Orereta: gailetak, metrailetak eta euskara ikasketak

Bada hiru urte eta erdi aldizkari honetan iritzi zutabeak idazteko gonbitea jasotzen dudala bi hilero, eta konturatzerako hogeita bat izan dira jada argitaratutakoak 2012ko martxoatik hona. Azkar doa denbora aurrera, bai horixe. Gai anitz izan da tarte honetan jorratutakoak, inspirazioa bilatzeko zailtasunatik hasi eta zinearen munduko kontuetan murgiltzeraino. Donejakue bideari ere egin nion tartea, maitasuna, sektak eta biktimei ere bai, eta guztiari punta ateratzeko dudan joera medio, Txorroskiloa izena hartu zuen atal honek hastapenetatik. Errenterian jaiotakoa naizela ere aipatu dut noizbait, baina ez diot nire jaioterriari berezko tarterik eskaini, eta aizue, garaia delakoan, honekin natorkizue oraingoan.

1998tik izen ofizialtzat Errenteria badu ere, Orereta zen bere lehen aztarnak 1210. urtekoak diren herrixka haren izena, 1320an Gaztelako Alfonso XI.ak bertan Villanueva de Oiarso sortu zuen arte. Herribildu honetan koroarentzako zergak biltzeko bulegoa kokatu zutenez, errenta errealak deiturikoak, La Rentería izenarekin eman zen ezagutzera 1340tik aurrera, eta gerora Rentería bezala. XVI. mende amaieratik aurrera Errenteria, Errenteri edota Errenderi euskal izenak erabili izan dira, baina herriko kultura eta gizarte esparru desberdinetatik Orereta izena aldarrikatu izan da herriaren euskal izen ofizialtzat, eta 1994an Euskaltzaindiak izen hau onartu zuen, baina hirigune historikoan kokatzen den partearentzat soilik, eta herri osoarentzako benetako euskal izentzat Errenteria nahiago izanik, udaletxeak ofizial bilakatu zuen 1998an.

Izena edozein dela ere, herriko semeori gaileteroak deitzen digute, 1866an Olibet gaileta fabrika ospetsua zabaldu baitzen bertan, 1970. hamarkadaren hasieran lantegi hau kokatzen zen lekuan izen bera jaso zuen auzoa eraiki zelarik. Bestelako gailetak ere banatu ziren aski soberan 1980. hamarkadan “ciudad sin ley” izenaz ezagutzen zen Oreretan, izan ere, manifestatzaile eta poliziaren artean ematen ziren borroketan oinarrizko konbinazioa baitziren pilotakadak, harrikadak, ke-potoak, gasolina usaina, eta iraulitako kotxeez osatutako barrikaden muinetatik sortzen ziren oihuak ETAri metraileta gehiago erabil zezan eskatuz. Esan eta egin. Bi hamarkada baino gutxiagoko epean, 1979tik 1998ra 17 hildako utzi baitzituzten ETAren garairik sutsuenak Oreretan burututako hamalau ekintzek. Ahantzi gabe 1974tik 1999ra estatuko segurtasun indarrek eta talde parapolizialek guztira sei etakide erail zituela Oreretan bertan.

Badugu ere euskal kulturan ospetsua izan den gaileterorik, Koldo Mitxelena kasu, zeinek euskara batuaren irizpideak finkatzeko ardura jaso zuen Euskaltzaindian. Orain ehun urte jaio zen Errenterian, 1915ean, eta 1987an, bere heriotzaren urtean izendatu zuen udalak herriko seme kuttun. Mitxelenak ondo ezagutu zuen espetxea. Guztira zazpi urte eta ia bi hilabete eman zituen gatibu, lehenik Espainiar Guda Zibilean Euzko Gudarosteko milizianoa zela Santoñan atxilotu zutenean, eta gerora 1946an, CNTko ezkutuko jardueratan aritu eta EAJko burukide izateagatik erori zenean preso. 1937an heriotza zigorra ezarri bazioten ere, gutxira kommutatu egin zioten 30 urteko kartzela-aldiagatik, eta zorionez 1943an zaindutako askatasuna eman zioten. Gailetak sortu, dastatu, banatu edota jasotzen batzuk, metrailetak astintzen besteak, tartean ere izan dugu beraz euskara ikasketak jorratu zituen gaileterorik. Hauxe dugu Errenteria, Errenderi edo Orereta, izena eta izana.

[ Gotzon Sanchez ]

Iruzkin 1
  • Politta!!
    gauza bakarra: herriko semeoi ordez, hobe seme-alabak!
    (Barkatu, apuntea)
    mila esker…testu ederra!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.