Hainbeste. Hain gutxi

Artikulu hau irakurtzen jarraitu aurretik, kalkulu txiki bat egitea eskatu nahiko genizuke. Zure ustez, zenbat diru beharko zenuke egun bakar baterako? Kalkulua egiten hasi aurretik kontutan hartu etxebizitza, elikadura, jantziak, garraioa eta horrelakoak aintzat hartu beharko dituzula. 15€, 20€, 30€? Gehiago? Bada, munduan badira 1,25 dolar baino gutxiagorekin bizi diren mila milioi pertsona baino gehiago.

Muturreko desparekotasuna maila jasanezinetara iristen ari da. Oxfam GKE-ak ezagutzera eman duen ‘%1aren zerbitzura den ekonomia’ txostenak salatzen duenez, Credit Suissek egindako estimazio baten arabera, munduko biztanleriaren %1 aberatsenak biztanleriaren beste %99ak baino aberastasun gehiago pilatzen du. Pertsona aberats eta pobreen arteko arraila, gainera, gero eta handiagoa da eta, ondorioz, Oxfamek salatzen duen bezala, ezinezkoa da pobreziaren aurkako borroka eraginkorrik garatu. Egoera horretan, hazkundea eta kohesio soziala ahuldu egiten dira.

Izan ere, mundu mailan ematen den hazkunde ekonomikoa pertsona aberatsenen mesederako da. Azken hogei urteetan pobrezian bizi diren pertsonen kopurua nabarmen murriztu bada ere, aberastasunaren banaketa zuzenago batek pobreziarekin amaitzeko aukera emango zukeela azpimarratzen dute Oxfameko kideek. Txostenean azaltzen denez, zerga-paradisuetan ezkutaturik dagoen aberastasuna 7,6 bilioi dolar ingurukoa da, hots, Alemania eta Erresuma Batuko Barne Produktu Gordinaren adina aberastasun. Oxfamek emandako datuekin jarraituz, pertsona aberatsenen aberastasuna 4 puntutan hazi da eta, modu horretan, 2009ko %44tik 2014ko %48ra pasa da. Aberastasunaren beste %52 horretatik, %46a biztanleriaren %20aren esku dago eta beraz, populazioaren %80ak aberastasunaren %6a besterik ez du bere esku. Sistema honetan nagusitzen den zerga-ihesak, adibidez, herrialde industrializatuetan ongizatearen estatua bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak eskuratzeaz gain, herrialde pobreenetan pobreziaren kontra borrokatzeko, haurren hezkuntza bermatzeko edota modu nahikoa errazean senda daitezkeen gaixotasunen ondorioz ematen diren milioika pertsonen heriotzak ekiditeko beharrezkoa den dirua ere bereganatzen du. Afrikaren kasuan, adibidez, urtero, zerga-ihesak direla eta, 14 000 milioi dolar galtzen direla estimatzen da. Kopuru horrekin, lau milioi haurren bizitza salbatu edo Afrikako haur guztien hezkuntza bermatzeko beharrezkoak diren irakasleak kontratatzeko aukera izango litzateke.

Baina nola iritsi gara egoera horretara? Herrialde industrializatu gehienetan eta garapen bidean diren askotan, langileek errenta nazionalari egiten dioten ekarpena murriztu egin da. Beraz, langileek ez dute hazkunde ekonomikoari etekina ateratzen. Kontrako aldean, interes, dibidendu edo erreserben ordainketari esker, kapitalaren jabeek hori biderkatu egin dela ikusi dute, kasu gehienetan ekonomia bera baino erritmo azkarragoan. Zerga-ihesak eta zerga-pizgarriek ere berea lagundu dute. Izugarri aberats den Warren Buffet-ek (66,7 bilioi dolarreko patrimonioa) azaldu zuen bezala, batez beste, berarentzat lan egiten duten langile guztiek baino zerga gutxiago ordaintzen du. Lan esparruan ere langile eta zuzendari karguak dituztenen arteko arraila zabaldu egin da. Langileen soldatak berean mantendu diren bitartean, exekutiboena biderkatu egin da. Espainiaren kasua, adibidez, esanguratsua da oso. ELGA/OCDE osatzen duten 34 herrialde industrializatuetatik Espainia desparekotasuna gehien hazi den herrialdeen sailkapenaren bigarren postuan azaltzen da, soilik Zipreren atzetik. Hain egoera larrian den Grezian, adibidez, desparekotasuna hamalau aldiz gutxiago hazi da. 2014. urtean, Espainiako biztanleriaren %29,2a (13,5 milioi pertsona inguru) pobrezia eta/edo gizarte-bazterketa arriskuan aurkitzen zen. Espainiako 20 pertsona aberatsenek estatuko biztanleriaren %30ak duen adina aberastasun pilatzen dute, 115 100 milioi euro inguru, hain zuzen ere.

Desparekotasun ekonomiko honek, gainera, eragin zuzena du emakumeen bizitza baldintzetan. Izan ere, gaizki ordainduta dauden langile gehienak emakumezkoak dira eta, sarritan, lan prekarioenak ere burutu behar izaten dituzte. Emakume asko apenas bizi daitezke jasotzen duten huskeriarekin.