Euskal gazteriaren ia bostenak boluntario-lanak egiten ditu

Pasa den abenduaren 5ean Boluntariotzaren Nazioarteko Eguna burutu zen. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, boluntario lanak burutzen dituzten euskal gazteen ehunekoa % 17,3koa da. Datu hau sakonago aztertzen bada, adibidez, lan horien intentsitateari begira, gazteriaren % 5,7 boluntario lanak astero egiten dituela ikus daiteke, % 4,9k hilean behin, % 4,1ek hilekoa baino maiztasun txikiagorekin eta %2,3k udan soilik.

Boluntario-lanak egin edo ez egiteko orduan bi aldagai nagusi azpimarratzen dira: alde batetik, gurasoek horrelako lanak burutu izatea eta, bestalde, elkarte bateko kide izatea. Horrela, boluntario-lanak burutu dituzten edo zituzten gurasoen seme-alaben % 25,7k burutzen ditu gaur egun boluntario-lanak. Boluntario-lanak burutu ez dituzten gurasoen seme-alaben kasuan, berriz, boluntario-lanak burutzen dituztena % 11,8 izango lirateke.

Bigarren aldagaiari dagokionez, elkarteren bateko kide diren gazteen % 24,1ek burutzen omen ditu boluntario-lanak; elkarteren bateko kide ez diren gazteen artean, aldiz, ehunekoa hiru aldiz txikiagoa da, % 8,1ekoa hain zuzen ere.
Gazteen Euskal Behatokiak emandako datu horien arabera, boluntario-lanak hedatuago daude nesken artean mutilen artean baino, % 20,1 eta % 14,5 hurrenez hurren.

Herrialdeei dagokionez, Araba (% 20) eta Gipuzkoa (% 19,1) dira boluntario-lanak burutzen dituzten gazte gehien dituztenak. Bizkaian, berriz, boluntario-lanak burutzen dituzten gazteen ehunekoa % 15,2koa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.