Aitor ETA bostok

Lekeitioko Euskal Zine Bilera 1978an hasi zen antolatzen Benito Ansola lekeitiarra eta honen ikasle ohi batzuen bitartez, Francoren diktadura amaitu ondoren gizartean eta Euskal Herriko politika eta kultura arloetan sortu ziren indarren eraginez. Ansola 87 urteko apaiza da, eta hogeita lau urtez Lekeitioko parrokoa izateaz gain (1977-2001), zinemazale amorratua ere bada. Humanitateak, Filosofia eta Teologia ikasita ere, zinegintza irakaslea izan da Markinako Lanbide Eskolan eta hango zine-kluba eta Euskadiko beste zenbait herritakoak ere zuzendu ditu, euskal zinema bete-betean bultzatuz. Dozena bat film labur ere zuzendu ditu 1979. urtetik 1997. urtera bitartean, eta 2005. urtean Amalur saria jaso zuen Donostiako Zinemaldian. 2010. urtean bere izena jarri zien Topaguneak (Euskara Elkarteen Federazioa) euskarazko zinemagintza sustatzeko sortu zituen bekei, Euskal Zine Bileran Benito Ansola Saria antolatuz. Ansola aktore estra moduan ere aritu zen 1983. urtean Imanol Uribe zuzendari gipuzkoarrak Mikelen Heriotza film luzea Lekeition filmatu zuenean, azken horren izenkidea den Arias aktoreak bizitza eman zion Mikel izeneko botikari abertzalearen heriotzaren inguruko istorioan hain zuzen ere.

Urte mordoa igaro da Benito Ansolak Zine Bilera sortu zuenetik aurtengo 38. ediziora iritsi arte, eta urtetan aurrera hamaika joan dira nik Bilerarekin aurreneko kontaktua eduki nuenetik 2004. urtean. Iñigo Kintana zuzendariaren 13 hilabete eskas film laburrak lehenengo saria jaso zuen amateur saileko argumentuzko arloan, eta ni neu izan nintzen istorio haren protagonista. Iñigo Kintana berak jaso zuen edizio hartan ere bigarren saria profesional saileko arlo berean Iñaki Beraetxerekin batera zuzendutako Ostertz lanarekin, zeinetan nahiz eta paper oso txiki batekin izan, eduki nuen hartan ere parte hartzeko aukera. Aktore lanetan aritu naiz azken hamaika urteetan nire hastapenak izan ziren haietatik, eta bidean hainbat ekoizpenetan aritu ostean, 2014. urtean Zarautzen Erosi Zuen film laburrean aritu nintzen Aitor Arregi zuzendariaren aginduetara. Zine Bileraren iazko edizio horretan Arregik zuzendaritza onenaren saria jaso zuen profesional mailan eta ‘Zarautzen Erosi Zuen’ filma bera ere saritua izan zen profesional mailako onena bezala. Ohorea niretzat beraz hamarkada baten bueltan berriz ere Lekeitioko Zine Bileran lehenengo saria jasotzen duen film batean aritu izana.

Aurtengo edizioan ere izango dut zer esanik, nahiz eta oraingo honetan pantailaren beste aldean izango den, beste lau lagunekin batera izango bainaiz epaimahaikide: Izaskun Álvarez eta Oihana Garro diseinu eta arte arloko UPV/EHUko irakasleak, Iban González Baleuko ekoiztetxeko errealizatzailea eta Aitor Merino aktorea. Merino iruindarraren ibilbide zinematografiko zabalean ikus ditzakegun izenburuen artean Haz de tu vida una obra de arte(Fernando Merinero, 2013), Sukalde kontuak (Aitzpea Goenaga, 2009), El calentito (Chus Gutiérrez, 2005), Horas de luz(Manolo Matji, 2004), Te doy mis ojos(Iciar Bollaín, 2003) eta abar luze bat daukagu 50 izenburu osatu arte. 2008ko Goya sarietan fikzioko film labur onenaren izendapena jaso zuen berak idatzi eta zuzendutako El pan nuestroekoizpenak, eta 2013ko irailean, berak idatzi eta zuzendutako dokumental bat aurkeztu zuen Donostiako Zinemaldian, Asier ETA biok, zeinetan Asier Aranguren etakidearen adiskidetasun harremanaren bidez ETAren eta euskal gatazkaren zergatiak azaltzen saiatu zen. Bere arreba Amaiarekin batera ekoiztutako dokumental horrekin edizio hartako Irizar saria jaso zuten.

Urrezko eta Zilarrezko Maskorrak dira Donostiako Zinemaldian sari nagusiak, eta zilarrezkoak ere Lekeitioko Zine Bileran Izaskun, Oihana, Iban, Aitor eta bostok banatuko ditugun Antzarrak. Sariak sari, ausartuko naiz esaten ‘Asier ETA biok’ lanarekin bestelako opari bat ere jaso zuela Merinok; espainiar ekoizpenetan kamera aurrean aritzeko isilpeko debekua. Ez da Aitor horrelakorik pairatu duen bakarra, horrelako esperientziaz nik ere baitakit zertxobait. Edozein kasutan ere, zorionez badugu gure artean Uriberen fikzio estilo errepikakorratik haratago euskal gatazkaren errealitate zatitxo bat gordinean aurkeztu duen euskal aktore ausartarik. Hiretzat urrea Aitor.

Gotzon Sanchez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.