Euskal gazteria Euskadiren independentziaren alde dago

Gazteen Euskal Behatokiak Euskadiren estatus politikoaren inguruko galdeketa egin du Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean. Inkesta horretan, besteak beste, Euskadiren independentzia nahi duten ala ez galdetu zaie gazteei eta, independentzia ‘gogo handiz’ nahi dutenen (% 34,7) eta ‘nahikoa gogo’ dutenen artean (% 24,8) ia % 60ra iristen dira.

Adin tarteei dagokionez, 15 eta 19 urte bitarteko gazteak dira independentziaren alde gogo gehien azaltzen dutenak (% 62,8). Lurralde historikoei dagokionez, berriz, Gipuzkoa litzateke independentziaren alde dauden gazte gehien dituena (% 68,1). Bizkaian, independentziaren alde dauden gazteen ehunekoa 57koa da eta, Araban, aldiz, erdia baino gutxiago (% 49,4).

Inkestak gogo eta ustearen artean desdoitze nabarmena dagoela azaltzen du. Izan ere, independentziaren alde gazteriaren % 60a azaltzen bada ere, gazte guztien herenak bakarrik (% 33,4) uste du etorkizunean Euskadi independente izango dela.

INDEPENDENTZIA

Zenbat eta gazteagoa izan orduan eta gehiagok uste dute independentzia egi izan litekeela: % 30,8k 25-29 urtekoen artean, % 32,3k 20-24 urtekoen artean eta % 38,0k 20 urtetik beherakoen artean.

Independentzia errealitate bihurtzeari dagokionez, berriro agertzen dira aldeak gazteak bizi diren lurralde historikoen arabera eta berriro Gipuzkoan jaso da etorkizunean Euskadi independente izango dela uste dutenen kopuru handiena (% 42,7).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.