Hortxe eta orduantxe. Azalpenik gabe. Hortik aurrerakoak, egotekotan, ez dira sexua. Erasoak dira.

Ezetza agertzen den momentuan amaitu da elkartzea, gure arteko espazio konpartitu erotiko horren mugara heldu garelako, desiraren mugara. Eta mugak, bakoitzak daki noiz norekin norentzan non dauzkan. Eta badakigu, ondo jakin ere. Kontua ez da ezetz esaten jakitea, mugak jartzen ikastea. Alderantziz, baietz esaten ikastea da gakoa eta norbere mugak aurkitzean (hobeto esplikatzen saiatuko naiz datorren hilabetean); eta, batez ere, ezetza jasotzen ikastea. Azken hau bereziki; ezetza entzun, jaso, eta errespetatzea da edozein erlazioren mugarria. Erlazioa gure arteko eremua da, hots, gugandik ate dagoena baina gu barnebiltzen gaituen espazioa. Eta ez bagaitu denok barnebiltzen, ez bagara denok espazio hori norbere desiraz eraikitzen ari, ez dago erlaziorik.

Beste behin ere: zuk nahi arren, biziki nahi ere, denok ez bagaude prest espazio erotiko bat zabaltzeko, hori ez da sexua: erasoa da. Eta erasotzaileek ez daukate lekurik sexualitatean.

[Peio Saez de Lafuente ]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.