Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena

Euskarazko hedabide nagusienak biltzen dituen Hekimen Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak Euskal Hedabideen Behategia sustatzeko hitzarmena sinatu dute. Hitzarmena pasa den urtarrilaren 14an sinatu zen Bilbon eta bertan, besteak beste, Hekimeneko zuzendari Alberto Barandiaran, UPV/EHUko Fernando Plazaola, Deustuko Unibertsitateko errektore José María Gilbert eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa izan ziren.

Hitzarmen horren sinadurak babes instituzionala ematen dio jada 2012an Hekimenen eta hainbat ikerketa talderen artean hasitako bideari. Hitzarmenaren xede nagusia euskal hedabideen sektorea indartsuagoa eta eraginkorragoa egitea da. Horretarako, honako oinarriak landuko dira: ikerketa, berrikuntza eta prospektibaren garapena, euskal hedabideen datu basearen eraketa, irakasle eta profesionalen komunitatearen eraketa eta euskal hedabideei buruzko topagunearen eraketa.

Euskal Hedabideen Behategiaren sorreran garrantzi handia izan dute arlo horretan lanean ari diren unibertsitate esparruko ikerketa taldeak. Euskal Herriko Unibertsitatearen kasuan, hiru dira euskal hedabideen gaia lantzen ari diren taldeak: Nor (literaturaren berrikuspena eta euskal komunikazio espazioa), HGH-Hedabideak, Gizartea eta Hezkuntza (kalitate indizeak eta helburuak) eta HEKA- Europako Hizkuntza Gutxituen Hedabideak eta Kazetaritza (euskal hedabideen egituraren analisia). Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) HEZIKOM ikertaldeak euskarazko ikus-entzunezko eta kazeta produkzioa aztertzen du, haren kontsumoa eta gizarte proiekzioa, baita euskarazko hedabideen etorkizuneko erronkak ere. Azkenik, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutua, Mondragon Unibertsitateko eta UPV/EHUko zenbait irakaslerekin batera, proiektu bat ari da garatzen euskarazko komunikabideen kontsumoa modu kualitatiboan ikertzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.