Joseba Pérez de Heredia: “Gure lehentasuna ekimenak aurrera ateratzeko aukerak ematea da”

Euskalgintzari dagokionez, azken hilabeteetan oso ekimen interesgarriak sortu dira Araban. Zer dela eta bat-bateko dinamika hori?
Azken hilabeteetako kontua baino nik azkenengo bi urtetara joko nuke atzera. Egia da Arabak orain arte izan ez duen protagonismoa hartu duela eta, pentsatu nahi dut, bertako erakundeok zerikusia izan dugula horretan. Azken bederatzi edo hamar hilabeteetan euskalgintzaren inguruan espiritu berri bat sortu da eta erakundeek haize berri horiek jaso dituzte eta aukera gehiago sortzeko konpromiso bat garatu da. Honen guztiaren atzean bada urteetako lan bat, apika, orain eztanda egin duena. Erakunde zein bestelako erakundeetara jada euskaldunak diren belaunaldiak iritsi dira. Horrek bestelako politikak garatzeko aukera ematen du. Euskara modu naturalagoan bizi dugu eta erabilera normalizatuagoa da.

Zeintzuk lirateke Aldundiak dituen lehentasunak euskararen sustapenean?
Euskara Foru Zerbitzuak 2014-2017 Plan Estrategikoa bideratu zuen. Plan horren osaketan eragile desberdinek hartu zuten parte: euskalgintzako jendea, administrazioa, alderdi politikoak… Hori da Aldundiak euskara sustatzeko duen lanabes garrantzitsuena. Hau euskararen inguruan egin den bigarren plan estrategikoa da, lehena 2010-2013 epeari baitzegokion. Bigarren plan hori datorren urtean amaituko denez, jada hirugarren plan estrategikorako lerro nagusiak lantzen hasi behar dugu. Indarrean den plan estrategikoak zazpi lan ildo edo ardatz nagusi ditu: gazteria, aisia eta kirola; euskalduntzea; familia transmisioa eta irakaskuntza; kulturgintza; arlo sozioekonomikoa; komunikabideak eta IKTak; eta, administrazioa.
Pasa den urtean plangintza horren balorazioa egin zen eta datorren asteetan lortutako emaitzak ezagutzera emango ditugu.
Horretaz gain, Euskararen Foru Zerbitzuak baditu bestelako zenbait ekimen: erakunde desberdinekin ditugun hitzarmenak (Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza…)

Zertan datza ‘Araban Euskara Lanean’ ekimena?
Urte honetarako hiru lerro planteatu dira. Lehenengoa enpresetako datuak bildu (zenbat enpresek duten euskara plana, praktikak euskaraz emateko aukerak…) eta horiekin mapa bat osatzea da. Bigarrena komunikazioarekin lotuta dago eta euskararekiko konpromisoa azaltzen duten enpresei zer nolako aintzatespena egin ahal zaien aztertu nahi da. Une honetan, bada horretarako Lazarraga Sariak delakoa, baina bi urtetan behin egin beharrean, bestelako aintzatespena ere egin nahi da, maiztasun gehiagoz. Azkenik, enpresen euskalduntze prozesuan euskalgintzan aritzen diren erakundeek zein nolako laguntza eskaini dezaketen aztertu nahi da.

Zein nolako harremana duzue euskararen alde lan egiten duten bestelako gizarte eragileekin?
Gure ardura nagusia euskararen sustapena da. Ildo horretan, gure lehentasuna ekimenak aurrera ateratzeko aukerak ematea da. Aukera horiek, sarritan, diru-laguntza moduan gauzatzen dira, baina baita beste modu batzuetan ere bai. Diru-laguntzei dagokionez, bada euskararen erabilera sustatzeko laguntza lerro bat elkarteentzat eta beste lerro bat euskaren sentsibilizazio programak garatzeko udal eta koadrillei bideratua. Azken horiei esker koadrilletan euskara teknikariak izatea bermatzen dugu.
Esan bezala, ekimen bat aurrera ateratzeko oztopoak daudenean gure xedea horiek gainditzeko bideak ematea da. Kontuan hartu behar da, zenbait kasutan oztopoak baino ekimenak gauzatzeko aukerarik ere ez dagoela.

Komentatu duzun plangintzaren ildo nagusienetako bat gazteria dela adierazi duzu. Zer egin daiteke gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko?
Gakoa gazteei euskara erabiltzeko guneak eskaintzea da. Guk, bereziki aisia eta kirol esparruak identifikatu ditugu, hezkuntza bezalako eremu formaletan jada euskararen presentzia oso garrantzitsua delako. Nerabetasunean bada une kritiko bat non gazteek zein hizkuntza erabili nahi duten erabakitzen duten. Ingurune euskaldun batean bizi diren haurrak euskaraz aritzen dira baina 12 urtetik aurrera edo, norberaren esku geratzen da aukera. Erakunde publikoen ardura bi hizkuntzetan aritzeko aukera bermatzea da eta, zoritxarrez, euskararen kasuan, aukera hori ez da bermatu.

Azkenik, nola gauzatu euskararen aldeko politika homogeneoak hain banaketa berezia duen Araba bezalako herrialde batean?
Arabak oso antolaketa administratibo berezia du, makrozefalikotzat jo daitekeena Gasteizek biztanleriaren ehunekorik handiena biltzen duelako. Baina herrialdea horrelakoa da eta hori ezin da aldatu. Hori jakinda, Araba osorako politikak garatu behar ditugu. Nola? Guretzat gakoa lankidetzan datza. Lankidetza erakunde publiko desberdinekin (udalak, koadrillak…) eta baita euskalgintzan aritzen diren bestelako elkarteekin. Gaur egun, teknologia berriekin eta erakunde desberdinek azaldu dugun konpromisoarekin ez dugu aitzakiarik.

ARABAKO EUSKARA FORU ZERBITZUAREN 2014-17 PLAN ESTRATEGIKOAREN ILDO NAGUSIAK
Gazteria: Euskarak aurrera egingo badu gazteriak egingo duen lanari esker izango da hein handi batean. Hezkuntzan ez ezik, aisian eta eguneroko harremanetan ere erabilera sustatu behar da. Horretarako, badira zenbait ekimen eta guk ere, zenbait arnasgune garatu nahi izan ditugu. Horietako bat, adibidez ‘Birika’ delakoa da. Horren bidez, ahalik eta esparru
gehienetan euskaraz aritzeko gune interesgarriak sortu nahi dira: aisian, kirolean, kulturan…
Euskalduntzea: Ibilbide luzea duen ardatza da, emaitza onak eman dituena. Guk bi lerro berri zabaldu ditugu: euskaltegientzako
diru-laguntzak herri desberdinetan gelak zabaltzeko eta euskara ikasteko bekak.
Familia eta Transmisioa: Programa eta kanpaina desberdinak garatu izan ditugu. Bat aipatzekotan, adibidez, jaioberrien gurasoei zuzendutako ‘Ku-Ku’ eta ‘Emaiozu bizia’ materialak aipatuko nituzke.
Kulturgintza: Udal eta Koadrillekin batera euskaraz kultura sustatzeko ekimenak laguntzen ditugu: kanpainak, materialak,
diru-laguntzak…
Arlo sozioekonomikoa: Arlo honetan oso ekimen garrantzitsua garatu da: ‘Araban Euskara Lanean’. Hau enpresa, enpresarien sindikatu, Lanbide Heziketako ordezkaria eta gu geu osatzen dugun lantalde batek garatutako ekimena da.
Hedabideak: Euskarazko hedabideentzako diru-laguntza lerro berri bat zabaldu da babes ekonomikoa bermatzeko.
• Administrazioa: Arabako euskara zerbitzuekin sare bat osatu da Udal zein Koadrilletako euskara teknikarien ekarpenak jasotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.